Datorren ikasturterako Frantziako Hezkuntza ministerioak Seaskari emanen dion irakasle postu kopurua aurtengoaren hein berean mantenduko dela deitoratu du Seaskak. Azken hogei urteetan ikusi gabeko egoera kaxkarrenean daudela ohartarazi du Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak.
Haserretik eta arranguratik mintzatu da Seaska federazioa: "Frantziar Gobernuak Seaskaren garapena gelditzea erabaki du. Euskarak Ipar Euskal Herrian garatzeko duen tresnarik eraginkorrena oztopatzea erabaki du. Bada 20 urte ez ginela halako egoera batean aitzinean". Ikasle kopurua gora doala, irakasle postu gehiago eskatuak zituen ikastolen federazioak, baina Frantziako Hezkuntza ministeriotik ez dute postu berririk jasoko. Baldintza horietan euskarazko kalitatezko hezkuntza bideratzea "ezinezko" zaiela salatu du Seaskak.
Besteak beste, datorren urtean bigarren mailan ikasle kopuruak gora eginen du gutxienez 60 ikasle gehiagorekin. Gutxienez hiru dibisio gehigarri eskatuta zituzten Kanboko (Lapurdi) Xalbador eta Baionako Estitxu Robles kolegioetarako eta Etxepare lizeorako. Lanbide heziketan ere sail bat gehiago irekitzeko beharra dute, baina postu berririk gabe egoera korapilatuta dauka Seaskak.
"Azterketetan gibel egin ondoren, orain postuekin ito nahi gaituzte?", galdera luzatu du Seaskak. Hain justu, azterketak euskaraz pasatzeko aukera ukatu die berriz ere Hezkuntza ministerioak. Horren harira, astearte honetan jakitera eman dute Seaskako Bernat Etxepare lizeoko ikasleek desobeditu eta euskaraz erantzunen dutela baxoko matematikako azterketari.
Haserre hori entzunaraziko dute igande honetan Senpereko (Lapurdi) aintziratik, hain justu ere Herri Urrats ospatuko dutelako. Baxo azterketa osorik euskaraz egiteko debekuaren aitzinean "nork bere hizkuntzaz egiteko eskubide unibertsala" aldarrikatuko dute beste behin ere.