19:00etan izango da aurkezpena, San Jeronimo kaleko Kripta aretoan, Donostiako alde zaharrean. Solasaldia egingo da Asier Basurto Arruti egilearekin, ARGIAk eta Bizilagunekin plataformak elkarrekin antolatuta. Apirilaren 15ean amaituko da ARGIAk ipini duen eskaintza berezia: epe hori baino lehen ARGIAkoa eginez gero, liburua opari.
Turismo ereduari buruzko analisia egin eta desazkunde turistikoaren aldeko gogoetak plazaratzen ditu Asier Basurto Arrutik, ARGIArekin kaleratu duen Turismoa. Desazkundera bidaia saiakera liburuan. Apirilaren hasieran argitaraturiko elkarrizketan, Basurtok besteak beste defendatzen du bestelako eredu baterako urratsak ematea beharrezkoa dela, egungo turismo ereduak hainbat muga begien bistan ipini dituelako, batik bat azken urteotan; esaterako, etxebizitzaren arazoan, ingurumenean, enpleguan eta identitate kulturalean. Izan ere, herritarren bizitzen aspektu guztietan eragiten du turismoak. Horregatik, honela dio Basurtok: "Ihes egin behar da soilik saturatutako egunez eta saturatutako zonaldeez hitz egitetik; ikusi behar dugu gizarte egitura osoan zer ukitzen duen turismo-ereduak".
Webgunera ekarri dugu liburuaren hitzaurrea, ARGIAko kazetari eta liburuaren editore Gorka Peñagarikanok idatzia.
Kronologia ariketa egin eta ondoren, kapituluz kapitulu, egungo turismo ereduaren analisia egin du Basurtok, gaika banatuta. Turistifikazioak denetariko ondorioak, arriskuak eta kalteak sortzen dituela erakutsi du. Hirugarren atalean, liburuaren erdialdetik aurrera, beste eredu baterako urratsak ematea proposatzen du. Ezer baino lehen, egungo egoeraz eztabaida kolektiboa sustatu behar dela irizten dio. Norabideak hiru hanka izan behar dituela uste du: lehenbizi, lurraldeen turistifikazioari erresistentzia egitea proposatzen du, oraindik ere inertzia delako turismoaren pisua hazten joatea; bigarrenik, turismo sektorea eraldatu behar dela uste du, sektoreak tokiko ekonomian duen pisua eta zentralitatea jaitsita, klabe lokalagoetan hitz eginda, ekologian pentsatuta, eta sektorearen lan baldintzak duinak izango direla bermatuta, besteak beste; eta hirugarrenik eta azkenik, bestelako opor eredu bat kolektiboki eta kolektiboarentzat asmatzeko hainbat gako ematen ditu, eskubide eta praktika jasangarri gisa.
Liburuaren egilea, Asier Basurto Arruti, Donostiako Bizilagunekin desazkunde turistikoaren aldeko herritar taldeko kide da bere sorreratik, duela hamar urtetik. Donostiaren turistifikazio prozesuaren aurka eta bestelako hiri-eredu baten aldeko ekintzak sustatzen dituzte, datuen azterketa, eztabaida, salaketa, mobilizazioa eta proposamen egingarrien eraikuntza sustatuta.
ARGIAk eta Bizilagunekin plataformak elkarlanean, Turismoa. Desazkundera bidaia liburua aurkeztuko da ostegun honetan, apirilaren 16an, Donostiako alde zaharrean. San Jeronimo kaleko Kriptan egingo da aurkezpen gisako solasaldia, 19:00etan hasita.
