Palestinaren alde eta CAFen aurka Bilboko tranbia moztu zuten ekintzaileak deklaratzera deitu dituzte

  • Iragan abenduan Bilboko tranbiaren aurrean ekintza baketsua egin zuten Gazarako Mugimendu Globaleko kideek, CAFek sionismoarekin negozioak egiten dituela salatzeko. Orain, ekintzan atxilotu eta identifikatu zituzten hiru kide instrukzio epailearen aurrean deklaratzera deitu dituzte. Ostiralean batek soilik deklaratuko du, bere burua identifikatzera ukatzeagatik “desobedientzia larria” egotzita. Maiatzean deklaratuko dute hiru ekintzaileek batera, ekintzagatik beragatik, delitu bera egotzita. Kontzentrazioa deitu dute ostiralean, 12:00etan, Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean.


2026ko apirilaren 16an - 10:51
Abenduaren 13ko ekintzaren irudia, Bilboko Plaza Biribilean Hibai Agorria/ARGIA CC-BY-SA
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

CAFek Israelgo genozidioan eta apartheidean duen papera salatzeko hainbat ekintza egin zituzten abenduan, Euskal Herriko Global Movement to Gaza plataformak deituta: Beasainen, Zornotzan, Donostian eta Bilbon izan ziren entzutetsuenak. Hain zuzen, azken hori jarri du jo puntuan justiziak oraingoan. Ekintzaren egunean bertan, Ertzaintzak identifikazioak egiteaz gain, lagun bat atxilotu zuen, Mikel Zuloaga Mikelon bere burua identifikatzera ukatu zelako. Orain, ikerketa instrukzio prozesuan dagoela, deklaratzera deitu dituzte kide horiek. Atxilotu zuten ekintzaileak ostiralean deklaratu beharko du, “desobedientzia larria” egotzi dio akusazioak, bere burua identifikatzera ukatu baitzen. Hiru ekintaileak elkarrekin maiatzaren 5ean deitu dituzte deklaratzera, instrukzio epailearen aurrean horiei ere, tranbia oztopatzeagatik.

Iragan abenduaren 13an, Bilboko Plaza Biribilean elkartu ziren Euskal Herriko Global Movement to Gaza plataformako ekintzaileak. Tranbiaren aurkako ekintza egin zuten, CAF Jerusalemen egiten ari den tranbia ilegalari keinu eginez. Ekintza baketsu batean, bidea itxi zioten Bilboko tranbiari, errailen gainean etzanda. Ertzaintza segituan bertaratu zen, eta zenbait ekintzaile identifikatu, euren aurka kargatu eta ekintzaile bat atxilotu zuen. Mugimenduko kideek, identifikazioa eskatzerakoan, “Palestina askatu” erantzun zuten, eta orduan hasi ziren liskarrak.

Ekintza "baketsua eta bortxarik gabekoa" izan zen

Gertaeren ondoren, SIPE Ertzaintzaren Sindikatua Poliziaren defentsan atera zen, esanez protestak ez zirela baketsuak izan. Palestinaren aldeko manifestariek bertsio hori gezurtatu zuten. Azaldu zuten Bilboko elkarretaratzearen berri aldez aurretik eman zutela, eta legearen arabera. Elkarretaratzearen ondoren, ekintzaile talde batek, lurrean etzanda, tranbiaren bidea eten zuen, “ekintza baketsu eta bortxarik gabekoaren” bidez. Antolatzaileen arabera, ekintza bukatutakoan protestariak espaloira erretiratu ziren, “inolako gorabeherarik gabe”. Ertzaintzak bi kideri identifikatzeko eskatu zien eta horietako batek ez zuen onartu, eta ondorioz, atxilotu egin zuten. Mugimenduak adierazi zuenez, momentu horretan Ertzaintzak indarkeriaz jokatu zuen eta “bortizki tratatu zituzten” identifikatutako bi protestariak eta ingurukoak. Azpimarratu dute ez zela “inolako eraso antolaturik egon, ezta Ertzaintzaren aurkako erasorik ere”. 

Ostiraleko deklarazioaren aurrean, Global Sumud Euskal Herria plataformak kontzentrazioa deitu du ostiralean, 12:00etan, Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean.


2026ko maiatzaren 21
Haizea, Libian geldiarazi duten lurreko flotillako euskal ordezkaria
"Nekaturik baina egoera oso onean gaude, bahiturik dauzkaten kideekin eta palestinarrekin alderatuta"

2026ko maiatzaren 7
LEKUKOTASUNA | Sonia Bego, Global Sumud Flotillako euskal ekintzailea
"Kontainer batera sartzeko agindu zidaten; hori zen barkuko kartzelarako sarbidea"

2026ko maiatzaren 4
Ana Ribacoba Menoyo (Global Sumud flotilla Euskal Herria)
“Flotilla berrantolatzen ari da, ez dugu ekimena bertan behera utzi”

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.