argia.eus
INPRIMATU
Ostiralean Jutsin, hartzak Pirinioan kaltetutako artzain euskaldunen aldeko gaualdia
  • Abuztu amaieran beren artaldeak galdu zituzten Oztibarreko bi artzainek Biarnoko mendietan, hartz baten erasoz. Artzain horien sustenguz, elkartasunezko gaualdia antolatu dute ostiral honetan, urriaren 18an, Jutsin (Nafarroa Beherea).

ARGIA @argia 2019ko urriaren 16a

Ardiak galtzean dena galdu duten bi artzain baxenabartarreren aldeko elkartasunezko ekitaldiak 18an arratsalde-ilunabarrean luzatuko dira. 19:00etatik talo eta edariak erosi ahal izango dituzte bertaratuek. 21:00etan Jutsiko elizan kantatuko dute Menditarrak eta Oilarrak taldeek. Ondotik dantzaldia izanen da ezker paretan, Holako taldearekin.

Bunuze eta Jutsikoak (Nafarroa Beherea) dira hartzak gogor kaltetutako artzainak, eta haien ardiak Cauteretsen (Okzitania) izan ziren erasotuak. Irailaren 30ean goizean goiz eman zuten nekazariek gauean haien ardiak erasotuak izan zirenaren abisua. Lehen kontaketan uste izan zuten hartzak hamabost ardi hil zizkiela, beste hainbat zaurituz, eta gai honekin agintariek daramaten jokabidea salatzeko ELB sindikatuak Baionako suprefekturaren atarian utzi zituen hildako aziendak. Tamalez, beranduago jakingo zenez, mendian ihesi desagertutako ardietako asko ere hilik aurkituko zituzten.