Ostiral goizean bozkatu dute Euskal Hirigune Elkargoko Batzorde Exekutiboaren osaketa. Apirilaren 11n presidente izendaturiko Alain Iriart abertzaleak zehaztu du ez dela egon izendapenei buruzko elkarrizketetan eta hori "hautetsien gain uzteko erabakia" dela. Batzorde Iraunkorraren osaketa ere adostekoa dute batzarrean.
Euskal Hirigune Elkargoko Kontseilu Exekutiboa 15 lehendakariordek, 9 gaikako ordezkarik eta lurraldekako 10k osatzen dute; eta Batzorde Iraunkorrean dira 34 ordezkari horiez gain, beste 38 hautetsi ere. Ostiral goiz honetan Ipar Euskal Herriko 158 herrien 232 ordezkariek egindako batzarrean bozkatu dute Batzorde Exekutiboaren osaketa berria. Hirigune Elkargoko presidente Alain Iriart abertzaleak zehaztu duenari segi, ez du parte hartu izendapenak bideratzeko elkarrizketetan eta hamar lurralde-eremuek egindako proposamenetan oinarritu da, "erabakia hautetsien gain uzteko".
Hori horrela, izen berriak sartu dira Kontseilu Exekutiboan, eta azken agintalditzako batzuk hor badira ere, batzuk arduraz aldatu dute. Berria-k jaso duenez, "ez nator dena azpikoz gora ezartzera" adierazi du Iriartek hastapeneko hitzartzean eta horrela da, lurralde eta tendentzia politikoen arteko oreka gailendu da aldi honetan ere. Gizon-emakume parekidetasuna, ordea, ez da bete Hirigune Elkargoko goiko esparru horretan. Izan ere, lurralde eremuetatik egin dituzten proposamenetan ez dute beti parekidetasun printzipioa errespetatu. Egoera kritikatu du Sohütako (Zuberoa) auzapez macronista Christelle Mangek: "Ez dut ulertzen zergatik azken postu guziak gizonei atxikiak zaizkien". Eredu izateko deia egin die hautetsiei eta txalo zaparrada jaso du, azkenean, presidenteorde izendaturikoak.
Horra nola geratu den agintaritza berrirako osaketa:
1. lehendakariordea: Anne-Marie Bruthe (Amenduze, Nafarroa Beherea).
2. lehendakariordea: Eneko Aldana (Ziburu, Lapurdi)
3. lehendakariordea: Sylvie Durruty (Baiona)
4. lehendakariordea: Daniel Olzomendi (Izura, Nafarroa Beherea)
5. lehendakariordea: Florence Lasserre (Angelu, Lapurdi)
6. lehendakariordea: Peio Abeberry (Miarritze, Lapurdi)
7. lehendakariordea: Fabiene Hirigoyen (Mugerre, Lapurdi)
8. lehendakariordea: Peio Etxeleku (Kanbo, Lapurdi)
9. lehendakariordea: Claude Olive (Angelu, Lapurdi)
10. lehendakariordea: Antton Curutcharry (Baigorri, Nafarroa Beherea)
11. lehendakariordea: Joseba Erremundeguy (Baiona)
12. lehendakariordea: Jean François Irigoyen (Donibane Lohizune, Lapurdi)
13. lehendakariordea: Christelle Mange (Sohüta, Zuberoa)
14. lehendakariordea: Herve Damestoy (Lekorne, Nafarroa Beherea)
15. lehendakariordea: Nicolas Narbey (Samatze, Nafarroa Beherea)
Gaikako kontseilari ordezkariak dira Emmanuel Alzuri (Bidarte, Lapurdi), Serge Blanco (Miarritze, Lapurdi), Anthony Bleuze (Angelu, Lapurdi), Kotte Ecenarro (Hendaia, Lapurdi), Nicole Echamendi (Itsasu, Lapurdi), Mathieu Horn (Bokale, Lapurdi); Sylvie Leizagoyen (Ainhoa), Benedicte Luberriaga (Azkaine) eta Lionel Sevilla (Baiona).
Lurralde eremuetakoak, berriz, Hego Lapurdirentzat Cedric Kuruchet; Bidaxunerentzat Laurence Massondo-Bessouat; Amikuzerentzat Eric Narbais (Arboti-Zohota), Iholdi-Oztibarren Beñat Cachenault; Euskal Kosta Aturrirentzat Jean-Rene Etchegaray; Hazparnerentzat Isabelle Pargade; Garazi-Baigorrirentzat Gilbert Oçafrain (Aintzila); Errobirentzat Helene Marty-Chaleon; Aturri-Errobirentzat Raymond Darricarrere eta Zuberoarentzat Peio Quihillalt (Ligi-Atherei).