argia.eus
INPRIMATU
Istiluak izan dira Osakidetzako azpikontratatutako langile garbitzaileen lehen greba egunean
  • Aste osoan egingo dute greba. LAB sindikatuak jakitera eman duenez, hainbat langile zauritu dituzte eta euretako bat larrialdietara eraman behar izan dute. Sindikatuaren arabera, lau langile identifikatu eta bi atxilo hartu dituzte.

Gorka Pe├▒agarikano Goikoetxea 2023ko otsailaren 27a

Langileek bost urte daramatzate lan hitzarmenik gabe LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatu deitzaileen arabera. Eskatzen dutena da Osakidetzako langileei ezartzen zaizkien baldintzak aplikatzea beraiei ere.

Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileek astebeteko greba egingo dute astelehenetik igandera, otsailaren 27tik martxoaren 5era bitartean. Gutxi gorabehera, 2.500 langile daude grebara deituta.

Lehen egunean, Gurutzetako Ospitalean istiluak izan dira LAB sindikatuak jakitera eman duenez.

Greba deitu duten LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuen arabera, ez dute eskatzen "homologaziotik harago joatea". Alegia, azpikontrataturik ez dauden langileen baldintza berdinak nahi dituzte: garapen profesionalaren deialdi ezberdinetara sarbidea izatea eskatzen dute; lanpostu hutsak betetzeko sistema "bidezkoagoa" izatea; txanda kontratuari lotutako erretiro partziala hartzeko eskubidea izatea; eta Osakidetzako langileek aitortuta dituzten baimenak eta lizentziak izatea.

2018an abiatu zituzten lan hitzarmen berriaren negoziazioak, baina blokeatuta dagoela diote. Enpresak "jarrera erosoan" kokatu direla salatu dute sindikatuek, eta erantzukizuna Osakidetzako zuzendaritzari egotzi diote. "Ez dute sindikatuekin ezer ere adostu nahi, Osakidetzaren zuzendaritzaren aldez aurreko oniritziarekin ez bada".

ESI Donostiako zerbitzuburuek protestak eten dituzte

Osakidetzaren zuzendaritzak aktak sinatu eta konpromisoak idatziz jasotzeko eskatzen zuten ESI Donostiako zerbitzuburuek, eta hala izatea lortu dute. EiTB taldeak jaso duenez, hiru berritasun jaso dituzte: lehenik, langileen ordezkaritza bermatuta egotea ahalbidetzea zuzendaritzarekin batzartzeko; bigarrenik, lanpostu espezifikoetan hutsunean daudenean sareko baliabideak erabiliz ordezkatzea; eta hirugarrenik eta azkenik, Donostia Ospitalearen erreferentzialtasuna mantentzea.