argia.eus
INPRIMATU
Pablo Gonzalezek salatu du torturatua, mehatxatua eta presionatua izan dela Poloniako espetxean
  • Kazetariak adierazi du ez diotela argi azaldu zergatik espetxeratu zuten, eta espetxean zegoela “bere buruaz beste egitea” iradoki ziotela, Russia Today-n izandako elkarrizketa batean. Esan du laguntza “gutxien espero zen tokitik” etorri dela.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko abuztuaren 12a
Pablo Gonzalez euskal kazetaria, 2022ko otsailaren 28tik Polonian atxilotua izan dena.

Pablo Gonzalez euskal kazetariak espetxetik irten osteko lehen elkarrizketa eman du Russia Today (RT) komunikabidean, eta Polonian izan duen bi urte eta bost hilabeteko atxiloketaren buruzko informazioa eman du. Gonzalezek adierazi du bederatzi hilabetez “torturatua, mehatxatua eta presionatua” izan zela, eta “susmo bakarra” leporatu ziotela, EITBk jasotako elkarrizketaren bideoan ikus daitekeenez. “Galdetu nuen: Zer egin dut? Zer leporatzen didate? Esan zidaten: 'Beno, badakizu'. Ez nekien”, adierazi du Gonzalezek errusiar telebistan. Gonzalezek esan du errusiar inteligentziarekin lan egitea leporatu ziotela, baina ez ziotela berehala egotzi, “denbora baten ondoren” baizik, RT-ko kazetari Helena Villarrek zabaldutako bideoan ikus daitekeenez.

Oihana Goiriena kazetariaren emazteak adierazi du “aire naturalik gabe, hezetasunarekin, neguan hotz handiarekin eta berogailurik gabe giltzapetuta, eta udan bero eginda” egon dela Gonzalez espetxean. Espetxealdian hogei kilo galdu dituela esan du kazetariak, janari txarra zutela, eta ez zutela osasun arretarik. Espetxean urte bat eta erdi igaro zituenean, hamalau eurodiputatuk gutun bat helarazi zioten Poloniako justizia ministro Zbigniew Zobrori, non euskal kazetariaren egoera salatu zuten: "Espetxean eman dituen 18 hilabeteotan inkomunikatuta egon da, egunean 23 ordu eman ditu eguzki-argirik gabeko ziega batean”.

Kazetariak salatu du Poloniako kartzelan berarekin hitz egin zuen psikologoak “bere buruaz beste egitea” iradoki ziola, RT-k jaso duenez: “Psikologoarekin egindako saioak hamabost minutu iraun zituen, eta horietatik hamahiru bere bakarrizketa izan ziren. Zerbait gertatzen bazitzaidan, gaizki sentitzen banintzen, esan zidan nire buruaz beste egiten saia nintekeela”. Gonzalezek zehaztu du Polonian "agintari kriminal" zen pertsona bat jarri zutela bere ziegakide, antza bera “izutzeko” asmoarekin, baina nabarmendu du preso poloniarrek lagundu egin ziotela. "Lagun egin ginen, bera izan zen lehena esan zidana ni presionatzen ari zirela aurkako ezer ez zutelako. Eusteko esan zidan. Hori laguntza morala izan zen niretzat”, adierazi du Gonzalezek bere ziegakide jarri zuten presoaz, Heraldok jaso duenez.

Informazio faltsua, eta epaiketarik ez

Kazetariak esan du bere abokatuarekin lehen aldiz bildu ahal izan zuela atxilotu eta bederatzi hilabetera. Gonzalezek salatu du informazio faltsua argitaratu dela, hala nola kondenatua izan zela, eta Poloniako legediaren funtzionamenduari buruzko informazioa eman du. “Poloniako legedian hainbat urrats daude. Delitu baten susmagarria zara, gero hori leporatzen zaituzte, eta gero auzitegira joaten zara salaketa horrekin. Susmo bakarra egotzi zidaten, eta ez nuen epaiketarik izan”, adierazi du euskal kazetariak errusiar telebistan.

2022ko apirilaren 3an Poloniako Gobernuak zabaldutako adierazpen batean “froga handiak” zeudela esan bazuten ere, Goirienak zehaztu zuen pasaporte faltsuak erabiltzea leporatzen ziotela, baina berak bi pasaporte zituela arrazoitu orduko –Errusian jaio zelako eta haurra zenean Euskal Herrira joan zelako–, “isildu egin ziren”.

Laguntza, “gutxien espero zen tokitik"

Goirienak RT-n emandako elkarrizketa batean adierazi du bere senarraren espetxealdian zehar ez duela Espainiako Kanpo Arazoetako Ministerioaren deirik jaso, eta Espainiako Gobernuak “errugabetasun-presuntzioa urratu” duela, Eureka News informazio kanalak jaso duenez. “Esan dute bere aurkako karguak oso larriak zirela, eta frogak ukaezinak zirela, kargurik eta frogarik egon ez denean. Ez dute ezer egin egoera desblokeatzeko, ezta bere oinarrizko eskubideak errespetatzeko ere”, salatu du Goirienak Espainiako Gobernuagatik.

Euskal kazetariak adierazi du laguntza “gutxien espero zen tokitik” etorri dela. Presoen trukearen berri eman zenean, Poloniako zerbitzu bereziek Gonzalezi “bere ustezko errua” onartzeko presioa egiten jarraitu zutela informatu du RT-k, baina Gonzalez presoen trukean sartzeko erabakia Washingtonetik etorri dela.