Osakidetzan iraungitako beste bi txerto mota ere eman zituzten

  • Txerto hexabalenteaz soilik mintzo ziren orain arte, azaroaz geroztik eman zirenak; hasiera batean 253 ziren kaltetuak, eta gero 103. Orain, 30. Baina ostegun arratsaldean, Osasun Sailak konfirmatu du beste bi txerto ere eman direla iraungita zeudela: txerto tetravalentea eta txerto hirukoitz birikoa. Ez dakite beste zenbat kaltetu egon daitezkeen: lehenbizikoaren 49 "kaltetu potentzial" daude, eta bigarrengoaren 29. Guztira, 78.


2026ko urtarrilaren 29an - 12:27
Azken eguneraketa: 22:25
Emmer.com
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

"Erregistro akatsak" izan ditu Osakidetzak, hala aitortu du Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Azken bi egunetan hiru prentsa agerraldi egin ditu Martínezek. Nobedadea, baina, ez da orain arte hitz egiten zen txerto hexavalenteari dagokionean heldu: Martínezek jakinarazi du beste bi txerto mota ere iraungita zeudela eta eman egin dituztela azkenaldian. Txerto tetravalentea eta txerto hirukoitz birikoa, hain zuzen. Momentuz ez dakite zenbat kaltetu egon daitezkeen. Estimazioen arabera, txerto tetravalentearen iraungitako dosirik hartu dutenak 49 pertsona izan daitezke, eta 29, berriz, txerto hirukoitz birikoa hartu dutenak.

Orain arte txerto hexavalenteaz soilik mintzo zen Osasun Saila. Txerto hori sei gaitz hauen babesgarri da: difteria, tetanosa, kukutxeztula, Haemophilus influenzae b, poliomielitisa eta B hepatitisa.

Txerto hexavalentearekin ere, zifra dantza

Osasun Sailak hasiera batean esan zuen 253 zirela iraungitako txerto hexavalentearen dosirik hartu zuten herritarrak. Gero, 103ra jaitsi zuten zifra. Ostegun arratsean esan du 30 izan daitezkeela; gainontzekoak "erregistro akatsak" izan dira. Eta esan bazuten ere iraungitako dosia hartzea ez zela "larria", eta ez zela txertoa berriz hartu behar, asteazken arratsaldean kontrakoa esan zuen Osakidetzak: denak berriz ere txertoa hartzera, "lehenbailehen". Fiskaltzak ostegun goizean iragarri du ikerketa zabaldu duela bide penaletik, argitzeko zer gertatu den iraungitako txertoak emateko.

Bazterrak nahastu ditu gaiak, gardentasuna eta komunikazio falta tarteko. EH Bilduk eman zuen akatsaren berri asteartean, eta Osasun Sailari leporatu dio "gardentasun arazoa" izatea. Alderdiak sailari galdetu dio ea "zergatik ezkutatu duen informazio hori", eta ea "noiztik zuen hutsegitearen berri, eta geroztik zer egin duen". Are, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi du: "Guk salatu ez bagenu txertoekin zer gertatu den, Osasun Sailak jakinaraziko zukeen? Familiei esango ziekeen?".

Martínezek asteazkenean adierazi du urtarrilaren 15etik duela Osasun Sailak akatsaren berri, Errenteriako (Gipuzkoa) erizain baten bitartez, eta orduan hasi zutela ikerketa. Onartu du "akats larria" egin dela iraungitako txertoekin, eta hainbat kontrolek huts egin dutela prozesuan: biltegiko banatzaileek, txertoak jaso zituzten osasun-zentroek eta jarri zituzten 50 erizain baino gehiagok. Halaber, Uberari leporatu dio EH Bilduk "ezinegona sortu” izana, eta alderdiak Osasun Sailarekin izandako elkarrizketak "manipulatzea". 


Txertoak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.