argia.eus
INPRIMATU
Panpi Ladutxeri azken agurra eman dio pilotaren munduak Donibane Lohizunen
  • Abenduaren 6an agurtu du pilotaren munduak azaroaren 30ean zendutako azkaindarra. Profesional mailan ezker paretan txapela jantzi zuen Ipar Euskal Herriko lehen pilotaria da: bi txapel jantzi zituen binakako txapelketan, Joxan Tolosarekin.

ARGIA @argia 2021eko abenduaren 07a

Donibane Lohizuneko elizan egin dioten hiletan izan dira bere ikasle izandako hainbat pilotari eta Lilou Echeverria euskal pilotako frantziar federazioko presidentea, Kazeta hedabideak jaso duenez.

Pilota eta kantua

Panpi Ladutxe Azkainen jaio zen 1955ean eta 66 urterekin zendu. Familia pilotazalean sortua, azkar egin zuen bidea frontoietan eta 11 urterekin eskuratu zuen lehen txapela. 1974an Uruguain munduko amatur mailako txapeldun egin zen eta horrela sartu zen profesionaletan.

Trinketean hasi eta ezker paretean jarraitu zuen ibilbidea. Bi aldiz irabazi zuen Binakako Txapelketa Joxean Tolosarekin, 1987an eta 1989an. Txapeldunorde izan zen, berriz, 1988an, Martinikorenarekin.

Euskal Telebistak egindako bideo honek jaso ditu bere pilota ibilbideko une gorenak:

Jokotik erretiratu ondoren ere, Eskupilota elkartean jarraitu zuen pilota munduarekin harremanetan. Hainbat pilotari trebatu zituen, besteak beste, Sebastien Gonzalez, Ducassou, Xala, Ospital eta Yves Salaberri. Neskak entrenatzen ere ibili zen eta nesken parte-hartzea Ipar Euskal Herrian barrena gara dadin lanean aritu zen luzaz.

Kantari aparta ere bazen, eta 2002an Chansons du Pays Basque diskoa atera zuen Xabi Peyrekin. 2012an, berriz, Orhoit lana plazaratu zuen.

Kantu honek biltzen ditu berak jorratutako bi zaletasunak, kantua eta pilota. 2016an XXXI. Pilotarien Batzarrean kantatua:

Panpi Ladutxeri ARGIAn egindako elkarrizketak:

"Espektakulurako grina norberak daraman zerbait da", 2001ean

“Enpresak partidaren %50a baldintzatu dezake”, 2008an