EH Bilduk gaia azaleratuz galdera egin ostean atera du oharra Jaurlaritzak: EAE guztiko osasun zentroetan jarri dituzte iraungitako txertoak eta familiekin harremanetan jartzen hasiak dira, beste dosi bat jartzeko. Jaurlaritzak dio lasai egoteko, osasunean ez duela eraginik. EH Bilduk ARGIAri adierazi dionez, emandako azalpen horiek ez dira nahikoak eta gardentasuna aldarrikatu du.
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak galdera egin dio Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari, ea zergatik jarri zaizkien haurrei iraungitako txertoak hainbat zentrotan. Ondoren, oharra kaleratu du Osasun Sailak: 253 biztanlek jaso dute txerto iraungia, EAEn dauden hamahiru osasun zentro integratuetatik hamabitan jarri dituzte, eta gehienbat ume txikiak dira jaso dutenak –hexavalante txertoaren hiru dosi jaso ohi dituzte haurrek, bi, lau eta hamaika hilabeterekin dosi bana–.
Difteria, tetanos, kukutxeztula, Haemophilus influenzae b, poliomeitisa eta B hepatitisa gaitzen kontrako txertoa da. Rebeka Uberaren hitzetan, larriak izan daitezkeen gaixotasun horien aurrean babesik gabe daude iraungitako txertoa jaso dutenak.
Osasun Sailak lasaitasunerako deia egin du: adierazi du iraungitako txertoak ez duela eragin kaltegarririk eta kasu guztiak identifikatuta daudela. “Familiekin harremanetan jartzen hasiak gara, argibideak emateko”. Orokorrean, beste dosi bat jarriko zaie.
"Kontrolek kale egin dute"
Uberak ARGIAri adierazi dionez, Osasun Sailak ohar teknikoak eman ditu, baina arduradun politikoen azalpenak behar dira. "Kontrolek kale egin dute" eta gainera, EH Bilduk gaia azaleratu arte, administrazioaren aldetik egon den isiltasuna "kezkagarria" iruditzen zaio: "Gardentasuna aldarrikatzen dugu".
Izan ere, legebiltzarkideak azpimarratu du ez dela kasu isolatua, Osakidetzan antolaketa eta funtzionamendu “arazo larria” dagoela: “Txertoen iraungitzearen trazabilitateari ez zaio jarraipenik egin, eta ezarrita dauden prozedurak eta protokoloak ez dira bete”.
Osasun sailburuari zuzendutako galdera sorta erregistratu du EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean, azalpen gehiago eskatuz. Horrez gain, Osasun sailburuaren, Osakidetzako arduradunaren eta Osakidetzako mediku arretako zuzendariaren agerraldiak eskatu ditu Legebiltzarrean.