Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA mende bat baino gehiagoz, Zeruko Argia-ren hasierako garaietatik hona. Ehunka kazetari eta idazle, milaka artikulu eta idazlan. Digitalizazio prozesu zorrotz baten ostean, ibilbide hori guztia orrialdez orrialde eta urtez urte kontsultatzeko aukera izango du edonork urriaren 8tik aurrera, Hemeroteka berriarekin. Euskarazko altxor bat, 150.000 orrialdetik gora, ondare oso bat, lizentzia libreekin denon eskura sarean.
107 urteko historia duen kazeta honen zenbaki guztiak webguneko atal berezi batean kontsultatu eta erabiltzeko moduan izango dira ostegunetik aurrera, modu bisual eta errazean, eta CC-BY-SA lizentziapean: argia.eus/hemeroteka
1919an Iruñean sorturiko Zeruko Argia, gerra aurreko Donostiako Argia, 1950eko hamarkada amaieratik aurrera berriz argitaratu zen Zeruko Argia berritua, eta 1980an langileek euren esku hartu ostean gaur egungo ARGIA denaren zenbaki guztiak igo ditugu sarera.
Horrez gain, gerraosteko erbestean noizetik noizera kaleratu ziren hainbat Argia ere aurki daitezke Hemeroteka zabal honetan, baita aldizkariarekin batera bere historian banatu izan diren zenbait gehigarri ere: Larrun hilabetekariaren 320 zenbakiak, Bizi Baratzea Orria hiruhilerokoa, urtero kaleratzen den Gakoak aldizkari berezia, gerraurreko Txistu komikia, TXT komikia, eta Sagarrondotik monografikoa.
Euskal prentsako argitalpen dekanoaren unibertsoan barneratu ahal izango da erabiltzailea, aldizkariak orrialdez orrialde eta hitzez hitz kontsultatu, edo PDF formatuan jaitsi eta originalean argitaratu ziren moduan patxadaz irakurtzeko aukerarekin.
Hemeroteka honekin, ARGIAk bere ibilbidean sorturiko ondare material eta kultural guztia herritarren esku jarriko du. Urtearen hasieran Fototekan 100.000 argazkitik gora lizentzia librean jarri genituen bezala, oraingoan ere berdin jokatu dugu. Eduki guztiak libre eta doan zabaltzeko hedabide honek duen filosofiari jarraitzen dio orain emandako urratsak, gure ustez ez baitu zentzurik eragitea helburu duen kazetaritzari giltzarrapoa edo hesiak jartzeak, are gutxiago edukiak hizkuntza zapaldu batean eginak izan badira.
Orain arte, ARGIAren azken hogei urteak “soilik” kontsultatu zitezkeen Argia.eus atarian modua askean; hemendik aurrera 1919tik gaur egun arteko zenbaki guztiak egongo dira. 152.949 orrialde sareratuko ditugu euskara hutsean, eta ehunka kazetari zein idazleren sinadurarekin argitaraturiko milaka artikulu, erreportaje, elkarrizketa eta iritzi eskura izango ditu irakurleak.
Hemerotekan sakondu nahi baduzu, Urko Apaolaza lankideak egindako erreportajea gomendatzen dizugu: ARGIAren Hemeroteka berria: esan zirenak, esango direnak.