Euskara Gara lelopean jendetza bilduko da Atharratzen, eta 40 urte geroago, Zuberoako herri horretatik abiatuko da 15:30ean, herriz herri, martxoaren 29an Bilbora heldu arte. Goizetik murgilduko dira besta giroan, eta Atharratzen hasitakoa Maulen jarraituko dute. ARGIAk jarraipen berezia egingo dio 24. Korrikari, egunero webgunean.
Basabürüako euskaltzaleek eta AEKko kideek "auzolan erraldoian" egun osoko egitaraua osatu dute martxoaren 19rako, Korrika besta giroan hasteko. Mezu ezkutua lekukoan sartuko dute Atharratzen, eta 3.436 lekuko-hartze eta 2.175 kilometro egin ostean, Bilbon ezagutaraziko dute 24. Korrikako mezua, baita nork idatzi duen ere, martxoaren 29an. 40 urteren ostean, berriro ere Atharratzetik hasiko da Korrika, eta 15:00etako hasiera ekitaldian azpimarratuko dute ekimena Basabürüan hasteak duen garrantzia: "Basabürüan, euskararen egoera larria den arren, 24. Korrikak erakutsiko du bertan euskararen transmisioa eta erabilpena ez direla eten, euskaraz bizitzeko nahia badela. Espero dugu euskararen aldeko besta erraldoia helduen aktibazio linguistikorako tresna izanen dela". Bixente Claverie AEKren Nazio Kontseiluko Ipar Euskal Herriko kideak egoera sakonago azaldu zuen ARGIAko elkarrizketa honetan: “Borondatea baldin badugu, lortuko dugu 2050ean hiztunen kopurua %30 izatea”.
ARGIAk egunero egingo du Korrikaren jarraipena, webgunean. Korrikarekin batera joango da Leire Artola kazetaria eta eguneko kronikak eskainiko ditu, eta Imanol Epeldek umorezko bideo laburrak egingo ditu. Gainera, Atharratzen eta Bilbon ARGIA aldizkariaren azken zenbakiak eskura banatuko ditu lantaldeak, euskarazko kazetaritza independentea ahalik eta herritar gehienengana irits dadin.
Korrikaren lehen eguneko egitaraua goizeko 10:00etan hasiko da, Korrika Ttipiarekin, eta goiz osoan hainbat ekimen izango dira Atharratzen: txaranga, ikusgarri, dantzaldi, jigante, gaiteroak eta beste. 15:30ean Maulerantz egingo du Korrikak, eta, hain zuzen, bertan jarraituko du osteguneko festak: Utxaranga, Kuartz eta Frigo taldeek jarriko diote doinua, besteak beste. Antolatzaileek ziurtatu dute jateko eta edateko aukera izango dela gaualdia amaitu arte.
Bertaratuko den herritar kopuru handia ikusita, antolatzaileek informazio praktikoa eman dute. Atharratzera joateko autobusak jarriko dituzte toki ugaritatik, eta autoak aparkatzeko guneak zein furgonetetan gaua pasatzeko toki berezi bat ere bai. Eskatu dute Korrika abiatu ostean 17:30 arte –Maulera heldu arte– ez ateratzeko Atharratzetik, bide bakarra baitago. Xehetasun gehiago hemen.