argia.eus
INPRIMATU
Osasunbideako zazpi atal-buru ikertzen ari dira ustelkeriaren bulegotik, esklusibotasuna tartean
  • Nafarroako Ustelkeriaren Aurkako eta Jardunbide Egokien Bulegoak egiaztatu du Osasunbideko zazpi atal-burutza araudia bete gabe ari direla lanean, LABek ostegun honetan Iruñean jakinarazi duenez. Esklusibotasuna dago tartean eta, antza denez, dituzten kontratuekin ezingo lukete eremu pribatuan lan egin.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko maiatzaren 25a

Lehenagotik ere, LABek salatuak zituen Osasunbidean bere aburuz ziren hainbat jokabide desegoki. Batetik, martxoan jakinarazi zuen hainbat medikuk Osasunbideko esklusibotasuna kobratzen zutela –hilero 800 euro–, baina gero, legez kanpoko jardunean, eremu pribatuan ere lanean ari zirela.

Horrez gain, salatu zuen ospitaletako hainbat alorretako atal-buru ere arlo publikoko euren lanaz gain, eremu pribatuan ari direla, halako karguek horretarako aukerarik eskaintzen ez dutenean. Salaketa horiek gezurtatu egin zituzten Osasun Departamendutik, eta hango arduradunen esanetan, salatutako pertsona horiek ez lukete aipatzen diren izendapenik, beraz, posible lukete eremu pribatuan aritzea.

Orain LABek agertu duenez, Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak aurkeztu duen txostenak erakutsiko luke badirela zantzuak esateko gertakari horiek egiazkoak direla. Txostenak dioenez, zazpi profesional ari dira atal-buru gisa lanean horretarako izendapenik ez dutenean. Gogoratu behar da, 2019an gaia aztertu zuela Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak eta emandako auzian, Osasunbideak egindako gisa honetako izendapenak bertan behera utzi zituen, lanpostu horiek ez zirelako konkurtso bidez atera.

Horietako kasuetako bat da orain ustelkeriaren aurkako bulegoa aztertzen ari den Lizarrako García Orcoyen Ospitaleko Ginekologia Saileko burua. Aipatzen da, halaber, ustelkeriaren aurkako bulegoak birritan eskatu diola gaiari buruzko informazioa, baina atal-buruak ez duela informazio zehatzik eman bere egungo egoera profesionalaz.

Osasunaren pribatizazioaz

Imanol Karrera Nafarroako LABeko bozeramaileak salatu duenez, “Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak Navarrabiomed pribatizatzeko urratsak egiten jarraitzen du, arriskuen gainean hausnarketa eta baloraziorik gabe”, eta bide hori alboratzeko eskatu dio, erabat publikoa den osasun ikerketako institutu baten alde egiteko. “Ez dizuegu osasun publikoa pribatizatzen utziko. Pribatizazio estrategiak gelditu egin behar du, eta norabide horretan ematen den urrats bakoitza salatuko dugu”, azpimarratu du Karrerak.