Ormuzko itsasartea blokeatzeko agindu du Trumpek, Iranekin negoziaketek porrot egin ostean

  • Pakistanen 21 orduz bildu ziren larunbatean AEBetako eta Irango ordezkariak, baina ez dute lortu akordiorik. Kontrara, Trumpek igandean iragarri du AEBetako Itsas Armada Ormuzeko itsasartea blokeatzen hasiko dela, Euskal Herrian asteleheneko 16:00ak izango direnean


2026ko apirilaren 13an - 13:31
Getty Images
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Donald Trumpek igandean iragarri du AEBetako Itsas Armada Ormuzeko itsasartea blokeatzen hasiko dela, Iranekin izandako elkarrizketek porrot egin ostean. Larunbatean hasi zituzten negoziaketak Islamabaden (Pakistan) AEBek eta Iranek, momentu oro kolokan egon den su etenari sendotasuna eman eta akordioak lortzeko helburuarekin. Bilerak 21 ordu iraun zuen, baina ez zuen emaitzarik eman.

Bi aldeek elkarri egotzi diote elkarrizketen porrotaren errua. AEBek nabarmendu dute beren lerro gorri nagusia Irango programa nuklearra dela, eta Irango ordezkaritzak, berriz, gerra kalteen konponketei, aktibo izoztuen askatzeari eta Ormuzeko itsasartearen kontrolari buruzko eskakizunei eutsi die.

Akordiorik ez izatearen ondorio gisa iragarri duTrumpek itsasartearen blokeoa, eta helburu izango ditu Irango portuak jatorri edo helmuga dituzten ontziak. Washingtonek ohartarazi du, halaber, itsasartea zeharkatzeko Irani bidesariak ordaindu dizkioten ontziak atzemango dituela, eta gainera, Iranek itsasartean jarri dituen minak suntsituko dituela. Pentagonoak adierazi du Ormuzeko blokeoa astelehen honetan hasiko dela, Euskal Herrian 16:00ak direnean.

AEBen blokeoaren iragarpenari erantzunez, Irango Guardia Iraultzaileak esan du edozein ontzi militar Ormuzeko itsasartera hurbiltzen bada, su-etenaren “urraketatzat” hartuko duela, eta “irmotasunez” egingo diotela aurre.

Ormuzko itsasartearen auziak berebiziko garrantzia hartu du Ekialde Hurbileko gerran, munduko ekonomian eragina duelako. Bertatik 20 milioi upel inguru pasatu ziren bertatik egunero 2024an, munduko petrolio kontsumoaren % 20 inguru. Gainera, bide horretatik gas natural likidotuaren munduko merkataritzaren bosten bat inguru igarotzen da.


Irakurri gehiago: Iran Nazioartea Asia AEB Amerika
Iran kanalean gehiago
2026ko apirilaren 22
Jaiotza

2026ko apirilaren 15
Artemis 3

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.