argia.eus
INPRIMATU
Ostiralean zabalduko dute Labore Bilbo elkartea
  • Elikadura burujabetza bultzatzea eta saretzea xede duen proiektua da Labore Bilbo. Abenduaren 1ean irekiko ditu ateak denda itxurako kontsumo elkarteak Santuxun.

Uriola.eus @uriolaeus 2017ko abenduaren 01

Santutxuko Haro Plazako 3. zenbakian kokatutako dagoen lokalak ostiraletik aurrera, abenduak 1, ohiko denda eta saltokien ordutegi berdintsua eskainiko du. Bertako jaki osasungarriak egongo dira salgai Laboren. Agroekologiaren baitan produzituak eta, "zer esanik ez, harreman soziolaboral justuetan oinarrituak", Laborekideen arabera. Osasun zein jatorriaren inguruko garantia guztiak zehazteko batzorde tekniko zabal bat osatu dute, eta proposaturiko irizpideak asanblada bidez izango dira onartuak. 

Labore Bilbo irabazi asmorik gabeko elkarte bat da. "Bestelako ekonomia eredu batean" sinisten duena. "Harreman eta prezio justuetan" oinarritzen den ekonomian, alegia. Hori dela eta, elkarte berrian, kontsumitzaileek kalitatezko produktuak "prezio herrikoietan eskuragarri" izango dituzte, hornitzaile izango dituzten nekazariek "prezio duina" jasoko dute jakien truke eta elkartearen baitan "lanpostu duinak" sortuko dituzte.  

Bazkideak oinarri

Labore Bilbo auzolanean finkaturiko proiektu profesionala, da eta proiektuaren bizkarhezurra bazkideek osatzen dute. Bazkideak dira Laboreren jabe eta garante, "modu zabal eta demokratikoan" antolatuak. Hilabete gutxian 250 bazkidetik gora batu ditu. 500 bazkidera heltzea espero dute urtea bukatu baino lehen.