argia.eus
INPRIMATU
Pape Niangek bere esperientzia kontatuko du Errenteriako Atlantikaldian
  • Inor Ez Da Ilegala proiektuaren barruan, Pape Niang. Hasiera berri bat liburua argitaratu du aurten ARGIAk. Historiaren protagonista bera eta Mikel Garcia Idiakez liburuaren egilea Errenteriako Atlantikaldia jaialdian izango dira datorren igandean (irailak 22), goizeko 11etan, gerturatzen direnekin migrazioaz, xenofobiaz, legeaz, aniztasunaz, ekonomia sozialaz… solastatzeko prest.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 18a
Pape Niang eta Mikel Garcia. Argazkilaria: Dani Blanco

ARGIAk eta Bilboko senegaldarren Mbolo elkarteak “Inor ez da ilegala” proiektua martxan jarri genuen iaz, eta elkarlan horren azken fruitua da liburu hau. Oraingoan ere, “Inor ez da ilegala” aldarrikapen proiektua indartzen jarraitzea da asmoa.

Pape Niangen bizipenak eta gogoetak ekarri ditu liburura Mikel Garcia Idiakez ARGIAko kazetariak. “Duela hamaika urte Senegaldik atera nintzenean, ez nuen uste beltza izate hutsa kondena izango zenik nire herrialdeko muga gurutzatu bezain pronto, hainbeste umiliazio jasan beharko nituenik. Ez nuen imajinatu Afrikan jaiotzeak Europan ilegal bihurtuko ninduenik. Baina Europak altxaturiko harresien gainetik migratzailez osatutako eta migratzaileok gidaturiko kooperatiban lanean hastea ere ez nuen espero. Pape Niang dut izena eta Ndar hirian hasten da nire historia”, dio sinopsiak.

Liburua ARGIAren Azokan erosi dezakezu.

Marea biziak

Irailaren 19tik 22ra egingo da aurtengo Atlantikaldia, Marea Biziak lelopean. Hirian barna egongo diren zortzi gunetan banatuta, sorkuntza izango da ardatza eta dantza, arte plastikoak, musika, zinema edo gastronomia ez dira faltako. Atlantikaldiaren webgunean ikus daiteke egitarau osoa. Pape Niang, hasiera berri bat liburuaren aurkezpenari dagokionez, Errenteriako Zumardian, Herrixka gunean izango da hitzordua.