Espainiako Estatuan amiantoaren biktimentzako onarturiko funtsak martxan jarri zirenetik gehiengo zabal bat kanpoan geratu da, Espainiako Gobernuaren Errege Dekretuko baldintzak ez dituztelako betetzen. Hala salatu du Asviamie amiantoaren biktimen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako elkarteak.
Amiantoaren biktima guztiak konpentsatzeko funtsa garaipentzat jo zen, duela urte batzuk Espainiako Kongresuan onartu zenean, baina biktimak errealitatearen aurrean aurkitu dira orain. Espainiako Gobernuak iaz onartu zuen dirulaguntza horiek emateko araudia, errege dekretu bidez, eta Asviamie amiantoaren biktimen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako elkarteak salatu du oso motz geratzen dela.
"Oso frustagarria da, urte ugari funtsa lortzeko borrokan aritu ostean eta lortu genuela uste genuenean, iaz errege dekretua onartu zen, funtseko laguntza zeinek jaso eta zenbat diru jaso ezartzen duen araudia. Bada, moduren batean, araudi hori legearekin kontraesanean dago, eta soilik gutxi batzuek dute laguntzak jasotzeko eskubidea", azaldu du Jon Garcia Espainiako biktimen federazioko (Fedavica) bozeramaileak, Ser irrati kateak jaso duenez.
Espainiako Gobernuak aurrekontuetan osotara funtsarentzat gordetako diruaren laurdena ere ez du bideratu oraindik. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kasuan, adibidez, diru laguntzak jasotzeko egindako hamar eskaeratatik sei kanpoan geratu dira
Espainiako Gobernuak aurrekontuetan osotara funtsarentzat gordetako diruaren laurdena ere ez du bideratu oraindik. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kasuan, adibidez, diru laguntzak jasotzeko egindako hamar eskaeratik sei kanpoan geratu dira. Biktimek diotenez, errege dekretuak erabat murriztu du funtsera sarbidea, eta jasotzen diren laguntzak ere, bide judizialetik joanda lor daitekeenak baino askoz murritzagoak dira, 32.000 eta 100.000 euro artekoak.
Hala, eskatu dute indemnizazioak beste kolektibo batzuetara ere zabaltzea, adibidez ezintasun iraunkorra aitortuta ez baina amiantoarekin kontaktuan izan diren langileengana, amiantoagatik hildako langileen senideengana, baita amiantoari loturiko beste laneko gaixotasun batzuk sufritzen dituzten lagunengana ere.
Elkarretaratzea auzitegi aurrean
Astelehenean Donostiako auzitegi aurrean elkarretaratu dira Asviamieko ordezkariak eta amiantoaren biktimak, mesoteliomagatik hildako langile baten auzian senideei babesa emateko.
"Ematen du Gizarte Segurantza biktimak hiltzeko zain dagoela erabakia hartu aurretik, laguntzak eskatu ahal izateko bidea konplikatzeko"
Jesus Uzkudun (Asviamie)
Langileak urte luzez egin zuen lan CAF enpresan tornulari bezala eta bere sailetik 300 metro ingurura, pabilioi berean trenetako bagoiak amiantoarekin isolatzeko lanak egiten ziren. Asviamiek dioenez zuntz kutsagarriak erraz barreiatzen ziren, eta horren ondorioz sortu zitzaion mesotelioma, sail horretako beste langile bati gertatu bezalaxe.
Nafarroako osasun zerbitzuek 2025ean onartu zioten gaixotasuna, eta 206.000 euro egokitzen zitzaizkion, baina biktimen elkartearen esanetan gizarte segurantza luzamendutan ibili da auzian zehar. Asviamieko ordezkari Jesus Uzkudun kexu azaldu da Donostian, auzitegi atarian: "Ematen du Gizarte Segurantza biktimak hiltzeko zain dagoela erabakia hartu aurretik, laguntzak eskatu ahal izateko bidea konplikatzeko".