Paisaia bukoliko bat, noizbait erretzeko


2026ko uztailaren 27an - 11:46
Azken eguneraketa: 2026-07-28 14:58
Leire Ikaran/ARGIA CC BY-SA
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Miren Narbaiza

Non: Udako Kultura Salta zikloa, Aulestin (Bizkaia)

Noiz: uztailaren 7an.

--------------------------

26 urte dituen Ford Fiesta gris bat. Barruan gauden bostotatik, pare bat izango gara kotxe hau baino lehenago fabrikatuak. Eta hala ere badabil. Txoferrak dio apur bat “dramatika” dela bere Fiesta; konprobatu dut, enbragea zapaltzerakoak ateratako zarata arraro batzuk tarteko. Udako egun lainotsuetan sortzen den hezetasun hori gorputzean daramagula egin dugu Ondarroatik Aulestira bidaia. Azala azalera itsatsita. Behintzat ez gara kotxea bezain dramatikoak izan eta imajinatu dugu gure oporren helmugara egiten ari garen bidaia dela hauxe. Prekarioen ametsak Vol 1.

Aulestin, buruak “klik”, eta txikitako oroitzapenak: familia bazkariak erreka ondoan, lehengusuekin jolasak, gurasoen errietak; eta errekan, ziraun bat begira, oso bizkor dator, eta ni beldurrak itota. Gaur ere hor jarraitzen dute umeek, batzuk uger egiten, besteak saltoka, futboleko baloia ere airean alde batetik bestera.

Eszena udatiar horren ondoan ikusi dugu altuera txiki bat, albo banatan bafleak dituela. Hortxe izango dela Miren Narbaizaren kontzertua ondorioztatu dugu. Lurrean eseri gara, zabuaren ezkerretara. Ondoan, ume bat dabil gora eta behera, zerura iritsi nahian. Zerutiarra zuen ahotsa Lourdes Iriondok ere, eta bera gogora ekarrita hasi du kontzertua Narbaizak. Eta dena bilakatu da bukoliko: musikariaren atzean harrizko zubi bat, ahotsa, azpitik igarotzen den ibaiaren hotsarekin sintonian, lainoz betetako zeruak uzten duen sargori osteko argia eta urruneko haurren algarak abestien doinuen artean dantzan.

Negua udaberrituko da abestiaren letra entzun –"Nahikoa du bultzada bat/ haize ufada txiki bat/ nor bere patura askatu/ margotzeko bideak"– eta galerna abisua dakarren haizea sartu denean. Kontzertu osoan zehar bortizki jo duen unea izan da. Ostean etorri da Ausardiarik ez doinu motelagoetan, eta Narbaizak ahotsarekin duen erregistro zabala erakutsi du beste behin. Hasi du abestia leun, ia xuxurlatzen, eta bukatu du “ausardiarik ez, beldurra gainezka” buklean errepikatzen. Bafleetatik datorrena bortitz sartu zaigu, barruko beldurrak oihuka izango bagenitu legez. Badauzkagulako? Eta horiei iheska arituko bagina bezala iritsi da hurrengoa; ilun, ahotsa tonu batzuk beherago, gitarraren nota pausatu eta gordinekin. Inor begira izanda ere abestiaren bertsiorik uherrena ezagutu dugu. Gitarra albo batean utzi eta sinte-ekin geruza elektronikoagoa sartzen hasi da Lourdes Iriondoren beste kantu bati. Lautada (2023) diskoko bi abesti etorri dira jarraian. Eta amaiera badatorrela abisatuz ekarri ditu berera Joseba Tapia, Itoiz eta J Martina.

Azken abestiak utzi digu zer pentsatua kotxera iritsi arteko bidean. Bueltatu gara Zertarako iraun? galderari ezin erantzunda, sargoriaren epela gure barruan barreiatuta, joaneko bidaia baino isilago.

Egun batzuk beranduago iritsi zait erantzuna edo, I.-k itzuli berri duen liburuan utzitako oharrean: Etxe zaharrak erre ditzagun, eta sua barrenean sentitu. Irauteko iraganeko paisaia batzuk erre behar ditugula gogorarazi didate hitzok, eta bide berriak justu-justu kabitzen garen Ford Fiestan daudenekin eraiki.

Prekarioen ametsak Vol 2.: lanagatik itota, lagun batzuk kontzertura ezin izan dira hurbildu.

Hau beraientzat ere izan da.


Irakurri gehiago: Kontzertuak Kultura Musika
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...