Oroituko gara

Ekain Carrasco Tellaetxe/ARGIA CC BY-SA

2026ko urriaren 30 - 11:45
Azken eguneraketa: 12:54
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Vibora + Ezta ilen
Non: Kartzela Zaharrean, Bergaran (Gipuzkoa).
Noiz: urriaren 24an.

--------------------

Segituan sumatzen da Bergarako Kartzela Zaharra leku berezia dela. Izan kale gorriko hotzetik gorde gaituelako, izan lekuaren historia beltzari esanahi berriak ematen dizkietelako bertako gazteek. Oraingoan, gainera, argi goxoa jarri dute, eta harrizko horma sendoen babesa sentitu daiteke. Elkargune ere bada gaztetxea, bildu den jendetzaren artean badelako talde askotako aurpegi ezagun mordoxka bat, denak lagun. 

Vibora taularatu da lehendabizi. Gasteizko laukotea Egin Ez Dugun Guztia diskoa aurkezten dabil, emozio eta poesia tona batez kargatutako hardcorea. Gitarraren doinu soil eta melodia fin batekin hasi dira kantuak eraikitzen. Bat-batean, baina, abestia hautsi eta erritmo astun eta garrasi zorrotzek bete dute aretoa. Hitzak sarritan oihuetan enkriptatuta badaude ere, doinuekin batera iruditeria indartsua osatu dute. Barrura begira idatzitako hitzak dira, introspektiboak. Nostalgiaz ez ezik, talde gisa egindakoaz, eta egin ezindakoaz ere mintzo dira. Unai Baseta ere taularatu da Zerbait Ona Idatzi abestera. Bitartean, aretoaren atzealdetik buru andana ikus daiteke, taldekideen erritmora, aurrera eta atzera mugitzen. 

Ezta Ilen taldea gero. Beste pelikula bat, soft-agoa. Taldekideek hardcorearen munduan ibilbide oparoa badute ere –Unfix, Worth It eta Armarri taldeetan, besteak beste–, erritmo melodikoago eta melankoliatsuagoak jorratzen dituzte, batez ere, aurten kaleratu duten Oroituko gara, biharko egunez diskoan. Kantuek pixkanaka atmosfera berezi batean bildu dute gaztetxea. Gitarrak melodia goibelak marraztu ditu, soinu brillantearekin. Hala, gogorarazten dituzte 1980ko zein 1990eko hamarkadetako krisi industrial garaiko melodia britainiarrak. Aitortza moduan, The Smiths-en bertsio bat ere ekarri digute. Terranen ahotsaren grabeak infrasonuak dirudite, eta Sergioren bateria kolpeek etengabe tentsioan mantentzen dituzte abestiak. Gainera, jendea etxeko lanak eginda etorri da –diskoaren arrakastaren ispilu–, eta estribillo guztiak ozen abestu dituzte, besarkada artean. Ni ere gogoratuko naiz denbora batean gau hontaz.

Bi kontzertu diferente, bakoitza bere proposamenarekin, baina publiko bera bildu dute. Inori ez diot entzun “Vibora ikustera soilik etorri naiz” edo alderantziz. Biak baizik. Eszena bereko artistek eskaini dezaketen iruditeria estetikoaren aniztasuna aberasgarria da benetan, eta Viborarekin gozatu duen berdina da lagunarekin besarkatu eta kantatu duena. Azken batean, punka edo hardcorea —nahi bezala deitu— ez da egiten duzun musika bakarrik; baita norekin, non eta zergatik egiten duzun ere. 


Irakurri gehiago: Kontzertuak Kultura Musika
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.