Urriaren 1etik aurrera Estatuak gerrari ekin ziola eta jakinarazi ziela bide horretatik jarraituz gero odola izango zela. Horixe jakinarazi du Oriol Solerrek, Junts Pel Sí koalizioaren hauteskunde kanpainako koordinatzaileak “El mon a RAC1” irratsaioan egindako elkarrizketan.
“Urriaren 1etik aurrera Estatua antolatu egin zen. Aurretik despistatua ibili zen. Gerra bati ekin zion eta saiatu zen erakusten gurean jarraituz gero hil egingo gaituela”. Solerrek ez du hori esaten edozelako posiziotik, urriaren 1etik urriaren 27ra Kataluniako Legebiltzarrak independentzia aldarrikatu arte “prozesuaren estatu nagusiko” bilera gehienetan izan zen.
“Urriaren 1eko eguerdian Generalitateko Jauregiko bilera batean pertsona oso garrantzitsu batek erreferenduma geldiaraztea proposatzen du. Beste batek dio hildakoak badira ez dela gure erantzukizuna izango. Eta garrantzitsuagoa den batek dio baietz, geldiarazi behar dela, ezin delako hildakorik egon, guk ez genuelako hori saldu, irribarreen iraultza baino”.
Solerren aburuz, egun horretan gobernuak ulertu zuen zein izango zen Estatuaren erantzuna eta ez zegoela prestatuta horri aurre egiteko. Egoera horri nola erantzun, hori zen kontua, eta horren harira eztabaida ireki zen urriaren 1ean, urriaren 27ra arte iraun zuena. Solerrek adierazi duenez, debate horretan ERC aldebarrekotasunaren alde zela zabaldu da eta PDCAT hauteskundeak aurreratzearen alde, baina azpimarratu du ez omen zela horrela izan. Bi jarrera egon ziren oro har, batzuk aurrera egitearen alde eta beste batzuk prozesua geldiaraztearen alde, eta bietan ziren alderdi bietako pertsonak.
Generalitateko Jauregian urriaren 25ean egindako bilera batean hauteskundeak aurreratuko zirela erabaki zen Solerren esanetan, eta Espainiako Gobernuarekin negoziatuko zela. Baldintzak honakoak ziren: presoak kalean uztea, finantza kontrolaren amaiera, erreferendumaren harira etorritako guardia zibil eta poliziak ateratzea eta 155. artikulurik ez zela izango bermatzea. “Berriz engainatu zuten Puigdemont, eta koherentea izan behar izan zuen”, dio Solerrek, urriaren 10ean Kataluniako Legebiltzarrean balizko negoziazioaren harira behin-behinekoz bertan behera utzitako independentzia aldarrikapena gauzatuz.
Solerren ustez, prozesuak balio izan du arazoa munduratzeko eta orain berau geldiarazteko unea da, oinarri independentista zabaldu eta beste aukera bat bilatzeko unea: “Ez gara hori ikusteko gai izan, baina biztanleriaren %40 aurka izanda ezin da independentzia aldarrikatu”.