Patronalak laugarrenez entzugor egin dio gutxieneko soldata negoziatzeko sindikatuen eskaerari

  • ELAk eta LABek Lan Harremanen Kontseiluan deituriko bilerara ez da azaldu Confebask enpresarien elkartea. Sindikatuek "probokaziotzat" jo dute greba orokorra egin berritan patronalak hartu duen jarrera eta mobilizazio gehiago iragarri dituzte, "interlokuzio fasea" akordiorik gabe amaituz gero: "Gutxieneko soldataren aldarria geratzeko etorri da".

M17ko greba orokorreko manifestazio nagusia Bilbon. Pello Maudo Herrero / ARGIA (CC BY-SA)

2026ko martxoaren 24an - 11:58
Azken eguneraketa: 2026-03-25 09:38
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Confebask EAEko enpresarien elkarteak uko egin dio Lan Harremanen Kontseiluan gutxieneko soldata negoziatzeko ELAk eta LABek astearte honetan deituriko bilerara joateari. Elkarte horrek ohar bidez azaldu du gutxieneko soldata negoziatzea "legez kanpokoa" litzatekeela, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenetik egindako bere intepretazioaren arabera.

Confebaskek ohar bidez azaldu du gutxieneko soldata negoziatzea "legez kanpokoa" litzatekeela

Patronalaren jarrera "probokaziotzat" hartu dute sindikatuek. Gogorarazi dute martxoaren 17an "milaka langilek gutxieneko soldata propio bat eta berau 1.500 eurotan kokatzeko eskaera" egin zutela, eta Confebaskek langileei ez ezik, Eusko Legebiltzarrari eta Eusko Jaurlaritzari ere "entzungor" egin diela, erakunde horiek "gutxieneko soldata negoziatzera" deitu zituztelako eragile guztiak, greba aurretik.

Ekidistantziak utzi

Greba ondoren, Jaurlaritzak "elkarrizketan ahal beste" saiatzeko eskatu die beste behin, "bereizten dituzten alde legitimoetatik" abiatuta. Mikel Torres Ekonomia sailbuaren aburuz "akatsa" litzateke elkarrizketaren bidea hartu beharrean gaia "judizializatzea". 

Aitzitik, sindikatuek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote "ekidistantziak" utzi eta Confebaski aurre egiteko: "Langileen muturreko pobreziaren gainean eraiki duen XIX. mendeko bere negozio eredua bertan behera utzi dezan".

"Munduan zehar patronalak gutxieneko soldata negoziatzeari uko egiten dionean instituzioek lege-ekimenekin erantzuten dute"

(ELA eta LAB)

Euren ustez Confebasken ezezkoak "zuzenean interpelatzen" ditu Jaurlaritza sostengatzen duten EAJ eta PSE-EE alderdiak: "Munduan zehar patronalak gutxieneko soldata negoziatzeari uko egiten dionean instituzioek lege-ekimenekin erantzuten dute", esan dute. Hala, nabarmendu dute langileek horixe eskatu dietela: "Legezko eskumena aldarrikatzeko momentua iritsi zaie".

Martxoaren 17ko greba orokorrean sindikatu deitzaileek iragarri zuten Espainiako Kongresura eramango dutela auzia, Espainiako Gobernuaren inbestidura ahalbidetu zuten alderdien bidez eztabaidatu dadin Madrilen. Nolanahi ere, "interlokuzio fase" berria ezerezean amaituz gero, ohartarazi dute prest direla "mobilizazioekin berriro hasteko".

Nafarroako CEN ere ez da bilduko

Asteazken honetan zuten hitzordua jarrita CEN Nafarroako enpresarien elkartearekin ELAk eta LABek, baina honek jakinarazi du ez dela bilduko, Confebaskek emandako argudio berak helarazi ditu horretarako: gutxieneko soldata adosteko eskumenik ez duela.

CCOO eta UGT sindikatuak ere ez dira bilera horretan izango, uko egin baitiote. Hala ere, esan dute CENekin bilera sorta bat hasiko dutela soldata baxuenak dituzten hitzarmen kolektiboak 1.500 eurora igotzea eskatzeko.


Langile borroka kanalean gehiago
2026ko martxoaren 18
Betikoak

2026ko martxoaren 18
Goizean argi
Olatu urdina

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.