Osakidetzako eta Osasunbideko medikuek greba mugagabea hasiko dute irailean

  • Medikuen greba batzordeak jakinarazi du erabakia, eta Espainiako Osasun Ministerioari egotzi dio ez duela urratsik egin gatazka konpontzeko.


2026ko ekainaren 16an - 09:02
Azken eguneraketa: 11:34
Medikuek kontzentrazioa egin dute astelehen honetan Espainiako Osasun Ministerioaren aitzinean, Madrilen. Espainiako Medikuen Sindikatuen Konfederazioa
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Osakidetzako eta Osasunbideko medikuek greba mugagabea eginen dute irailetik aitzin, estatutu propioa aldarrikatzeko. Espainiako medikuen greba batzordeak eman du grebaren berri Espainiako Gobernuaren Osasun Ministerioaren aitzinean. Astelehenean izan da kontzentrazioa, aurtengo bortzgarren greba astearen lehendabiziko egunean.  

Greba batzordea osatzen dute CESM Espainiako Medikuen Sindikatuen Konfederazioak, eta SME Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Sendagileen Sindikatuak. SMN Nafarroako Sindikatu Medikoa CESMen barruan dago.

Medikuen greba batzordeak mobilizazioak “gogortzea” erabaki du, haien erranetan Espainiako Osasun Ministerioko arduradunek ez dietelako proposamenik egin, gatazkan aurrerapausorik ez dutelako eman, eta ministerioa “tematuta” dagoelako esparru estutua tramitatzen. “Aste honetan, uztailean edo abuztuan ezer aldatzen ez bada”, irailean jakinaraziko dute nola eginen duten greba mugagabea, eta zer neurri gehiago onartuko dituzten medikuen mobilizazioei eusteko.

Herritarrei erran diete sentitzen dituztela grebak herritarrei sor diezazkieketen arazoak, baina greba justifikatu dute nabarmenduta grebaren azken helburua "langileen lan baldintzak hobetzea" dela, "ahalik eta arreta onena eta segurtasun kliniko handiena bermatzeko".

Estatutu propioa

Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak osasun langile publikoen esparru estatutuaren aurreproiektua onartu zuen ekainaren 2an. Estatutu horrek zehazten ditu osasun sistema publikoetako langileen gutxieneko lan baldintzak. Medikuek, ordea, araudi propio bat eskatu dute, uste dutelako estatutu horrek ez dituela jasotzen medikuen "prestakuntza luzea, lana eta ardura".

Profesional horien eskakizunak hauek dira: negoziazio-eremu espezifiko bat, berme juridiko errealekin eta bertze mahai batzuekiko mendekotasunik gabe; 35 orduko lanaldia ezartzea, eta gehiegizko lanaldia aitortzea eta ordaintzea, eta erretiroaren ondorioetarako konputagarria izan dadila; bidezko lanbide-sailkapena, prestakuntza-mailarekin eta erantzukizun klinikoarekin bat datorrena, eta erretiro-eredu malgu eta penalizaziorik gabea, medikuen jardunak dakarren nekea aitortzen duena.

Eskumenen gatazka

Espainiako Gobernuaren eta erkidegoetakoen arteko gatazka ere aireratu du medikuen grebak. Espainiako Osasun ministro Mónica Garcíak, bere aldetik, medikuen eskaeren zati handi bat “autonomien teilatupean” dagoela azpimarratu zuen duela bi aste, eta ardurak hartzeko eskatu zien erkidegoei; izan ere, beraiei dagokie, bere erranetan, tokian tokiko medikuen lan baldintzak hobetzeko lan egitea.

Greba batzordea, ordea, Espainiako Osasun Ministerioaren jokabideaz eta arduraz soilik mintzatu da; ez Eusko Jaurlaritzaz eta Nafarroako Gobernuaz, erraterako. Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua medikuekin negoziatzen ari dira, baina medikuek gibelera bota dituzte haien proposamenak.

Medikuen sindikatuen protestak ez dira datozen egunetan osasun sektorean eginen dituzten bakarrak. Osasunbideko LAB, SATSE, SAE, UGT, Afapna eta ELA sindikatuek, errate baterako, elkarretaratzea egin dute astearte honetan, Iruñeko Vianako Printzea kontsultategiaren parean. “Kalitatezko osasun publikoa eta lan baldintza duinak” eskatu dituzte.

Satse erizainen sindikatuak, berriz, bertan behera utzi du Osakidetzako emaginen greba. Ekaina eta uztaila bitartean aurreikusitako lanuzteak geldiarazi dituzte, baina ohartarazi dute mobilizazioei ekinen dietela Euskal Osasun Zerbitzuak plantillak indartzeko neurriak zehazten ez baditu. Urriaren 5erako aurreikusitako bilera batean aztertuko dituzte negoziazioaren emaitzak.

 


Medikuntza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...