Panpin-kutxa

  • Faseak aurrera joan ahala, karakolak eguzkitara. Mugikortasuna zenbat eta zabalagoa izan, urrunago joango gara. Zalantza da ea laster betiko zorabioan murgilduta egongo garen, eta autokonfinamenduak iraungo duen tarte batez. Akaso, biak.


2020ko maiatzaren 19an - 11:10
The Virgin Suicides (Sofia Coppola, 1999).

Sofia Coppola (New York, 1971) norberaren konfinamenduaz aritu da, hain zuzen ere, bi filmetan. Aktore lanetan ere ibilia, zuzendaritzari heldu zaio azken urteetan. Lost in Translation (AEB, 2003) filmarekin jaso zituen hainbat sarik eman zuten ezagutzera gidoigile gisa, baina badira literaturatik egin dituen hainbat adaptazio ere analisia merezi dutenak. Emakumearen barne eta kanpo itxialdiarekin lotutako bi obra aztertuko ditugu ondorengo lerroetan.

Nerabetasunaren inguruan mintzo da The Virgine Suicides (AEB, 1999) luzemetraia eta Jeffrey Eugenides idazlearen nobelan dago oinarritua. Argumentua Estatu Batuetako auzo dirudun batean kokatzen da, non Lisbon familia bizi den. Drama hasieratik sartua dago, bost alaba ederretako gazteenaren suizidio saiakerarekin, hain zuzen ere. Ingurukoen –baita ikuslegoaren– jakin-mina piztuko du, berehala, gertakari horrek. Une batez, gizonezkoa den psikiatrak neskatxari esaten dio: “Gazteegia zara bizitzaren mina ulertzeko”; eta berak erantzuten dio: “Ageri da ez zarela inoiz 13 urteko neska gaztea izan”. Erantzun epiko hori izango da jazotakoak ulertzeko giltza bakarra. Filmaren hasieratik argi uzten zaigu ahizpa guztiak hilak direla, eta bizilagunen oroitzapenetan arrazoiak bilatzeko ahalegina besterik ez dela filmaren haria. Narrazioa, beraz, inguruko mutikoen bidez kontatua da, Lisbon ahizpek ez baitzuten sekula euren istorioa kontatu.

Bere buruaz beste egitearen ekintzatik haratago, 60ko hamarkadako estatubatuarren dekadentzia ageri dira filmean: zumarren gaixotzea, familia barneko ez-ulertuak, bizilagunen axolagabekeria, egoeren itolarria… Gerraosteko bakea eraisten doan seinaletzat har daitezke. Coppolak giro hori islatzen du filmean, estutasun hori, zeina arrazoi zuzenik eman gabe aurkezten den. Besterik gabe, hala sentitzen da. Ikusleari dagokio zergatietan pentsatzea. Zuzendariak, bere partetik, ondo asmatzen du noraino sar daitekeen esanahian.

Maria Antoniette (Sofia Coppola, 2006).

Ez dago guztiz aldenduta gaiarekiko Coppolaren Maria Antoinette (AEB, 2006). Frantziako Iraultzaren gertakariak dira, azken erreginaren pertsonaian oinarrituta, ordea. Antonia Fraser historialariak eginiko Maria Antonietaren biografiaren egokitzapena errege-erreginen ezkontza konpromisotik hasten du zuzendariak; Austria utzita, Maria Antonieta Frantziara bidalia da, Louis XVI.arekin ezkontzekotan. Versaillesko gortearen erretratua fokuz kanpo gelditzen diren gertakari historikoekin nahasia da, eta errege-erreginen ihesarekin amaitzen da.

Coppolak erregetzaren protokolo estuan, bakarrik sentitzen den erregina ezkonberriarengan, bizikidetza sexualari eutsi ezin dion erregearengan, diru xahutze etengabean eta gorteko festa-giroan sakontzen du, jauregitik kanpo gertatzen direnak urruneko kontuak balira bezala agertuz. Senar-emazteak despolitizatu eta gobernatzeko ez-gai bezala aurkezten dira. Horretaz gain, eguneratuta azaltzen ditu pertsonaiak, egungo edozein burgesen gisa. Badago zerbait hor Maria Antonietarekiko hurbiltzen eta aldi berean urruntzen gaituena, gaitzespenez. Kontatua den moduan, iraultzaren gertakariak Versaillesera hurreratzen ari den izurritea dira, zeinari amaierarako ezin zaion ezikusia egin. Errege-erreginen epaiketa eta exekuzioa ez dira filmean azaltzen, bai ordea, gure iruditerietan. Interesgarria da egiten duen hori, filma dakigunaz eta erakusten zaigunaz eraikitzen baita.

Bi filmetan, ikuspuntua berezia da. Lehenengoan, lehen pertsona lekukoengan jarrita dago, zeintzuek ez duten ulertzen gazteen suizidioaren arrazoia. Bigarrengoan, historia orokorra Frantziako azken erreginaren bizitza pribatuaren bidez kontatua da. Esango nuke, batean eta bestean beharrezkoa dela ariketa egitea filma osatzeko. Coppolak panpin-kutxa erakusten digu, guk parte-hartzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
2024-04-28 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


Laburbira hasiko da ostiralean: euskarazko zortzi film labur, 35 herritan

Apirilaren 12an egingo dute XXI. edizioaren estreinako emanaldia, Bergaran. Maiatzaren 12ra bitartean, 35 herri bisitatuko ditu euskarazko film laburren ekimenak. Berrikuntza gisara, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute.


Ecozine jaialdiak ingurumenaren inguruko filmak ekarriko ditu datorren astean Iruñeko Golem zinemetara

Apirilaren 8tik 11ra bitartean laburmetrai eta dokumental sorta emanen da, tartean Oskar Alegriaren 'Zinzindurrunkarratz' eta Goya sariaren irabazle 'To bird or not to bird'.


Palestinari, osasun mentalari eta transexualitateari buruzko filmak ikusi ahalko dira Giza Eskubideen Zinemaldian, besteak beste

Hilaren 12tik 19ra egingo dute 21. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eta askotariko filmak proiektatuko dituzte: osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira zinemaldiko film eta... [+]


2024-04-05 | Euskal Irratiak
Iparraldean ere, euskararen aukera ahalbidetu du Netflixek

Martxotik Frantziako Netflix plataforman euskarazko audio eta azpitituluetako filmak ikusgai dira.


Eguneraketa berriak daude