Ostiralean etxetik bota nahi dute sei adin txikiko familia babesteko deia Gasteizen

  • Abendaño eta Miguel de Unamunoko hezkuntza komunitateek etxegabetzea eten dadila eta familiari kalitatezko bizitoki alternatiba bat eskain diezaiotela eskatu diete erakundeei. Familiako hiru haurrek Miguel de Unamuno BHIn ikasten dute, eta beste hirurak Abendaño HLHIn. Txagoko Komunitate Sareak eta Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak etxegabetzea gelditzera deitu dute.


2026ko urriaren 19a - 11:18
Azken eguneraketa: 2026-10-20 11:40
Ostegunean Miguel de Unamunon egindako elkarretaratzea
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ostiral honetarako aurreikusitako etxegabetzearen aurrean kezka eta babesa adierazteko prentsaurrekoa egin zuten Miguel de Unamuno BHIko irakasleek, ikasleek eta familiek ostegunean. Sansomendiko Los Huetos etorbideko 28. zenbakiaren etxegabetzea gelditu ezean, ikastetxeko hiru ikasle etxerik gabe geratuko direla salatu zuen hezkuntza komunitateak.

Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren arabera, familia udaleko gizarte zerbitzuetara jo du alternatiba bat eskatzera, baina ezezkoa jaso dute. Horren aurrean, Txagoko Komunitate Sareak gogor salatu du “adin txikiko baten etxebizitza eskubideari erasotzea hezkuntzarako zein haurren gainontzeko oinarrizko eskubideen urraketa nabarmena” dela, eta argi utzi nahi izan dute erazoen aurrean, auzoan etxegabetutako bi familien zein beste edonork “komunitatean topatuko dutela babesgunea”. Are gehiago, Antolakuntza eta elkartasuna. Etxebizitza eskubidea bermatu! lelopean etxegabetzea geldiarazteko mobilizazioekin eta saretzearekin bat egitera deitu dute.

Beste etxegabetze bat auzoan

Ez da hezkuntza komunitatean ematen den lehenengo kasua, hilabete hasieran ere Abendaño ikastolako eta Miguel de Unamuno BHIko bi adin txiki dituen beste familia bat etxegabetu baitzuten. Urriaren 5ean egin zuen Abendaño ikastolako hezkuntza komunitateak kontzentrazioa, Poliziak familia kale gorrian utzi zuen egunean.

Gero eta gehiago dira kale gorrian uzten dituzten eta adin txikiko haurrak dituzten familien inguruko salaketak Gasteizen (Txagokoa, Zerkabakarren kalekoa eta Judimendikoa azkenengo hiru asteetan, hain zuzen). 

Abendaño ikastolako hezkuntza komunitatean elkarretaratzea, urriaren 5ean.

 


Etxegabetzeak kanalean gehiago
2026ko urriaren 28
Ekarpena

2026ko urriaren 12
BARRA WARROAK
Arratoiak eta gezurrak

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.