Pakistango Asim Munir mariskalaren gorabide pairagarria

  • Okupatzaile estatubatuarrak Kabuldik lotsagarriro 2021eko abuztuan erretiratu zirenean Afganistanekiko arreta ez ezik jakin-mina ere galdu zutenen harridurarako, gatazka labur baina odoltsua sutu zen duela hamar egun Pakistango armada eta Afganistango talibanen artean. “Gerra” ere deitu diote batzuek. Izena izen, jazoera ez da bereziki harrigarria azken urte hauetan eta, zehatzago, iaz bi herrialdeen artean izandako gorabeherak zaindu dituenarentzat.

Une honetan, Pakistango armada osoaren buruzagi gorena da Munir. Orain arte oso zogia izan bada ere, etorkizunean zeresan ugari eman dezakeen gizona. Inter Services Public Relations

2026ko martxoaren 4an - 09:22
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Orain arteko liskar horietan –baita azkeneko honetan ere– bada bigarren planoan, kasik ezkutuan, geratzen ari den protagonista nagusi bat. Agian, haien erantzule bakarra izan gabe, gatazka horiek hartzen ari diren sarritasun eta gogortasunarekin zerikusi zuzena duena. Asim Munir landa-mariskala (iazko abendutik; ordura arte, noski, teniente jenerala “besterik” ez zen).

Une honetan, Pakistango armada osoaren buruzagi gorena da Munir. Orain arte oso zogia izan bada ere, etorkizunean zeresan ugari eman dezakeen gizona. Ezbairik gabe, Pakistango ahaltsuena delako jada.

Ulerpen zuzenerako, testuingurua hartu behar da aintzat. Orokorrenetik hasita. Pakistanen bada txantxetan bezala esan ohi den baina egiatasun handia duen aburu bat: “Munduko herrialde gehien-gehienek armada bat dute; Pakistanen, armadak herrialde bat du”. Eta ez nolanahiko herrialdea: munduko bosgarrena biztanlez; hogeita zazpigarrena BPGz, baina armategi nuklear joriaren jabe izanik.

Muniren eskuetan dago orain armategi horren giltza. Ez Asif Ali Zardari presidentearen, Shehbaz Sharif lehen ministroaren edo Khawaja Asif Defentsa ministroaren eskuetan.  Inteligentzia zerbitzuetan hasitako gorabideak, pausoka baina bizkor (58 urte egingo ditu aurten), pakistandar indar armatu guztien burutzaraino eraman baitu Munir, “landa-mariskal” gradu gorena lortzearekin batera.

Ez da ezerezkeria: Pakistango armada “autonomoa” dela esatea, gutxi esatea da; “estatuaren barneko estatua” kontzeptua egokiagoa da luzaz. Herrialdearen burua, bihotza eta besoa direla sinetsita daude benetako kasta berezia osatzen duten uniformedunak. Egitate hori eraldatu nahi izateak urkamendira eraman zuen Zulfikar Ali Bhutto 70eko hamarkadan, eta kartzelara Imran Khan duela lau urte, beste estropezu askoren artean.

Hala ere, orain arte, landa-mariskal bakarra zuen Pakistango armadak bere historia guztian: Ayub Khan diktadorea, 1958tik 1969ra herrialdeko presidentea izan zena, Ali Mirza kargutik bota ondoren. Munir da bigarrena orain. Imran Khan eraitsi ondorengo aginte zibilaren ahultasun nabariak ateak zabaltzen dizkiola susmatzen dutenak ez dira bakanak. Ez eta soilik arerio indiarrak. Oraingoz, arlo militarrean baino ez du baliarazi bere aginpidea mariskal berriak. Baina hori bera, asko da Pakistanen.

Eta ez dago batere argi zer eduki dezakeen Munirek buruan. Bertolt Brecht-ek Arturo Uiren gorabide pairagarria idatzi zuenean jo-puntuan zuenarekin alderatzea iraingarria izan daiteke harentzat. Baina armategi nuklearren giltzak nondik nora dabiltzan jakitea komeniko litzaiguke...


Irakurri gehiago: Pakistan Nazioartea Asia Militarismoa
Pakistan kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.