argia.eus
INPRIMATU
Ostiral Beltza: kontsumismoak ingurumenean eragiten dituen ondorio larriak
  • Arroparen erabilgarritasuna urtebete luzatzeak, berotegi efektuko gas isurketa %24 murriztu eta ur kantitate handiak aurreztuko lituzke, Greenpeacek zabaldutako datuen arabera.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko azaroaren 25

Moda munduko joeren eta ehungintzak sortzen dituen hondakinen inguruko ikerketa argitaratu du Greenpeacek, eta agerian utzi ditu gehiegizko kontsumismoak dakartzan ondorioak. Ostiral Beltza (Black Friday) delakoaren harira plazaratu du txostena. Eskaintza bereziak egiten dituzte ehunka marka eta dendak urtero Ostiral Beltzean.

Ikerketaren arabera, arropa ekoizpena bikoiztu egin da 2000 eta 2014 urteen artean. Salmenta ia bilioi bat eurokoa zen 2002an, 1,7 bilioi eurokoa 2015an, eta kalkulatzen denez, 2 bilioi eurokoa izango da 2025ean.

Horrek dakarren ingurumen inpaktua aztertu du Greenpeacek. Ehungintza fabriketatik substantzia kimikoak isurtzen dira, ibai eta itsasoak kutsatuz. Laborantza lurrak ere kaltetzen dituzte fabrikek, kotoi langintzarako baliatzen dituzten pestizida eta energia maila altuak direla eta.   

Horrez gain, zuntz sintetikoen erabilpenak gora egin duela azaldu du txostenak, bereziki poliesterrarena. Material horrek CO2 kantitate handiak igortzen ditu, kotoiak baino hiru aldiz gehiago, eta hamarkadak behar ditu degradatzeko. Greenpeacek azaldu duenez, birziklapena ez da irtenbidea, baztertutako arropaz gainezka daudelako merkatuak, eta horien birziklapen osoa ziurtatzen duten teknologiak ez direlako bideragarriak. Hori dela eta, berrerabili daitekeen arropa ekoiztu behar da, iraunkorra eta konpongarria dena, ikerketaren arabera.

Izan ere, arroparen erabilgarritasuna urtebete luzatzeak, berotegi efektuko urteko gas isurketa murrizten du %24, Greenpeacek azaldu duenez. Horrez gain, ur kantitate handiak aurreztuko dira modu horretan, eta substantzia arriskutsu gutxiago askatuko dira ingurumenera.     

Greenpeacen Detox kanpainiak 78 enpresen babesa jaso du 2011tik. Horrez gain, gero eta jende gehiagok erabaki du ‘Black Friday’ delakoaren ordez, ‘Buy Nothing Day’ ospatzea, ezer ez erosteko eguna, alegia.