Lehenbiziko auzi-saiora agertu ez delako eskatu du Poloniako Fiskaltzak Pablo Gonzalez euskal kazetariaren aurkako atxilotzeko agindua. Orain, Varsoviako Apelazio Auzitegiari dagokio espioitzagatik akusatutako kazetariaren kontrako agindu hori onartu ala ez erabakitzea. 2004an geratu zen aske Gonzalez, bi urte baino gehiago preso egon ostean.
Anna Ptaszek Varsoviako Barrutiko Auzitegiko bozeramaile magistratuak EFE agentziari azaldu dionez, auzi-saiora ez agertzeaz gain, Gonzalezek ez die erantzun e-postaz zein Espainia, Polonia eta Errusiako etxebizitzetara bidalitako zitazioei. Poloniako Justiziak uste du Gonzalez Errusian dagoela 2024az geroztik, Polonian ia bi urte eta erdi espetxean eman ostean, presoen truke-operazio batean aske geratuta, bere aurkako prozesu judiziala hasi gabe zegoela oraindik ere.
Fiskaltzaren atxilotze-agindua eman ala ez erabaki beharko du, orain, Varsoviako Apelazio Auzitegiak. Eperik ez dago zehaztuta horretarako, baina estradizioa eskatzen den kasuetan, tramiteak hilabete luzatzen dira gehienez.
Poloniak berriz ireki zuen Gonzalezen aurkako prozesu judiziala
Pablo Gonzalez 2022ko otsailean atxilotu zuen Poloniako zerbitzu sekretuak, espioitza leporatuta. 2024an aske utzi zuten preso trukaketa batean. Iazko abuztuan, baina, Varsoviako auzitegiak bere kasua berriz ireki zuen. Horretarako arrazoia ez zuten publikoki azaldu,"informazio sailkatua" delako, Anna Ptsazek magistratuaren hitzetan. Ebidentziarik gabe, Errusiako inteligentzia militarraren alde jardutea leporatzen diote Gonzalezi.
Segurtasun handiko Radomgo espetxean egon zen bi urte eta bost hilabetez, epaitua izan gabe. Kazetariak berak espetxeko baldintza gogorrak salatu zituen: lehenengo hilabetetan 20 kilo inguru galdu zituen, espetxeko menua ez zen nahikoa bizirauteko eta kanpoko senide edo lagunen laguntza ezinbestekoa zen bestelako elikagaiak erosteko. Arreta psikologikoaren egoera ere salatu zuen Gonzalezek: "Nire buruaz beste egitera animatu ninduen psikologoak, bere hitzetan ez baita dirudien besteko erraza".