Pantailen erabilera atzeratu eta murriztea erabaki dute ikastolek

  • Lehen Hezkuntzako 3. mailara arte ikastolek ez dute gailu digitalik erabiliko, hortik aurrera teknologia digitala noiz eta nola erabili zehaztua izango dute eta DBHn gailu digitalen erabilera etiko, arduratsu eta jasangarria sustatuko dute. Ikastolen Elkarteak aurkeztu duen Estrategia Digital berriaren gakoak dira.

Arizmendi ikastola, artxiboko argazki batean. Dani Blanco | ARGIA CC BY SA

2026ko urriaren 26a - 10:37
Azken eguneraketa: 16:01
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Ikastolak aitzindari izan ziren ikasgeletan baliabide digitalak sartzen, baina orain, teknologiarekin etengabe bizi den gizarte hiperdigitalizatuak hezkuntzaren eta eremu digitalaren arteko harremana birpentsatzera eraman dituela azaldu du Euskal Herriko Ikastolen hezkuntza zuzendari Zigor Ibarzabalek. Emaitza, Estrategia Digital berria, bi urteko lanketatik eta hainbat ikerketa aintzat hartzen dituen ebidentzietatik eratorria.

Etapaz etapa, hiru urrats nagusi ditu estrategiak.

Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako lehen bi mailetan (0-8 urte), ohiko jardunean ez dituzte gailuak erabiliko, eta ezohiko erabilera beharrezkoa denean –“irakasle taldeak horrela ebatzi duelako”–, baliabide digitala irakasleak erabiliko du, ez ikasleek. Konpetentzia digitalaren eta pentsaera konputazionalaren lehen oinarriak analogikoki landuko dituzte, “jolasaren, esperimentazioaren eta irakaslearen gidaritzaren bidez”.

Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetan (8-10 urte), konpetentzia digitalaren lanketa espezifikoa hasiko dute, online, eta Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetan (10-12 urte) sistematizatu egingo dute lanketa hori: alfabetatze eta ahalduntze digitalari lotuta, ikaste esperientzia espezifiko bat diseinatuko da eta beste ikaste esperientzia batzuetan ezinbestekoa ikusten den erabilera baino ez dute egingo. Adibidea jarri dute: eguzki-sistema lantzen ari direlarik, lanketa analogikoa egingo da, baina aldi berean, online simulazio bat egin daiteke.

DBHn (12-16 urte), gailu digitalen erabilera etiko, arduratsu eta jasangarria egiten trebatuko dituzte ikasleak. Izan ere, adin honetan gailuen erabilera autonomoa hasi ohi dutela eta garapen sozioemozionala tarteko etapa konplexua dela aintzat hartuta, “ezinbestean digitalizazioaren aukera eta arriskuen kontzientzia hartu behar dute” ikasleek. Alfabetatze eta ahalduntze digitalean sakondu nahi dute, eta horretarako, ikaste esperientzia espezifiko bat ari dira garatzen, datorren ikasturtean bertan martxan jartzeko asmoz.

Ikastetxetik kanpo ere ikasleen segurtasun eta eskubideak errespetatzeko bermeak ezartzen ez badira, gailu digitalak ezingo dira ikastolatik atera

Etapa guztietan, gailuak erabiltzeko “ingurune seguru bat” bermatu nahi dute ikastoletan, eta ikastetxetik kanpo ikasleen segurtasun eta eskubideak errespetatzeko bermeak ezartzen ez badira, gailu digitalak ezingo dira ikastolatik atera.

Burujabetza teknologikoa helburu

Burujabetza teknologikorako bide-orria ere aurkeztu dute ikastolek, “ez baita berdina edozein plataforma erabiltzea edo komunitatearen balioekin koherentea dena aukeratzea”. Autonomia, software librearen eta kode irekiaren aldeko apustua, datuen babesa, ekologia digitala, tokiko hornitzaileei eta kooperatibei lehentasuna ematea… dira bide-orriaren pauta nagusietako batzuk.

Azkenik, ikastetxearen eta familien arteko koherentzia ezinbestekoa dela azpimarratu dute. Besteak beste, familientzako lan-saioak eta dinamikak aurreikusi dituzte. Irakasleentzako prestakuntza planak ere abiatuko dituzte.

PISA shock

PISAren azken edizioko emaitzek teknologia digitalaren erabileran jarri dute fokua eta denon ahotan da gaia. Giro horrek akuilatuta, ahots ugarik aspalditik eskatzen zutena iragarri dute Eusko Jaurlaritzatik: hezkuntzaren digitalizazioaz gogoetatzeko prozesua. Zehazki, pantailen inguruan “hausnarketa integrala” martxan jarriko dutela adierazi zuen Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak, ARGIAn kontatu genuenez.

Jaurlaritza, baina, berandu dator, eskola eta klaustro ugaritan aurre hartu baitiote. Gero eta ikastetxe gehiago dira korronte teknopatari buelta eman diotenak eta digitalizazioaren lilura-garaia gaindituta teknologiaren erabilera murrizteko gogoeta eta apustua egin dutenak.

Ikastolen Estrategia Digital berriaren aurkezpena. Ikastolen Elkartea

Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Hezkuntza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.