Osakidetzak aitortu du ezin duela euskarazko arreta bermatu ez duelako baliabide nahikorik, 3. euskara planaren tarteko ebaluazioan ondorioztatu denez. Osakidetzak eta euskara zerbitzuak porrot egin dute. Pozik CCOO eta UGT, pozik Sumar, Podemos eta PSOE.
Hiru plan “onen” ondoren, optimismoz salduriko ebaluazio bikainen eta auto-sarien ondoren, euskaldunen osasunaren aurkako hautu aktiboak ez du helduleku zientifikorik. Planen ebaluazioak eta ebaluatzaileak erosteak ez du euskaldunon osasunean eragin onik. Elhuyarri galdetuta, ordainduz gero seguru arrazoiak ikertu eta azalduko dizkigula. Duela zazpi bat urte Kike Amonarrizi ulertu nion EiTBko elkarrizketa batean gure zuzendaritza eta goi karguak euskararen aldekoak zirela, jarrera irekiarekin eta interesarekin. Euskalgintzaren atal bat ederki bizi da gure integritate fisiko, mental eta politikoaren kontura.
Pazienteen %20k eskatu ei dute zerbitzua euskaraz. Gaizki eta sistematizatu gabe eginiko zentsua da, defektuz espainierazko hautua esleitzen baitzaigu. Larriena, berriro ere euskaldunak gara erabilera edota eskaera maila urriaren errudun. Hala ere, %20 horretatik ia inork ez du historia klinikoa euskaraz, erregistro eta ofizialtasunetik at dugu gure hizkuntza.
Historia klinikoa edota erregistroak norbere hautazko hizkuntzan izatea da osasun arreta kalitate berme bakarra, itzultzaile edo elebitasun faltsurik gabe
Hain ohituta gaude espainierazko arretara non kontzeptu sanitarioak hobeto ulertzen ditugun gurea ez den hizkuntzan. Gauza “inportanteak” espainieraz egin behar izateko konplexua gehienetan inposizio jarraituaren ondorioa baino ez da, egiturazko zapalkuntzaren azken lorpena, norbere burua errudun bihurtzeraino.
Adi, beraz, Euskaraldia eta gisako dinamika indibidualak hain ozen aldarrikatzen dituztenekin. Ez dugu gure hizkuntza ausaz alboratzen, higadura progresibo eta geldiezinaz, zapalkuntzaz eta menperatze sistematikoz atzerritartzen gaituzte.
Hizkuntza eskakizunak (ustez %62) aipatzean ez da maila zehazten. Espainian C1 maila edo baliokiderik ez duenak ezin du arreta espezializaturako azterketara aurkeztu ere egin. Aldiz, EAEn B2ari, txosten klinikoak idazteko gaitasun eskaseko mailari, ematen diogu nahikotasuna. Zirkuituen eta hizkuntza eskakizun unibertsalen ezarpenik gabe ezin kalitatezkoa eta segurua den osasun arreta ziurtatu.
Dokumentazioa elebitan eskaintzea da gobernu honen alternatiba euskaldunontzat. Beti hautazko, beti bazterrean. Euskaldunak ez direnek espainiar hutsean jasotzen dute beren dokumentazioa (norbere hizkuntzan). Ekitatearen printzipioaren aurka berriro ere. Historia klinikoa edota erregistroak norbere hautazko hizkuntzan izatea da osasun arreta kalitate berme bakarra, itzultzaile edo elebitasun faltsurik gabe. Itzulbide proiektua bertan behera utzi behar da. Ez du balio beraz, EHU, OEE eta bestelakoek itzultzailearen proiektua babestu izana, jakinik arreta euskaraz bermatu beharrean euskara bera erdigunetik aldenduko duen proiektua dela.
Prentsaurreko bat egin eta gero langile euskaldunak beharrean itzultzaile automatikoak sustatzea ez da soilik koldarkeria kontua, galtzailearen irudi garbiketa faltsua eta oldarraldiaren ertz ezkutua baizik.
Porrota da hitza, beraz, urteetako porrota euskaldunon lan, hizkuntza eta osasun eskubideen defentsaren porrota. Sobera sailburuak, zuzendaritzek eta euskara zerbitzuak zein bertako zenbait teknikarik beren karguak uzteko. Zuzendaritzarekin identifikatzen diren eta irizpide politiko eta pragmatikoa konpartitzen duten horiek ez digute inongo mesederik egingo. Debabarrenan, adibidez, zerbitzua arazoaren parte da eta harro dago.
Oldarraldiaren aurka publikoki hain harro agertu diren eragileei dei bat: dinamikak babesteko aukerak aprobetxatu, antolatu, parte hartu eta zabaldu. Pazienteen kalitatezko osasun arretaren aldeko obedientzia ariketa egitea da aukera bakarra, zuzendaritzaren ebidentzia zientifikorik gabeko praxiarekiko desobedientzia.
Hizkuntza eskakizunen unibertsalizazioa eta euskarazko ahozko zein idatzizko arreta defendatzen jarraituko dugu, edonon eta edonoiz, osasun zentro orotan historia klinikoa euskaraz idazteko kanpainekin. Aurrera Txapelketak!
Adrian Unai Zelaia Arieta-Araunabeña, Aintzat mugimenduko kidea
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.