argia.eus
INPRIMATU
Pako Sudupek 50. hamarkadako euskal literatura aztertu du
  • 1950ko hamarkadan jasotako euskal literatura bildu du Pako Sudupek hiru liburukik osatzen duten lanean. Utriusque Vasconiae argitaletxeak kaleratu du ikerlana, 50.hamarkadako euskal literaturaren "zulo beltz horretara argi bat bideratu" nahian, egilearen hitzetan. Doktoretza tesirako egindako ikerketak dira orain kaleratutako obraren oinarria.

2011ko apirilaren 29a
50. hamarkadako euskal literatura jaso du Pako Sudupek lan honetan.

Lehen liburukiak, Hizkuntza eta ideologia eztabaidak izenburudunak, 50. hamarkadan euskaraz idazteko ereduaren inguruan izandako eztabaidak jasotzen ditu batik bat, hala nola existentzialismoaren nolabaiteko onarpena, Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua eleberriaren argitalpenarekin batera. Bigarrena, Kazetaritza eta saiakera, Ipar Euskal Herriko autoreek zentsurarik gabeko egoeran argitaratutako kazeta lanetaz dihardu, eta era berean, Hego Euskal Herrikoek, zentsura zela eta, jorratutako kultur arloko saiakerez.  Azkenik, Antzerkia eta hamarkadaren ikuspegi orokorra liburukiak 50. hamarkadan batez ere Pierres Larzabalen bidetik garatutako euskal antzerkigintza berriaren nondik norakoak jasotzen ditu. Bide batez, hamarkada horrek euskal literaturari emandakoaren inguruko sintesia egiteko erabiltzen du Pako Sudupek hirugarren eta lana osatzen duen azken liburukia.