60 bat estatuk jaso dute Donald Trumpek gidaturiko Bakearen Batzordeko kide izateko gomita, eta oraingoz 27k dute onartu. Azken datuei segi, 32 herrialdek dute Washingtonen egitekoa duten lehen bileran parte hartuko, baina horietariko batzuk behatzaile gisa –horietan dago Europako Batzordea–.
Davoseko Munduko Ekonomia Forotik eman zuen Donald Trumpek Bake Batzordearen nondik-norakoaren berri urtarrilaren 22an eta gaur eginen du lehen bilera. Kutsu politiko handiko hitzordua dute Washingtonen, hain justu, anitzek dutelako NBEren konkurrentzia gisa ikusten egitura berri hori. Hain zuzen, hastapen batean Gazara begira osaturiko batzordeak, azkenean, zabalagoa du helburua: mundu mailako gatazkak konpontzeko funtzioa luke. 60 bat herrialderi bidali die gomita Trumpek –bere gomita ukan ezean ezin delako parte hartu– eta 27k dute onartu. Hamar bat estatuk esplizituki errefusatu dute gomita, tartean dira, Frantziako eta Espainiako Estatuak, Polonia, Kroazia, Zeelanda-Berria, Norvegia...
Parte-hartzaile gehienen izenak jakinak dira. Hungariako Lehen ministro Victor Orban izan zen lehena bere kidetza baieztatzen, eta bigarrena, berriz, Argentinako Javier Milei. Biak eskuin muturrekoak. Tartean da Israel ere, kidetza ofiziala otsailaren 11n egin zuena –nola ez, Trumpen jarrera sionistari segi, Palestinak ez du gonbitik jaso–, eta Kanpo Harremanen ministro Gideon Saar egonen da Washingtonen. Bestalde, Albaniako Lehen ministro Edi Rama, Indonesiako presidente Prabowo Subianto, Vietnameko Alderdi Komunistako idazkari nagusi To Lam eta Kanbodiako Lehen ministro Hun Manetek ere baieztatu dute beraien presentzia. Egiptoko, Turkiako eta Qatarko ordezkaritzek ere bertan egon beharko lukete, baita Arabiar Emirerri Batuak, Maroko eta Bahrainek ere, Davosen aurkezturiko hitzarmenaren lehen sinatzaileen artean izanda. Hots, Israelekin harremanak normalizatzeko 2020ko Abraham akordioak sinatu zituzten herrialdeetako anitzek diote gomita onartu.
Atxikimendurik ezean, hainbat herrialdek eta erakundek aukeratu dute behatzaile egotea. Horien artean da Europako Batzordea, zeinek Dubravka Šuica Mediterraneoko komisarioa bidali duen ordezkari gisa. Horrez gain, Italia, Errumania, Grezia, Txekiar Errepublika eta Zipre ere dira behatzaileen artean.
Saharaz hegoaldeko Afrikako estatu bakar batek ere ez du jaso gonbita.
Truth Social sare sozialean adierazitakoaren arabera, kideen diru ekarpena ofizializatzeko unea izanen dute lehen bilera hori. Estatukideek 5.000 milioi dolar (4.220 milioi euro) baino gehiagoko konpromisoa ofizial egin beharko lukete, "Gaza berreraikitzeko eta laguntza humanitarioa" bertara emateko. Trumpen nahiari segi, kide iraunkorra izateko estatu bakoitzak 1.000 milioi dolar (851 bat milioi euro) jarri beharko ditu, eta bestela hiru urte bakarrik egon ahalko da batzordean. Bake Kontseiluak aurreikusten duen "egonkortzeko nazioarteko indarra" ere ukan beharko lukete aipagaietan.