UPNk Nafarroako eskoletan ezarri zuen Ingelesa Ikasteko Programa polemikotik ateratzea eskatu daiteke abenduaren 14a baino lehen. “Euskara barneratzeko oztopo” den “inposizio hori gainetik kentzeko aukera ederra” aprobetxatzera deitu ditu ikastetxeak Administrazioan Euskaraz Taldeak.
Gaztelaniazko PAI siglez ezaguna den programatik ateratzea urtero egin daitekeen eskaera da, eta aurten, abenduaren 14ra arteko epea dago. Hala erabakitzen duten ikastetxeek programatik ateratzeko plana aurkeztu behar dute: arrazoiak, helburu berriak, aurreikusten duten plantilla eta prozesuaren egutegia. Ikastetxeko zuzendaritzak egin behar du eskaera.
Elizondoko eskolak, adibidez, plan xehea aurkeztu zuen, programatik ateratzea eskatzeko. Hala kontatu zuen ARGIAn, Ingelesak itsututa? podcast saioan, bertako zuzendari Zuriñe Zubillagak. Programa uzteko arrazoia, atzerriko hizkuntzetan beharrean indarra euskaran jartzea: “Gure ikastetxean, ikasleen portzentaje handi baten ama hizkuntza ez da euskara, eta euskara indartzeko eta ongi lantzeko beharra ikusi genuen, gure ikastetxearen eta herriaren hizkuntza nagusia izanik. Goazen lehenengo oinarri horiek ongi ezartzera, eta etorriko dira gero gainerako hizkuntzak. Horrez gain, kanpo eta barruko proben emaitzak aurkeztu genituen, eta proba horiek adierazten zuten programa honek ez duela halako alderik lortzen ingelesaren emaitzetan”.
"Euskara indartzeko eta ongi lantzeko beharra ikusi genuen. Goazen lehenengo oinarriak ongi ezartzera, eta etorriko dira gero gainerako hizkuntzak"
Gordin mintzo da Administrazioan Euskaraz Taldea: PAI “euskara barneratzeko oztopoa” da, “etorkizunean ingelesa ongi ikasteko ere ez du balio”, eta “ikasgaiak ongi ez ikastea da programa honen lorpena”.
Nafarroako Gobernuak programa uzteko aukera eman zuenetik, dagoeneko PAItik atera dira Castejongo Dos de Mayo, Sarrigurengo Joakin Lizarraga, Tafallako Marqués de la Real Defensa, Erriberriko Príncipe de Viana eta Buztintxuriko ikastetxea. Noaingo San Miguelek, Elizondoko Francisco José Iriartek eta Garesko ikastetxeak ateratzeko eskaera egin dute.