Duela zazpi urte aldakako protesi akastun bat jarri zioten Aitorri. Donostiako Ospitalea gutxienez protesi iguala duten 245 pertsonekin mintzatu da, eta gutxienez 26ri protesia aldatu diete.
“Haserrea”, “abandonua”, “ziurgabetasuna” eta “desinformazioa”. Horiek dira, besteak beste, Aitorrek adierazi dituen zenbait sentsazio. Asmatutako izena da Aitor, osasun arretan ondorioak pairatzearen beldur delako. 40-50 urte artean ditu, eta duela zazpi urte aldakako protesi bat jarri zioten Donostiako Ospitalean. Horrelako protesiek hamabost eta hogeita bost urte artean irauten dute, baina Aitorri berriz aldatu behar izan diote protesia, akastuna delako. Exactech enpresa estatubatuarrak 2018tik 2021ra fabrikatutako protesietako bat da. Osakidetzak emandako datuen arabera, Gipuzkoan gutxienez 245 pazientek lote horretako protesiak ditu. Martxoko datuen arabera, horietako 26ri protesia aldatzeko ebakuntza egin diete.
Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak (AEMPS) 2025eko maiatzean ateratako ohar baten arabera, Exactech enpresak 2021eko irailean ohartarazi zuen ohi baino azkarrago higatzen ari zirela protesiak. Irailean bertan, AEMPSek abisua eman zuen ere. Fabrikatzailearen arabera, higadurak protesiaren ontziratze prozesuarekin lotura izan dezake, antioxidatzaile geruza gehigarri bat falta zitzaiolako. Protesien artean daude aldakako, belauneko, sorbaldako, orkatilako eta errotulako protesiak. Enpresak 2022an emandako datuen arabera, 2004tik ari ziren ontziratzea hirugarren kaparik gabe egiten. Horrek protesiaren oxidazioa azkartu dezake.
Lehenengo abisua 2021ekoa izan arren, Aitorrek ez zuen deus jakin 2024ra arte: “Ohiko kontsulta batera joan nintzen, eta ikusi zuten polietilenoa desgastatuta zegoela. Gorputzak plastikoa xurgatzen du, eta horrek hezurrak desegiten ditu. Proba bat egin ostean, ikusi zuten femurra eta pelbisa deseginda zeudela. Abisua 2021ean eman bazuten, zergatik ez da inor nirekin lehenago harremanetan jarri?”.
Protesia gaizki zegoela jakin baino lehen, mina sentitzen zuen aldakan eta zuzen ibiltzean arreta jarri arren, herrenka ibiltzen zen. Uste zuen igual keinu txarrak egiteagatik zela: “Nork pentsatuko zuen hogei urte iraun behar duen protesia sei urtetan izorratuta egonen zela?”. Ordutik “oso gutxi” da jaso duen informazioa, soilik esan diote protesia aldatu behar ziotela. Berriki egin diote ebakuntza, baina lehenengoa baino “gogorragoa” egin zaio: “ Ez nengoen mentalizatua, eta oso luzea egin zait. Urtebetez gelditu egin da nire bizitza, eta inguruko guztiak baldintzatu ditu”.
"Nork pentsatuko zuen hogei urte iraun behar duen protesia sei urtetan izorratuta egonen zela?"
Ziurgabetasuna eta desinformazioa
Epe laburrean protesia aldatu behar izateak etorkizunari begira “ziurgabetasun handia” eragin dio. Izan ere, asko itxaron zuen lehenengo ebakuntza egiteko, esan ziotelako gehienez bitan aldatu daitekeela protesia: “Hirugarren protesia jartzekotan, gurpildun aulkian geratzeko arriskua zegoela esan zidaten. Zer egingo dut? Bizi itxaropena ikusita gutxienez beste protesi aldaketa beharko dut. Zer gertatuko da nire gorputzak xurgatu dituen plastikoekin? Epe luzera zer-nolako ondorioak izango ditu horrek? Nork hartuko du gerora sortu daitezkeen arazoen ardura? Ez digute deus ere esan”.
Desinformazioren aurrean, haserrea adierazi du behin baino gehiagotan Aitorrek. Izan ere, iruditzen zaio kasu apur bat gehiago egin diotela gaztea delako, baina pertsona zahar asko daudela informatu gabe. Pazienteak eta Erabiltzaileak Atenditzeko Zerbitzuan galdetu du zer egin daitekeen, eta enpresara zuzenean jo behar duela esan diote. Sara Arevalo Donostiako Ospitaleko zuzendariak martxoan egindako adierazpenen arabera, pazienteen jarraipena egiten ari dira.
Alabaina, Aitorrek ez du ikusten Osakidetzak kargu hartzen duenik: “Nire traumatologoak eta beste mediku batek esan zidaten jendea deitzen ari direla. Ez dutela Osakidetzaren agindurik jaso, baina etika profesionalagatik egiten ari direla, euren kabuz. Txostenak ere idatzi dituzte, baina nagusiari ematen dizkiotenean desagertu egiten dira. Oso arraroa da dena”. Langileen kontrako neurriak hartuko dituzten beldur ere bada Aitor.
Ez daki nortzuk diren kaltetuetako asko, eta ez daki nola heldu besteengana. Horrez gain, abokatu batekin mintzatu da, baina “oso zail” ikusten du maila indibidualean bide hori hartzea: “Osakidetzaren ardura izan beharko litzateke kaltetuak elkartu eta fabrikatzailearen kontrako gure ordezkaria izatea. Osakidetzak protesi horiek erostea erabaki duenez, dagozkion ardurak hartu beharko lituzke”.