Prentsaren aurka Gazan egindako erasoak salatu dituzte Nafarroako kazetariek, Iruñean, Ernest Hemingway idazle eta kazetariaren estatuaren ondoan egindako ekitaldian. Gazan, Zisjordanian eta Libanon 300 profesional baino gehiago hil dituztela salatu dute.
Nafarroako kazetarien izenean, Isabel Egigurenek gogorarazi du informazioaren profesionalak herritar zibil moduan hartzen dituela nazioarteko zuzenbideak eta, hortaz, babestu egin behar direla. "Gaur egun ez da halakorik gertatzen ari", esan du. Israel "gerra krimenak" egiten ari dela gaineratu du, eta Europako herrialdeei eskatu die gatazkaz bertatik bertara informatzen ari diren kazetariei babes handiagoa eskaintzeko.
Egigurenek adierazi du Gazan ez dagoela nazioarteko kazetaririk, Palestinako kazetariak direla "gure begiak eta gure belarriak eskualdean", eta, horregatik, ezinbestekoa dela euren lana babestea: "Une honetan Palestinako kazetariak dira gure lekukoak, gogoratu behar baita Gazan ezin dela nazioarteko kazetaririk sartu". Larunbatean egindako ekitaldiak helburu bikoitza du, palestinar profesionalak omentzea, batetik, eta bizi duten egoera salatzea, bestetik.