Ostiral honetan sartu da indarrean EBren Migrazio eta Asilo Itun berria, migratzaileen eskubideen gainetik pasaz

  • Migratzaileen eskubideak urratuko dituen migrazio- eta asilo-politika berri bat abian jarri du Europar Batasunak ekainaren 12 honetan. Besteak beste, inolako lotutarik ez duen herri batera kanporatua izaten ahalko da asilo eskaera errefusaturik daukan migratzailea. 

Azken urteetan indartu egin da mugak hesteko Europar Batasunaren politika. Argazkian, Bielorrusia eta Poloniaren arteko muga. AFP/Belta

2026ko ekainaren 12an - 13:11
Azken eguneraketa: 15:34
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Europar Batasuneko kanpo mugetara heldutako migratzaileak sistematiko fitxatzeko eta kontrolatzeko prozedura berria jarri du martxan Europar Batasunak ostiral honetan. Atxiloturikoen hatz markak, argazkia eta nortasun agiriak Eurodac izeneko datu basean gordeko dituzte eta "modu azeleratuan" aztertuko dituzte beraien asilo edo babes eskaerak; kanporaketa prozedura ere bizkortuta. Prozedura azkar horiek "berme legal gutxiagokoak" direlakoan, giza eskubideen alde dabiltzan egituren partetik kritika gogorrak jaso ditu Europar Batasunak abian jarritako Migrazio eta Asilo Itun berriak.

"Itun berri horren ondorioz, EBko estatu kide batean asiloa eskatu duten pertsonak kanporatzen ahalko dira, haien eskaera sakonki eta zuzen aztertu gabe, eta eskaeraren errefusaren gaineko kontrol jurisdikzionalik gabe", dio migratzaileak laguntzen dabilen Gisti elkarteak. Oro har, orain artean giza eskubideen izenean blokeaturiko neurri batzuk martxan jartzearen alde egin du EBk.

Nazioarteko bestelako herri "seguruekin" lankidetza ere dakar itunak, eta hori da elkarteei izu eta kexu gehien sortzen dien neurria. Asilo eskaera errefusaturik dutenak bestelako herri horietara kanporatzen ahalko dituzte, nahiz eta migratzaileak inolako loturarik ez ukan helmugako herri horrekin. Gaur egun %80ak ez du lortzen EB gelditzeko baimena.

2024ko apirilaren 10ean bozkatu zuen Europako Parlamentuak eta ostiral honetan sartu da indarrean itun berria. "Ikuspegi eraginkorra, justua eta irmoa", Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenen hitzetan, "kanpo-muga seguruagoak", "estatu kideen arteko elkartasuna" eta "asilo- eta itzulera-prozedura eraginkorragoak" ahalbidetuko dituelako. Eskuin muturrak geroz eta leku gehiago du Europako Parlamentuan eta gisa horretako aldaketak dakartza panorama berriak.  ‘Make Europe great again’ ideologiari tiraka, gogortuz doa Europaren migrazio-politika erreportajean eman zuen ARGIAk bilakaera horren berri.

Asilo eskatzaileei bideratu beharreko harrera EBko herrien artean banatzeko urratsa hartu da, herrien arteko "elkartasunaren" izenean. Horretarako, EBko kide bakoitzak onartu beharko ditu bere lurraldean hainbat eskatzaile eta egin ezean, sarbidea ukatzen dieten iheslari bakoitzeko 20.000 euro ordaindu beharko ditu. Italia, Grezia, Espainiako Estatua, Zipre eta Malta bezalako herriek kudeaturiko migrazio-sarrerei guztien artean erantzun ahal izatea da xedea. 


Europar Batasuna kanalean gehiago
2026ko uztailaren 17
Goizean argi
Estatu kolpe

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...