Pakistanek Kabul bonbardatu eta “gerra irekia” deklaratu dio Afganistani

  • Afganistango Gobernuak “eskala handiko operazioa” iragarri ondotik heldu dira erasoak eta gerra adierazpena. Azken astean bero egon da bi herrialdeak banatzen dituen muga, Afganistanek taliban pakistandarrak babesten zituela salatu ostean. Nazioarteko komunitateak tentsioa baretzeko deia egin du.


2026ko otsailaren 27an - 12:01
Aimal Zahir/AFP via Getty Images
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ostiral goizaldean Kabul eta Afganistango beste zenbait hiri bonbardatu ditu Pakistango Armadak, Afganistanek bere aurkako “eskala handiko operazioa” iragarri ondotik; horrela adierazi dute Pakistango agintariek. Talibanek adierazi dute, ordea, beraiek egindako erasoak Pakistanek egindako beste eraso batzuen erantzunez izan direla. Pakistanen erasoen arrazoia taliban pakistandarrak dira, Afganistanen babestuta daudenak; horixe leporatzen dio Islamabadek Kabuli. Bi herrialdeen arteko mugatik hurbil, 2.500 kilometro luze dena, dauden eremuak bonbardatu ditu Pakistanek, gune militarrak, bere esanetan. Islamabadek ohartarazi du “edozein eraso suntsitzeko gaitasuna” duela, ostegun gauean tentsioak areagotu ostean: Pakistanek Afganistan bonbardatu du, eta hamahiru zibilen heriotza leporatu dio azkenak; horren ondoren, muga inguruko postu militarrak bonbardatu ditu Kabulek.

Berriki izan diren erasoetan izandako hildakoen eta zaurituen kopurua ez da argia: Afganistanek 75 soldadu pakistandarren heriotza eta 19 gune militar indarrez hartu dituela aldarrikatu du; hori ukatu du Pakistanek, eta aldarrikatu du Afganistango 133 soldadu hil dituela berak. Eraso horietako batean Afganistango errefuxiatu eremu bat bonbardatzea leporatu diote talibanek Pakistani: Nangarhar-go eremua, Pakistandik ere heldutako errefuxiatuak dituena. Erasoetan Torkham mugako hiri pakistandarreko bizilagunak desalojatu behar izan dituzte.

Aste honetako tentsio gorakada ez da lehena, inondik ere, bi herrialdeen artean. Tentsio gunea muga da, banaketa post-kolonialen bidez, ez baitu bi herrialdeen errekonozimendua: Pakistanek baino ez du onartzen. Hori horrela, bi herrialdeen historian ohikoak izan dira enfrentamenduak. Talibanen aferak are gehiago tenkatu du, ordea, bien arteko ustezko bakea: 2021ean AEBetako tropek alde egin eta talibanek Kabul hartu zutenean, are gehiago gaiztotu ziren. Harrezkero Pakistango talde talibanak babestea leporatzen dio Islamabadek Kabuli, eta erasoak horren aitzakiapean izan dira. Iaz ere izan zuten tentsio gorakada bat, urrian; eta hamar eguneko erasoen ostean, su-etena sinatu zuten, gaurdaino iraun duena.

Nazioartearen fokupean

Bi herrialdeen arteko erasoek alarma piztu dute nazioarteko komunitatean. Zenbait adituk lasaitasun mezua helarazi nahi izan dute, bi herrialdeen artean “gerra konbentzionala” izatea ez ei da litekeena, euren esanetan. Izan ere, indarren arteko orekarik ez dagoela gogorarazi dute. Pakistanek arma nuklearrak ditu, eta armada oso indartsua: munduko lehen hamabosten artean kokatu izan dute sarri. Afganistanen, aldiz, egoera ekonomikoak zaildutako armada dute, arma eta lehengai falta sakonarekin. Alegia, eskala handiko gerra baino, eraso txikiak eta gerrilla taktikak izan ditzakeen tentsioen gorakada posibleagoa dela adierazi dute.

Edozelan ere, nazioarteko komunitateak bizkor erantzun dio tentsioen gorakadari, eta laster heldu dira lasaitasun mezuak. Iranek, esaterako, bere burua aurkeztu du bi aldeen arteko negoziaketa gidatzeko; NBEko idazkari orokor Antonio Guterresek deia egin die bi herrialdeei nazioarteko legedia jarraitu eta beren betebeharrei erantzuteko.


Irakurri gehiago: Afganistan Nazioartea Asia Pakistan
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.