Ahots ugarik aspalditik eskatzen zutena iragarri dute Eusko Jaurlaritzatik, PISAren emaitzek akuilatuta: hezkuntzaren digitalizazioaz gogoetatzeko prozesua. Orain arte Jaurlaritzak bultzaturiko estrategia digitalaz eta espero daitekeenaz galdetu dio ARGIAk Telmo Lazkano adituari.
Hezkuntzan, pantailen inguruan “hausnarketa integrala” martxan jarriko dutela adierazi du Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak Euskadi Irratian, ikastetxeez gain familiak eta gizartea inplikatuko dituena. “Eskolak bere ebidentzia propioak behar ditu eta jarraibide argiak helarazi behar ditu ikastetxeetan, gailuak zertarako erabiltzen diren, etxera eramatea beharrezkoa al den, nola lantzen dugun gelan eta gelatik kanpo”, azaldu du. Beharra Hezkuntza Sailak edo Lehendakaritzak ikusi duen ez dago garbi, egun batzuk lehenago irmo iragarri baitzuen Imanol Pradales lehendakariak: “Konpromisoa hartzen dugu hezkuntzako estrategia digitala eta pantailen erabilera sakon berraztertu eta egokitzeko, PISAren txostena aintzat hartuta”. Hori bai, “sare sozial guztiak debekatu eta ikasgeletatik pantailak kendu ditzakegu, baina oso garbi dut: ez dugu arazoa konponduko, familien eta gizarte osoaren konpromisoa ez badugu”, gehitu zuen. Horregatik, pantailen erabilera arduratsuaren inguruko akordio soziala sustatuko du Jaurlaritzak, “guraso guztiek konpromisoa har dezagun adituen pautak jarraitzeko”.
Digitalizazio prozesua berraztertzeko gogoeta “oso berandu” dator, Telmo Lazkano Altxa Buruako kidearen hitzetan. Hain justu, Altxa Burua da berrazterketa hori eskatzen denbora daraman mugimenduetako bat, baina ez bakarra. Eta kanpo ebaluazioek ere, azken PISAk EAEn inoizko emaitzarik txarrenak utzi dituen arren, urteak daramatzate joera negatiboaz ohartarazten: zehazki duela hamabost urte hasi zen gainbehera, Isabel Celaá orduko Hezkuntza sailburuak martxan jarri zuen Eskola 2.0 programaren ostean. “Jakina, emaitza txarrek faktore ugariri erantzuten diote, baina teknologia digitalak hezkuntza prozesuan duen eragin kaltegarrien ebidentziak aspalditik ari gara jasotzen: eskolan zenbat eta denbora gehiago eman pantailen aurrean, orduan eta emaitza kaskarragoak ondorioztatu dituzte ikerketek”.
"Nola eska daitezke ebidentziak hamabost urte eta gero, ikasgelak pantailez betetzeko milioiak gastatu eta gero? Bada garaia praxisa aldatzeko: gutxiago esperimentatu eta ebidentzietan gehiago oinarritu"
Halere, digitalizazio sutsuaren aldeko apustua egin du orain arte Eusko Jaurlaritzak. Espainiako Estatuan eskolan pantaila gehien erabiltzen duten ikasleak EAEkoak dira: hiru ordu baino gehiago egunean. Europa mailan ere, ikasgelan teknologia digitalarekin denbora gehien igarotzen duten ikasleak EAEkoak dira.
Begoña Pedrosak ebidentzietan oinarrituriko hausnarketa iragarri duela-eta, kritiko mintzatu da Lazkano: “Nola eska daitezke ebidentziak hamabost urte eta gero, ikasgelak pantailez betetzeko milioiak gastatu eta gero? Zer egin da orain arte? Galdera ez da ea pantailak ikasgeletatik atera behar ditugun, baizik eta zergatik eta nola sartu zituzten, baina hezkuntzan muturreraino sartu zaigu berrikuntzaren diskurtsoa, eta bada garaia praxisa aldatzeko: gutxiago esperimentatu eta ebidentzietan gehiago oinarritu”. Horren adibide “deigarri eta arriskutsu” bat nabarmendu digu adituak: “Hezkuntza Sailak sartu ditu pantailak Haur Hezkuntzan, Osakidetzak esaten digun bitartean 0-3 adin tartean zero pantaila jarri behar zaiela haurrei”. Are gehiago, Euskadi Irratian egindako elkarrizketan Pedrosak berak dio 0-3 urte artean eskolan pantailarik ez erabiltzea arautu beharko litzatekeela eta 3-6 artean, murriztu egin beharko litzatekeela gaur egungo erabilera.
"Hezkuntza Sailak sartu ditu pantailak Haur Hezkuntzan, Osakidetzak esaten digun bitartean 0-3 adin tartean zero pantaila jarri behar zaiela haurrei"
400 milioitik gora pantailetan
Errealitatea da eskoletako digitalizazioa indartsu sustatu duela Hezkuntza Sailak, urteotan guztiotan. 2010ean abiatu zuten Eskola 2.0 programa, ordenagailuak eta arbel elektronikoak ezartzeko 10 milioi euro inbertituta. Pandemiaren testuinguruan, 2022-2024 artean 202,6 milioi euro bideratu ziren euskal hezkuntza sistemaren eraldaketa digitalera. Eta oraintsu, Begoña Pedrosaren agintepean, Adimen Digitala estrategia abiatu da, 2029 urtera arte 271,6 milioi euroko gastua aurreikusiz, ikasgelak gailu elektronikoz hornitzeko.
Lazkanoren ustez, euskal hezkuntza sistemaren estrategia digitalaren atzean arrazoi ekonomikoak eta politikoak daude. “Argazki interesgarriagoa da Ipad-arekin ateratako argazkia, sei urteko ikerketa batekin baino, nahiz eta nioen moduan esperimentu gutxiago eta ebidentzia gehiago behar ditugun”.
“Badator aldaketa”
Iragarritako prozesu eta gogoetek ekarriko al dute benetako aldaketa? Aldaketa badatorrela sinetsita dago Lazkano. “Ez dakit Hezkuntza Sailetik zein zorroztasun mailarekin egingo duten, baina jada ikusten ari naiz, duela urte batzuetatik eta eskola askotan, teknologiaren erabilera murrizteko hautua egin dutela eta egiten ari direla”. Idealena, halere, ausardia politikoa izatea litzateke, dio, gauzak ez direla ongi egin onartzea eta aldaketa orokorra bideratzea, “urrats bakoitza ebidentzietan oinarrituta”. Autokritika hori hasieratik eskas ikusi du adituak, Pedrosak elkarrizketan nabarmendu duen esaldi bati tiraka: sailburuak azpimarratu du pantailen ingurukoa izango dela hausnarketa, ez mugikorren inguruan, zeren “mugikorren gaia kontrolatuta daukagu”. Lazkano ez da iritzi berekoa eta aipatu du ikerketek diotela zenbat eta arau zorrotzagoak ezarri eskolan mugikorraren gainean, hobeak direla emaitzak, baina EAEn Hezkuntza Sailak ez duela arau bateraturik jarri ikastetxeetan mugikorrak debekatzeko, beste erkidego batzuetan egin duten gisan, eta ikastetxe bakoitzaren gain utzi duela erabakia.
"Ez dakit Hezkuntza Sailetik zein zorroztasun mailarekin egingo duten, baina jada ikusten ari naiz, duela urte batzuetatik eta eskola askotan, teknologiaren erabilera murrizteko hautua egiten ari direla"
Kontuak kontu, ikastetxe asko dira mugitzen hasiak direnak eta bide horretan, hamabi ikastetxetan proba pilotu interesgarria abiatuko dute ikasturte honetan: Altxa Burua taldeak duela bi urte Reset txosten zientifikoa argitaratu zuen, hainbat ikuspegitatik euskal hezkuntza sistemaren digitalizazioa aztertzen duena, eta txostenetik eratorritako ondorio eta neurriak hartzen dituen Doitu programa da hamabi eskola horietan abiatuko dutena. Urriaren 3an emango du horren berri Altxa Buruak.