Osakidetzak dauzkan arazoen aurrean “benetako konponbideak” galdegin dituzte, “promesetatik” harago

  • Ehundaka lagun bildu dira larunbatean Gasteizen, Bilbon eta Donostian, osasungintza publikoaren aldeko manifestazioetan. Osakidetzak dauzkan "egiturazko arazoen" aurrean, "benetako konponbideak" eskatu dituzte manifestariek, "eta ez promesak".


2026ko apirilaren 20an - 09:50
Osasun publikoaren aldeko manifestazioa, Donostian. Joseba Parron / Irutxuloko Hitza
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Bilbon eta Gasteizen eguerdian egin dira Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek deitutako manifestazioak. Eta arratsaldean Donostian, non "Realaren fanzonearen bozgorailuek ez duten lortu osasungintza publikoaren aldeko aldarria isilaraztea", Xalba Ramirez kazetariak Irutxuloko Hitza-n plazaratutako kronikan jaso duenez.

"Aldarrikapena argia da", dio Ramirezek: "Azken urteetan Osakidetzak egin duen beherakadari, murrizketei eta pribatizazioari 'Nahikoa da' esan, eta beste eredu bat martxan jartzea. 'Osasun publikoa arriskuan dago', oihukatu dute". Donostian bezala Gasteizen eta Bilbon ere, herri plataformek murrizketak, pribatizazioa eta langile falta salatu dituzte, eta "egiturazko arazo" horien aurrean "benetako konponbideak" eskatu dizkiote Jaurlaritzari, "propaganda" eta "promesetatik" harago.

Bilbon, Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martínezi zuzendu zaizkio herri plataformetako ordezkari José Ignacio Martínez eta Mireia Saiz: "Sailburu jauna, ez dugu propaganda gehiago behar, ezta titular gehiago ere. Ekintzak behar ditugu, Osakidetzak dauzkan egiturazko arazoentzat benetako konponbideak. Ez ditugu murrizketak normalizatuko. Ez dugu pribatizazioa normalizatuko. Osasun publikoa guztiona da, eta ez dugu onartuko hura lapurtu diezaguten".

Antolatzaileen ustez "nahita" ari dira okertzen osasungintza publikoa "pribatuaren mesedetan", eta bistako kalteak dira murrizketa etengabeak, txandak ez betetzea, lehen arretan astebete itxaron behar izatea eta urgentziak kolapsatuta egotea. Gainera, osasun langileen lan baldintza kaskarrak, kudeaketa autoritarioa eta gardentasun falta ere salatu dituzte, Osakidetzaren ereduaren porrot gisa.

 


Osakidetza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.