Pantailara itsasteko bazka

  • Astean behin, Goizean argi buletinak ikus-entzunezkoen proposamen, kritika eta artikulu laburrak ekartzen ditu. Astero, hiru. Horien bilduma da orrialde hau, argitaratutako hurrenkeran ekarrita. Ez bazaude buletinean izena emanda, eta goizero zure postontzian jaso nahi baduzu, debalde, eman izena hemen.

Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.

2026ko irailaren 7an - 07:00
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

2026ko irailaren 7a.

La grande Ambizione. Italiako Alderdi Komunistako buruzagi Enrico Berlinguerren istorioa kontatzen du dokumental itxurako film honek. 1973 eta 1978 urteen artekoa soilik. Alderdiaren buruzagitzan, behetik gorako sekulako bidea egin zuen alderdiak, langile mugimenduak, status-quoari aurre egiteko. Pelikulan ikusten da Italiako Alderdi Komunista nola izango zen Sobietar Batasunari ofizialki bizkarra emango zion lehen alderdia. Landua eta duina iruditu zait pelikula. Hegoaldean Filminen dago, eta Apple TVn Iparraldean.

Two Weeks in August. 40 urte bueltako bikote kuadrilla britainiar bat, lagunak dira denak; Greziara joango dira oporretan, baina oreka apurtzen joango da, eta dena ez da hain ederra izango. Trama ona da berez, baina ez du ondo erresolbitzen. Eta The White Lotus-en itzal handia jaso duela iruditzen zait; ustez bere onerako, horrekin konparatu dutelako hedabideetan, eta ziurrenik horregatik ikusi dudalako neuk ere. Zortzi kapitulu ditu, eta lehen biek harrapatu naute. Baina Greziako sinesmenak-eta era beldurgarrian azaltzen hasten dira kapituluak aurrera joan ahala, eta nagia eman dit kontuak. Movistarren dago Hegoaldean, eta Iparraldean ez dago. Bestela, BBCn debalde ikus daiteke. 

Le Città di pianura. Uda honetan zinean egon den filmik onenetarikoa. Arraroenetakoa ere bai seguruenik. Italia iparraldean, Veneziatik gora, landa-eremu abandonatuan, egunean egunekoarekin irribarrez bizitzeko hautua egina duten bi gizon dira Carlobianchi eta Doriano. Alkoholean betiko legez itota, Giulio gaztea ezagutuko dute; arkitektura ikasle isila, lotsatia, zuzena... munduan non eta nola egon argi ez duena. Hara eta hona ibiliko dira. Errebelazio txikiak dituen pelikula da, arkitekturari keinu zoragarriak dituena, familia txiroei eta ingurune ahaztuei.

 

2026ko abuztuaren 31.

El ser querido. Maila handiko lana iruditu zait Rodrigo Sorogoyenek zuzendutakoa. Tentsioa sorrarazteko plano laburrak, elkarrizketa sakon, mingarri eta hunkigarriak, iraganeko mamuak… Aretoko eztul hotsak ez ditut entzun ere egin; bete-betean harrapatu naute Javier Bardem eta Victoria Luengo aktoreek. Aita-alabak dira. Ospe handiko zuzendaria aita, AEBetatik Espainiara itzuliko dena film bat egitera, eta alabari eskainiko dio paper bat. Ez dute harremanik izan aspaldiko urteetan, iraganeko arrazoi gatazkatsu batzuengatik, baina alabak erronka onartuko du. Meta-errodajea da filmean ikusiko duguna. 

The Odyssey. Ea, ez dut berriz entzun “luzeegia” dela... Badakizue zenbat pasarte edo “kantu” dituen Homeroren Odisea-k? Hori gutxi gorabehera zinera ekartzeko, arrunki pasatzen dira hiru ordu. Eta uste dut merezi dituela hainbeste minutu, bai. Gustatu zait, gainera, Christopher Nolan zuzendariaren hautua: zientzia fikzioari ez dio eman presentzia handirik, eta beharbada merezi zuen istorioak, baina ni behintzat akabatuko nindukeen. Merezi du pantaila handian ikusteak, oraindik aretoetan baldin bada.

Troy. Gaur goizeko filma, Troiako zaldiarena, Akiles protagonista duena (Brad Pitt, portzierto, Donostiako Zinemaldira dator). Film hau aitzakia gisa ekartzen dut hona, baieztatzeko zinemak hein batean irudimena mugatu egiten digula; tontakeria dirudi, baina The Odyssey ikusten ari nintzela, Historiako pasarte bera da, ezin nuen sinetsi Troiako zaldiak itxura hori zuenik… 2004ko pelikulan guztiz beste era batekoa da, baita Agamenon erregea ere. Troy berriz ikusi nahi baduzu: Hegoaldean Prime Videon, HBOn eta Movistarren dago, eta Iparraldean Apple TVn eta La Cineteken. 

 

2026ko uztailaren 14a.

L’inconnu de la Grande Arche. Frantziatik kanpo “Arkitektoa” gisa egin da ezagun pelikula. Otto von Spreckelsen da protagonista, arkitekto daniarra, Parisko La Défense Arkua diseinatu zuena. Hori nola egin zen kontatzen du pelikulak. François Mitterranden agintaldian esleitu zitzaion, baina Jacques Chirac-en murrizketa garaietan amaituko zen, arkitektoaren nahi eta perfekzionismotik aldenduta. Filmak barne borrokak kontatzen ditu, aurrekontu eta obra esleipenei buruzko lobby lanak, Paul Andreu arkitekto ezagunarekin izandako harremana... Interesgarria da. Hegoaldean Filminen dago ikusgai, eta Iparraldean Canal+ plataforman.

The Brutalist. Goiko filma asteburuan ikusi dut, eta The Brutalist-ekin akordatu naiz zenbait momentutan. Tankera hartu diot tramu batzuetan. László Toth arkitekto poloniarra da protagonista, gerraostean, 1950eko hamarkadan, AEBetara iristen dena. Oso ezaguna eta prestigiotsua zen Polonian, baina AEBetan ez da inor. Industria munduko enpresari aberats batekin egingo du harremana, eta horrelaxe segituko du beharrean. Dena dela, botereak baditu bere prezioak. Hegoaldean Movistarren dago ikusgai, eta Iparraldean Netflixen. 

Eta erredakzioaren gomendioa, Maria Ortegaren bitartez:
Big Boys. Bihotza ukitzen duten telesail horietakoa dela irakurri diot Mariari abuztuko Gakoak-eko kultur gomendioetan (inprentan sartu berri dugu Gakoak). Telesaila memoria ariketa bat dela dio: hiru lagunek unibertsitate garaiko kontuak kontatzen dituzte, samurtasunez eta britainiarrek ohiko duten umore zorrotzean. Hunkitu eta irribarre egin. Kapitulu laburrak, eta dezente dira gainera. Hegoaldean Filminen, Disneyn eta Prime Videon dago ikusgai; Iparraldean ez dago inon. 

 

2026ko uztailaren 7a.

Ravalear. Sei ordukoa izan zitekeen film luze bat; sei kapituluko telesaila da. Oso errealista eta aktuala, ondo kontatua. Bartzelonako Raval auzoan kokatuta, jatetxe familiar baten eraikin osoa erosiko du enpresa handi batek, funts putre batek, eta alokairuko prezioak igoko dizkiete, imajinatuko duzun moduan, negozioa egiteko; pareko eta aldameneko etxe eta auzoetan gertatzen den gisan. Bada, atsekabe horri aurre egitea erabakiko du familiak. Nahiko kaotikoa da, ezohikoa eta apropos nekagarria zenbait momentutan, gaiak eta errealitateak hala eskatzen duelako. Hegoaldean HBOn eta Movistarren dago, eta Iparraldean ez dago oraindik ikusgai.  

The Drama. Zer pentsatua ematen duen film bat: zer egingo zenuke, ezkontzeko egun gutxiren faltan, jakingo bazenu bikotekideak iraganean “zerbait txarra” egin duela? Auzi horren bueltan, era interesgarrian garatzen da istorioa, bi aktore bikainekin: Zendaya eta Robert Pattinson. Filmaren muntaketa ederra da, atzera-aurrera ariko baita kontakizuna, norbere imajinazioak ere ageriko dira... Esperotakoa baino hobea iruditu zait. Zineman non edo non bada oraindik ikusgai, gero eta gutxiago ordea; eta litekeena da laster plataformetan eskegitzea. 

Past Lives. Beste maitasun kontu bat. Hego Korean jaio eta hezitako bi gazteren bizitzaz da: gaztetxotan separatu dira, hala suertatu delako, baina hamabi urteren ondoren, kasualitatean sinets badaiteke-edo harremana berreskuratzen hasiko dira. Gauzak nola aldatu eta bakoitzak nola eta zertan eboluzionatu duten ikustea interesgarria da. Uste dut sar daitekeela film hau maitasun erromantikoaren klabeetan, baina ez doa hortik, esango nuke propio uko egiten diola asuntuari, hau da, askoz ere gehiago jo zezakeela hortik. Hegoaldean Filminen eta Movistarren dago, euskarazko azpidatziekin. Iparraldean, berriz, Prime Videon eta Canal Vod-en. 

 

2026ko ekainaren 30a.

Segoviako ihesa. Film klasikoa. 45 urte ditu. Istorio errealak 50 egin ditu aurten, eta epe motzean berriz ikusi dut, bi aldiz gainera. Izan ere, aurreratuko dizut, bihar publikatuko dugun aldizkariaren azalean joango dela Segoviako ihesaren ekintzako protagonisten irudi gaurkoa; Segovian egon ginen maiatzean, jardunaldi batzuetan, espetxea haiekin bisitatzen. Filma Primeranen dago. Ederra da.

The Lobster. Yorgos Lanthimosen film ezagun ederra da hau. Lehen aldian arraro sentiarazi gaitzake Lanthimosek, baina gero, niri behintzat, bizio puntu bat ere sortzen dit bere distopiak, edo bere erokeriak gehienetan. Colin Farrell aktore buru, ederra da bakardadeaz eta bikote harreman ereduaz pentsatzeko. Hegoaldean HBOn, Movistarren eta Filminen duzu eskuragai, azken bietan euskarazko azpidatziekin gainera; eta Iparraldean Canal Plusen. 

Bugonia. Bi gazte konspiratzailek enpresa handi bateko burua (Emma Stone) bahituko dute, gure mundu hau suntsitzera etorri den estralurtar bat dela pentsatzen dutelako. Horixe da asuntua, Save the Green Planet film korearraren remake-a, Lanthimosena. Etxean gogoz ginen ikusteko, eta espero nuena baina hobea iruditu zait; entzunak nituen kritikak, baina txalotzekoak gehiago dituela ondorioztatu dut. Hegoaldean Movistarren dago, eta Iparraldean TFIn. 

 

2026ko ekainaren 23a.

L'événement. “Gertakaria”. Aurten bete dira 26 urte Annie Ernauxen liburua argitaratu zela, eta bost urte dira izen bereko pelikula egin zela. 40 urte atzera egin zituen Ernauxek, lehen pertsonan kontatzeko 23 urte zituela, 1963an, gertatu zitzaiona. Unibertsitatean zegoen, eta itxaropen eta grina handia zuen ikasketekiko, etorkizunarekiko, haurdun zegoela jakin zuenean. Abortatzea erabaki zuen. Isilpean, orduko hartan ezinikusi handia zitzaiolako abortuari. Ondo egindako filma iruditu zait, Audrey Diwanek zuzendua. Hegoaldean Filminen dago, euskarazko azpidatziekin; eta Iparraldean HBOn. Gaztelaniazko podcast gomendio bat liburuari buruz: Ser irratiko Un libro una hora-n egin zuten ordubeteko saioa.

Emmanuelle. Diwan berak zuzendutakoa da film hau, 2024ko Donostiako Zinemaldia inaguratu zuena. Ea, sekulako egurra eman zitzaion Emmanuelle honi, 1974ko jatorrizko film erotikoaren auskalo zenbagarren adaptazioari. Nire iritziz, ez zuen horrelako triskantza jasotzea merezi. Ez da beste mundukoa, baina ikusteko modukoa da. Eta Noémi Merlant aktoreak lan ona egiten du. Eta uste dut baduela, baita ere, begirada erotikoaren ikusmolde garaikide bat. Hegoaldean HBOn dago, eta Iparraldean Netflixen.

Portrait de la jeune fille en feu. XVIII. mendeko kondesa baten eta hari erretratu bat egin behar dion margolariaren arteko harremana kontatzen du film honek, Emmanuelle-ko Noémi Merlantek antzeztuta. Erretratua egin beharko dio, ezkongaiak kondesa ezagutu ahal dezan. Askatasunetik ezkontzaren esklabotasunera igarotzear da, hortaz. Eta tarte horretan, bi emakumeen artean suzko harreman kanoniko bat sortuko da. Badu Call me by your name filmaren antzekotasunik. Hegoaldean Filminen dago, euskarazko azpidatziekin; eta Iparraldean Paramounten. 

 

2026ko ekainaren 9a.

Aftersun. Paul Mescal aktorea Bartzelonan ari omen da The Beatles taldeari buruzko film bat grabatzen, aurrekoan hala esan zidan Maialen lankideak, eta halaxe entzun dut Kataluniako irrati publikoan (Paul Mescal, Gràcia auzoan atrapatuta). Ibili omen da auzoko taberna klasikoetan barrena, garagardoak edaten, batere disimuluan pasatzeko asmorik gabe. Eta hala amaitu genuen Maialenek eta biok Aftersun filmaz hizketan; oso-oso lan ederra egiten du hor Mescalek. Aita gazte baten papera egiten du. Izorratuta dago barnetik. Baina alabaren ikuspegitik (eta oroimenetik) dago kontatuta, aitak eta biak egindako opor-bidaia da. Gogorra da, oso ona. Movistarren eta Mubin dago.

The Paper. The Office-ko Dwight Schrute aipatu nuen aurreko asteko buletinetako batean, eta akordatu nintzen The Paper (The Office-n kopia gaurkotua) ikusten hasi ginela etxean, eta ez genuela amaitu. Nahiko txarra, ez? Eskasa iruditu zitzaidan. Baina beti gertatzen da halakoekin. Hala ere, jakiteko lehenik ikusi egin behar izaten da. Movistarren eta Sky-n dago. 

The Worst Person in the World. Sentimental Value ikusi baduzu, ziur aski jakingo duzu zertaz ari naizen. Eta Sally Rooneyren idazketa gustatzen bazaizu, litekeena da film hau gustatzea. Joachim Trierrek idatzi eta zuzendutako film norvegiarra da. Julie (Renate Reinsve) da protagonista, 30 urte inguruko emakumea. Triste eta deseroso dago, bere talentua galtzen utzi duelakoan, eta bikotekide pixka bat toxikoa du, gain-gainean izaten duena. Baina gauzak aldatu egingo dira. Filminen dago, euskarazko azpidatziekin.

 

2026ko ekainaren 2a.

Venus – Let’s Talk About Sex. Hitz egin dezagun sexuaz. Danimarkako dokumental bat da, entzuteko nahiko gogorra baina aldi berean oso gordina, oso errealista. Era sinplean grabatuta, kamera baten aurretik pasako dira dozenaka emakume gazte, eta konfiantza osoz hitz egingo dute haien sexu harremanez, esperientziez, desirez, atsekabeez... Zintzoki hitz egiten dute denek. Gauza asko azaleratzen dituzte. Filminen dago, jatorrizko bertsioan, eta katalanez soilik ditu azpidatziak. 

Selftape. Oso gazte ezagutu zuten fama Joana eta Mireia Vilapuig ahizpek, batik bat lehenak, Polseres vermelles telesailagatik. Biek zuzendutako telesail laburra da, sei atalekoa, eta haien egungo (edo momentuko, 2023koa baita) bizitza kontatzen dute: zertan diren orain nerabetan ezagun bihurtu ziren ahizpen bizitzak, nola begiratzen duten atzera... Filminen dago.

Call me by your name. Luca Guadagnino zuzendariaren maisulan bat, nahiko ezaguna, beharbada ezagutuko duzu. Ez naiz Timothée Chalamet aktorearen oso zalea, baina uste dut film honetan benetan ondo dagoela. Udako maitasun istorio homosexual bat kontatzen du 1983ko Italia liluragarrian. Eder-ederra da ikusteko. Netflixen dago, eta Movistarren ere bai euskarazko azpidatziekin. 

 

2026ko maiatzaren 26a.

On Falling. 30 urte inguru izango dituen Aurora da protagonista, Portugalen jaioa eta Eskozian bizi dena, lan hobe baten bila emigratu zuena. Amazonen gisako logistika zentro handi batean egiten du lan. Horma artean harrapatuta dago zentzu ugaritan, bai lanean eta bai partekatzen duen apartamentuan ere. Bakardadea, mugikorraren deskonexioa, lanpostu prekarioa... Garaiari erretratu gordina da. Movistarren dago. 

Popel. Oier Plaza gernikarraren lehen dokumental luzea da, 1936ko Gerran erbesteratu eta nazien errausketa-labetan erraustutako aztarnei segika ondutakoa. Euskal Herriko eta Txekiar Errepublikako zinegileen artean landutako memoria pieza ederra da, ilustrazio bikainek lagunduta. Maria Ortega lankideak elkarrizketatu zuen egilea iragan udazkenean, ondo saldu zigun dokumentala, hala berretsi dezakegu guk, eta orain EITBk Primeranen eskegi du.

Se tiene que morir mucha gente. Liburuak kritika ona izan zuen, eta telesaila ere ongi funtzionatzen ari dela dirudi Espainiako esferan. Sei kapitulu ditu, eta arina denez, geuk ere irentsi dugu etxean ti-ta batean. 30 urte pasatxoko hiru emakume ditu protagonista, txikitako lagunak izan zirenak. Desorekatuta daude bizitzan, ez dute lekua topatzen, frustrazioak dituzte eta lehertu egin dezakete. Umoretik landuta dago. Hiru pertsonaiak ez dira planoak, eta telesailak horregatik funtzionatzen du ondo, nik uste, etengabe akatsak egin, barkamena eskatu, erabaki onak hartu eta zerotik hasten direlako. Detaile batzuk asko gustatu zaizkit, inkontzientearen presentzia kasurako, eleganteki ekarria da; eta dena da muturrera eramanda, baina zenbait eszena gehiegitxo egin zaizkit, mina behar baino gehiago erabili delako umorea egiteko. Nire gusturako, jakina. Movistarren dago.

 

2026ko maiatzaren 19a.

La panthère des neiges. Tibeteko pantera zuria ikusi gosez abiatuko dira mendian gora idazle bat eta urtetan hor inguruan bizi den argazkilari bat. Bizimodu azkarrotan batere ohituta ez gauden patxada handia behar da Tibeteko faunarekin bat egiteko, eta horretaz gozatzeko. Solasaldi gutxiko dokumentala da, baina dituenak benetan dira gordetzekoak, zer pentsatua ematen dutelako. Eta sekulako planoak eta irudiak ditu; flipatu dut asko-asko. Oso ederra da, eta merezi du argiak itzalita eta mugikorrak itzalita ikusteak. Maialen lankideak gomendatuta ikusi dut, Filminen.

Jone, batzuetan. Duela oso gutxi eskegi dute EITBren Primeran plataforman, eta zinemetan ikusi ez bazenu, uste dut etxeko sofan ikusteko modukoa dela. Beharbada udan sartzen garenerako. Izan ere, Bilboko Aste Nagusian kokatzen da pelikula. Jone da protagonista, festak antolatzen-eta aritzen den gazte bat. Aitarekin eta ahizpa txikiarekin bizi da; aitak lana utzi berri du, parkinsonaren ondorioz. Eta uda horretan dena lehertuko zaio Joneri: lehen maitasun kontuak, aitaren gaixoaldiaren ukazioa... Bete-betean, festa garaian. 

Everything you love. Atzoko buletinean aurreratu nizun: telesail labur honek kontatzen du Norvegiako mutil gazte bat nola gerturatzen den talde nazietara, sare sozialetako intoxikazioaren bidez, eta, tira, oinarri-oinarrian ere eskuin muturrekoa dela tipoa. Jonas da. Bikotekidea du, Sara. Giroa nola gaiztotzen den ikusiko du, eta eutsiko dio, edo ez; balantza horretan ibiliko da. Filminen dago.

 

2026ko maiatzaren 12a.

Licorice Pizza. Ikusi behar nuela, ikusi behar nuela... Eta harritu nau, onerako. 1970eko hamarkadan kokatutako maitasun istorio bat da; mutilak 15 urte ditu eta neskak 25. Eta horrek baldintzatuko du. Baina ez doa hainbeste hortik; ez da maitasun istorio bat soilik. Ondo kokatuta dago garaian, 1973an, petrolioaren krisia ageri da; eta onena da, esango nuke, inplizituki baina oso presente dagoela bizi benetan prekarioak dituztela, eta horiekin apurtzeko grina handia dutela. Movistarren eta Filminen dago.

The Hunger Games: The Ballad of Songbirds and Snakes. Hunger Games-en zalea naiz, baina zenbait kontuk utzi izan naute epel. Klase gatazkari lotutako kontuengatik beti. Prekuela honek Snow-engan ipintzen du fokua; gazte zeneko garaira itzulita, tipo xume bat izatetik nola iritsi zen Kapitolioko burua izatera (tira, horraino ez da heltzen). Apur bat higuingarria egin zait zenbait momentutan, eta eztabaidatu dut aldamenekoarekin baita ere: iruditzen zait aurpegi zuriketa egiten duela. Baaaina... Amaiera parterako ere ez da hain light-a. Tira, ez dakit. Deseroso utzi nau. Primen Videon eta Rakuten TVn dago; euskarazko bikoizketa dauka eta azpitituluak ere bai.

Casa en flames. Hamar egun barru estreinatuko dute Se tiene que morir mucha gente (Jende askok hil behar du) telesail laburra, umorezkoa; iragarki bat ikusi dut, Macarena García aktorea agertzen dena, eta Casa en flames-ekin akordatu naiz. Tira, beharbada biek amankomunean dute zeinen desegituratuta gauden erakusten dutela. Casa en flames pelikulak familia baten barneko tripak erakusten ditu. Ikusteko erraza da, asko tindatzen delako umorean. Aktore talde ederra dute. Netflixen dago. 

 

2026ko maiatzaren 5a.

La Grazia. Donostiako Zinemaldian ikusi nuen lehenbizikoz (hona Eneko Atxaren kritika), eta pasa den asteburuan berriz joan naiz zinemara. Magia du Paolo Sorrentinok. Ikaragarri gustatu zait pelikula. Ohi moduan oso ongi errotu du Italian. Mariano De Santis presidentearen bueltan ardazten da; erretiroa hartzear da, eutanasiaren legea sinatu ala ez dudatan dago, eta bi indultu eskaera ere mahai gainean ditu. Baina horrez aparte, politika gai mamitsu horiek ikuspegi humanistatik ezin hobe lantzeaz gain, ikuslegoa bultzatzen du bizitzaz filosofatzera eta gogoeta klasikoak egitera: norenak dira gure egunak? Ahalegindu zinema aretoetan ikusten, benetan merezi du; gero, uste dut, Mubi plataforman eskegiko dutela.

Bird. Entzuna nuen guztirako, apal samarra iruditu zait film hau. Baina ea, ondo dago. 12 urteko Bailey gaztea da protagonista, anaia gazteago bat eta kasu zipitzik ere egiten ez dien aita dituena. Etxe okupatu batean bizi dira. 12 urte, adin esanguratsua da: nerabezaroan murgiltzen hasita, arreta eskatuko du Baileyk eta bere abenturetan arituko da. Gordin samarra da istorioa. Filminen dago.

Ema. Eneritz lankideak proposatuta ikusi dut 2019ko film txiletar hau. Flipatu dut. Oso zoroa da filma. Adopzioan hartutako haurra itzuli egin dute Emak eta Gascónek, gerora jakingo dugu zerbait, baina haurrak utzitako hutsunea eta lehendik ere bi pertsonaiek barnean dituztenak ez dira makalak izango kudeatzeko. Hasieran ez dizkit bibra onak eman, baina iritzia aldatzen joan naiz. Filminen dago.

 

2026ko apirilaren 28a.

Lutxi eta zuhaitza. Luzia Urigoitiaren memoria berpizteko dokumentala ondu du Lander Garrok, eta gaur proiektatuko dute Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian. Aurrez ikusteko aukera izan dut, eta artikulua publikatu dugu gaur. ETAko kidea zen Urigoitia; 1987an, Pasaian, Guardia Zibilak gupidagabe hil zuen etxebizitza baten barnean, lurrean etzanda zela, garondoan egin zioten tiro. Bertsio ofizialak tiroketaren teoria faltsua zabaldu zuen, baina azterketa forentseek kontrakoa demostratu zuten. Gertakari hartaz ez ezik, memoria politikoaren eraikuntzaz ere gogoetatzen du dokumentalak.

Un poeta. Gogoa nuen film kolonbiar hau ikusteko; lantokian ere ondo famatu digu Pellok. Bi ordu atsegin pasatu ditut zineman; oso ongi dago. Komedia beltza da. Poeta xumea da Óscar, poeta triste eta prekarioa, ez oso saltzaile ona. Umore beltzez jantzitako satira bat da, baina horretan geratu ordez, prekarietate artistikoari lotutako auzi sozial eta sistematikoak azaleratzen ditu filmak, zorrotz eta ausart. Ezohiko pelikula bat dela esango nuke. Isiltasun luze batzuk badaude, baita une deserosoak ere, gero, zenbaitetan, komedia beltzarekin zapaltzen dituena. Gustatu zait Ines Arruek Zinea.eus-en idatzitako kritika

The Studio. Telesail estatubatuar hau ikusten hasi gara etxean. Hollywoodeko kameren atzean dagoena erretratatzen du, baita kameren atzekoaren atzekoa ere, bulegoetakoa; komedia moduan dena ere. Zinema handia egiten den lekuan, pelikula eskasak ere egiten dira. Negoziaketak daude, interesak, jendearekin ondo geratu nahia... Baditu bi puntu gehiegi konbentzitu ez nautenak: baga, zinema munduko erreferentzia pila bat ematen dituela, eta ezagutu gabe, litekeena dela gauza batzuk ez ulertzea; eta biga, zenbait unetan bizkorregia eta kaotikoegia izan dela nire gusturako. Apropos egiten du, mundu hori horrela erakutsi nahi dutelako, baina momentu batzuetan deserosoa egin zait.

 

2026ko apirilaren 21a.

Dance First. Etzi izango da liburuaren eguna, eta baliatuko dut aukera Samuel Beckett jenio literario irlandarraren bizitza kontatzen duen film hau gomendatzeko. Nola joan zen Parisera, zer nolako harremanak garatu zituen... Nahiko modu ausartean kontatzen da, nire iritziz, alegiazko jauziekin eta horrela. Gustatu zitzaidan 2023ko Donostiako Zinemaldian; Sail Ofiziala itxi zuen film honekin. Ez du batere sonarik izan, isil-isilean igaro da, Filmafinnity-n ere ez du balorazio oso ona, baina uste dut 100 minutu atsegin eskaintzen dituela. Filminen dago.

Fleabag. Hamar urte bete ditu telesail honek. Zeinen azkar pasatzen den denbora... Baina ez da iraungi edukia. Oso aktuala da. 30 urteko Londreseko tipa baten bizialdia eta bizi-krisia kontatzen ditu. Berak kontatzen digu guri, kamerari hitz egiten baitio; eta burua biratu eta lagunekin solasean segitzen du. Interesgarria da norbere nahi, desira eta pentsamoldeak nola erreprimitzen ditugun ikusteko. Prime Videon dago. 

Poquita fe. 40-50 urteren bueltako familia bateko norbanakoen eguneroko sinplea kontatzen du telesail espainiar honek. Jakizu oso espainiarra dela estiloa. Baina kontatzeko modua iruditu zait ederra: badago pertsonaia bat, Fleabag-en bezala, zuzenean kamerari hitz egiten diona, eta beste guztiek, tarte askotan, dokumental batean bezalaxe elkarrizketatzaile bati erantzuten dizkiote galderak. Horrela osatzen da hari narratiboa. Ikustekoa da besteen bizkar zer esaten dugun, eta aurrez aurrekoan nola isiltzen ditugun gauzak. Movistarren dago. 

 

2026ko apirilaren 14a.

Argi gorriak. Uste dut euskaltzale eta telesail zaleoi badagokigula euskaraz argitaratzen diren lan bakanak ikustea (gero horretaz kexu etortzen zaizkigulako ere bai). Tira, aitortuko dut: lehen atala ikusita, uztekotan egon nintzen; baina bigarrenak harrapatu ninduen, hirugarrenak gehiago... Bi egunetan irentsi dut. Ingurukoei definitu diedan bezalaxe, telesaila oso arraroa da. Tragedia bat dago, thriller kutsuko misterio arraro bat, eta hori dena komedia gisa garatzen da. Oso-oso neurriz gainean antzeztuta eta idatzita dago dena. Baina beno, agian ez gehiegi, eta “harrapatu” nau. Primeran plataforman dago.

All the President’s Men. Pasa den astean bete dira 50 urte pelikula estreinatu zenetik, eta efemeridearen aitzakian jausi naiz ez dakit zenbatgarren aldiz ikusteko. Kazetaritza ofizio honen film kuttunetako bat da. Zer pentsatua eman dit: zenbat aldatu den The Washington Post egunkaria bera, Amazoneko jauntxoak erosi zuenetik; eta zeinen lasai esaten dituen gezurrak AEBetako presidente Risketos honek, egunero-egunero, eta ez da deus pasatzen. Nixonek dimisioa eman zuen Watergate kasuagatik (filma horretaz doa), informazioa ezkutatu eta gezurra esateagatik. Orduko hartan Vietnamgo gerran sartuta zeuden yankiak; orain, Ekialde Hurbilean. Filminen eta Movistarren dago ikusgai.

Euphoria. Sare sozialetan apur bat nabigatu baduzu azken egunotan, ohartuko zinen telesail honen hirugarren denboraldia estreinatu berri dutela. Igande gauean jarri zuten eskuragai lehen kapitulua, eta zeresana eman du. Ez bereziki denboraldi berriaren hastapena bikaina delako, baizik eta aurreko denboraldiak benetan onak izan zirelako, parte diren aktore gazte horiek goi-goian dabiltzalako, eta ikusmina zegoelako. Horrez gain, gidoiak emakume gorputzaren sexualizaziorantz hartu duen norabidea ere aipagai da. Eztabaida interesgarria da, piztu da, eta piztuko da, lehen kapituluak bideak zabaldu dituelako horretarako. Nahiko ona iruditu zait lehen kapitulua; hari-muturrak zabaldu ditu, eta forma eman beharko zaie orain. Astero atal berria. HBOn dago ikusgai.

 

2026ko martxoaren 24a.

Sentimental value. Aspaldian ikusi dudan kontakizunik ederrenetakoa. Kontua da alabak batere zaindu ez dituen zine zuzendaria bat dela aita, baina bizitzak elkartu egingo dituela berriz, film baten kari. Potentea da. Eta plano dotoreak ditu ere bai. Eneko Atxa gure zine kritikariak Donostiako Zinemaldian ikusi zuen, komentatu zuen, eta zinean ikusi nuen nik. Asteburu honetan plataformetara iritsiko da, Filminera eta Movistarrera.

Argentina 1985. Gaur betetzen dira 50 urte Argentinan diktadura militarra hasi zela eta 30.000 pertsona inguru desagerrarazi zituztela. Kargudunak handik bederatzi urtera epaitu zituzten, 1985ean, eta gertakari historiko hori kontatzen duen filma da hau. Presioa jasan zuten epaileengan zentratzen da kontakizuna. Ricardo Darínek paper ederra jokatzen du. Amazon Primen dago ikusgai.

Tribuaren berbak. Ez da kasualitatea bigarrenez ekartzen dudala hona telebista-saio hau. EITBren uneotako ekoizpenik onena iruditzen zait. Euskaldunongan pentsatua. Asterokoa da, ordubeteko erreportajea, une sakonago eta trantsizio biziagoak dituena; aurreko astean, Korrikari buruzko saio berezia eta benetan ederra eman zuten.

 

2026ko martxoaren 10a.

Una quinta portuguesa. Esku hutsik irten zen Goya sarietatik; besteak beste, aktore onenaren hautagaien artean zegoen Manolo Soto. Uste dut antzezlan ederra egin duela film honetan. Ekoizpen espainiarra da, batez ere Portugalen kokatzen bada ere. Egun batetik bestera mundua gainera jausten zaio itxuraz “bizitza erosoa” daraman gizonari, eta alde egiten du, noraezean, Portugalgo etxe puska batean lorezain amaitu arte. Filminen eta Movistarren dago.

Arkitekten. Telesail hau duela pare bat urte Gakoak-en gomendatu zuen Eneritzek, eta asko gustatu zitzaidan. Hotza eta aldi berean basatia dela esango nuke. Errealista oso. Norvegiako Oslon kokatuta, etxebizitzaren krisiaz hitz egiten du bete-betean. Proiektu moderno eta prekario bat jarri berri da abian: mini-etxebizitza merkeak lur azpian. Filminen dago.  

Gipuzkoa. Pío Caro Barojaren 1979ko dokumentala zaharberritu dute Kutxa Fundazioak eta Filmotekak, irudi aldetik lanketa ederra eginda. Hiru ordu eta erdiko tartean, garaiko ezaugarri etnografikoak dokumentatu zituzten, garaiko ohiturak, landa-kulturakoak batez ere, nonbait ondo jasota gera zitezen. Kutxatekaren webgunean dago ikusgai; hemen duzu esteka.

 

2026ko martxoaren 3a.

Un simple accident. Ikustekoen zerrendan neukan, eta aste honetan fokuak Iranen ipini direnez, aitzakia baliatu dut Irango ekoizpen hau ikusteko. Auzi moral bat dakar Jafar Panahi zuzendariak: espetxetik irten eta urte mordoxka batera, uste duzu zu eta zu bezalakoxe disidenteak torturatu zituen gizona topatu duzula; zer egingo zenuke? Portzierto, zuzendaria Parisen bizi da, Irandik ihesi, bera atxilotzeko agindua emana dutelako, erregimena kritikatzen duten filmak egiteagatik. Oscar sarietan egongo da. Movistarren eta Filminen ikusgai.

Marty Supreme. Nahiko epel utzi nau. Ez dago gaizki, bi ordu eta erdi irauten ditu eta, egiari zor, entretenitzen du, batez ere erritmoak eta musikak, baina ez imajina sekulakoa denik Oscar sarietarako bederatzi izendapen dituelako. Chalamet-ek gorpuzten du protagonista, 1950etako Marty Mauser pinp pong jokalari estatubatuar txiroa; aktore onenaren sarirako hautagaien artean dago tipoa. Nagi apur bat ematen dit Chalametek, aitortuko dut, batez ere Dune pelikula ikusi ondotik, baina film honetan, tira, ez da ageri hain neurrigabe antzezten. Hilabete inguru darama zinema aretoetan.

Olive Kitteridge. Igual film bat ere izan zitekeen hau, baina lau kapituluko telesail bat da. Nahiko harrigarria iruditu zitzaidan dena, kontatzeko manera batik bat. Pulitzer saria jaso zuen Elisabeth Stroutek idatzitako liburuan dago oinarrituta. Herri txiki bateko matematika irakaslea da Olive Kitteridge, etxeko ama, bihotz oneko gizon farmazialari baten emaztea. Pertsonaia guztiek azalekoak dirudite lehen begi bistan, baina misterioa dute barnean, eta ez ezohiko misterio bat; depresioa kasuren batean. HBOn eta Movistarren dago.

 

2026ko otsailaren 23a.

One Battle After Another. Akzio askokoa eta bizia da, abentura bat. Ederra iruditu zait pelikularen kontatzeko modua. Mugimendu armatu antiarrazista baten bueltan ardazten da, hasieran 1970eko hamarkadan, eta batez ere gero, hamarkada batzuk geroago; iheslari bizimodura ondo asko ohituta daudela dirudienean, inola ere espero gabe, polizia zahar bat haien bila hasiko baita. Sari ugari jaso ditu iragan asteburuan, Bafta sarietan, eta litekeena da ere Oscarretan goi-goian aritzea. HBOn eta Movistarren, baina ez dago euskaraz.

Hamnet. Zineman egon naiz, William Shakespearen emazte izan zen Agnes protagonista duen filma ikusten. Haur bat hil zitzaien 8 urte-edo zituela; senar argitsua, nola ez, zaintza lanez ez zen batere arduratzen; eta horregatik, Agnesen doluan zentratzen da pelikula. Edo horrela saldu dute behintzat. Baina niri oso kontakizun ahula iruditu zait. Doluari ez zitzaion izenik ipintzen garai hartan, baina tira, dezente gehiago konta zitekeela uste dut. Zer diozu zuk? Erantzun mezuari nahi baduzu, eta eztabaidatuko dugu.

Strappare lungo i bordi. Edo “Puntuen marratik moztu”, Zerocalcare komikigile italiarrarena. Ez naiz animazio zalea, baina zeinen ondo erretratatzen duen gizartea Zerocalcarek, zeinen argitsu, umoretsu, sarkasmo puntuarekin... Ederra. Kapitulu laburrak dira, eta irentsi egiten dira. Oso ona da, baita ere, telesail honen segida: Questo mondo non mi renderà cattivo edo “Mundu honek ez nau pertsona txarra egingo”. Are politikoagoa da, aurrekoaren segidan ikustekoa. Netflixen daude biak.

 

2026ko otsailaren 17a.

Human. Ez ditut sarri ikusten, baina gustatzen zaizkit animaliei buruzko dokumentalak, eta oro har naturari buruzkoak. BBCren ekoizpen bikain bat da hau, giza eboluzioaren ingurukoa. Halakoak ikusi ondoren aldiro pentsatzen dut: zeinen huskeria garen bizitzaren existentzia osoan. Tira, telesail-dokumental honek bost kapitulu ditu, irentsi egin ditut, eta gozatu dut irudi eder eta off ahots zoragarriarekin. Movistarren dago.

Reality. Batere planeatu gabe, Sidney Sweeney protagonista duten bi pelikula ikusi ditut asteburuan. Bata, hau. AEBetako 2016ko hauteskundeei buruz sekretu ofizial batzuk prentsara filtratu zituen tipa bat gorpuzten du. Sasi dokumental bat da filma, grabazio errealak entzuten baitira. Entretenigarria da, ez zait sekulakoa iruditu, baina baditu gauza onak filmak: Sweeneyren antzezlana bikaina iruditu zait, eta argazkigintza lan ikaragarria du. Netflixen eta Filminen dago.

The Housemaid. Hauxe asteburuan ikusi dudan Sweeneyren bigarren pelikula. Boga-bogan dago. Denbora darama leihatilan. Ongi dago, arratsalde pasa baterako plan polita da. Ez zaizkio falta estatubatuar trazak. Gidoiak baditu bere sorpresak, baina aldamenekoak esan dit ez zaizkiola oso errealistak iruditu; liburua irakurria du, eta aho zapore gazi-gozoa utzi dio pelikulak. 

 

2026ko otsailaren 10a.

Tribuaren berbak. Banekien lehenago edo geroago ekarriko nuela hona ETB1en saio hau, uste baitut asko irabazi duela programak Izaro Arruti aurkezle-kide gisa fitxatuta. Eta aitzakia eman dit aurreko asteko saioak: Ipar Euskal Herrian euskarak duen egoera eta bilakaera aztertu dute 50 minutuko erreportajean. Eneko Gorri, Itxaro Borda, Xan Idiart, Aitor Servier, Leire Casamajou, Joseba Erremundegi... Jende interesgarri ugari ageri da hizketan. Ikusgai ETBOn-en; saioa hasi behar da.

Pubertat. Oso errealista iruditu zait, eta agian horregatik aldrebestu dit horrenbeste gorputzaldia. Asuntoa da, Herrialde Katalanetako herrixka batean, 12-13 urteko lagun talde batean sexu erasoa salatzen dela sare sozialen bidez. Zer den egia eta zer ez, nola jokatu, nola entzun elkar, nola azaldu gertatu denaren garrantzia... Sentsazio deserosoa utzi dit, hain justu ere horrexegatik: gai oso konplexua delako. Movistarren eta HBO Max-en dago, ez euskaraz.

Scenes from a Marriage. Eneritz lankide zinezaleak gomendatu dit telesail hau. Eta irentsi dut. Bost kapitulu baino ez ditu, eta pertsonaiak bi dira: Oscar Isaac-ek gorpuzten du bat, eta Jessica Chastain-ek bestea. Senar-emazte dira. Gauzak ez doaz batere ondo. Ia dena etxe barruan kokatzen da bi pertsonaia horien artean, plano eder eta plano sekuentzia ugari daude, eta gustatu zaizkit, baina esan diot Eneritzi ere: gidoiak hainbesteko pisua duen kontakizun batean, igual zertxobait gehiago zukutu zitekeen. Baina ea: oso ondo dago. Eta bi aktore puska dira. Movistarren eta HBO Max-en dago, eta euskaraz ez.

 

2026ko otsailaren 3a.

Pluribus. Apur bat flipatu dut honekin. Telesail distopiko zoro bat da, zoriontasunaz eta indibidualtasunaz mintzo zaiguna. Asuntoa da mundu guztiko herritarrak zonbi-edo bihurtu direla, zail da esplikatzen lerrootan. Dozena bat pertsona libratu dira horretatik. Inork ez daki zergatik diren itxuraz immune, baina badira, edo momentuz badira, eta mundu guztiko zonbiek idolo moduan zainduko dituzte, errege-erreginen pare. Oso koloretsua da, eta irrigarria egin zait planteamendua. Apple plataforman, ez dago euskaraz.

Juliette au printemps. Frantziako landa-eremuan kokaturiko pelikula da, familia barneko gatazka isilak azaleratzen dituena, zoriontasuna eta lotsa, memoria eta nostalgia... Negu edo udaberri giroan ikusteko aproposa, hala iruditu zait niri. Movistarren ikusgai euskarazko azpidatziekin.

The Old Oak. Husten ari den landa-eremu batean kokatuta, arrazakeriaren hedapena eta klase elkartasuna. Ken Loachen ziurrenik azken pelikula da, 2023koa. Bere estiloan egin du: baliabide tekniko aldetik ezer berezirik gabe, baina gidoi oso indartsuarekin. Filminen eta Movistarren dago, azken horretan euskarazko azpidatziekin.

 

2026ko urtarrilaren 27a.

How to have sex. Bazkalorduan aipatu genuen atzo lantokian, eta hona ekartzea pentsatu dut, uste nuena baino ezezagunagoa delakoan. Ikasturtea amaituta, hondartza eta festa leku masifikatu batera bidaian joango dira 16-17 urteko hiru neska, desfasearen mundu hori ezagutzera. Alkohola, festa eta lehen sexu harremanak. Presio soziala. Gogorra eta errealista da kontakizuna, zuzendariari benetan gertaturikoa. Filminen eta Movistarren dago ikusgai, euskarazko azpitituluekin.

Romeria. Iragan berri dira Espainiako Feroz zine sariak, eta esku hutsik irten bada ere, ez dut uste atzeko planoan gera behar lukeenik. Istorio pertsonala dakar Carla Simón zuzendari kataluniarrak, benetan harrapatzen duen horietakoa. Ezagutzen ez duen familiaren bila abiatuko da Marina, Galiziara; 1980ko hamarkada da, eta gogor kolpatu dute drogak eta HIESak. Zinean ikusi nuen nik, eta flipatu nuen Llúcia Garcia aktorearekin. Sotilki da gogorra filma; ados nago Eneko Atxa gure zine kritikariak dioenarekin. Movistarren dago, baina euskaraz ez.

Knives out 3. Benoit Blanc (Daniel Craig) detektibearen sagako hirugarrena, urtarrilean estreinatu da. Onerako harritu nau, posible baitzen okerrera jotzea txiklea luzatu nahian. Apaiz baten heriotza ikertuko du herrixka batean. Gustatu zait, aurreko bi filmetan baino umore gehiago eta hobea dagoelako ziurrenik. Netflixen dago ikusgai, euskarazko azpitituluekin.


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...