Giltzurrunetako gaixotasuna duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko lan egiten duen elkartea da Nafarroako Alcer. Elkarteko presidentea den Gema de la Navak prebentziorako zenbait neurri azaldu ditu.
Giltzurrunetako gaixotasuna giltzurrunen funtzionamendu normala hutsegitean sortzen da. Hau da, odola modu egokian iragazteko edo garbitzeko gaitasuna galtzen duenean. Martxoaren 14a Giltzurrunaren Nazioarteko Eguna da. Nafarroako Alcer elkarteak Giltzurrunetako gaixotasuna duten pertsonen bizi kalitatea hobetzea eta prebentzioan lan egitea du helburu, besteak beste. Gema de la Navak, elkarteko presidenteak, esan du odol eta gernu analisi bat egitea oso tresna baliagarria dela prebentziorako.
Gaitz isila deitu ohi zaio giltzurrunetako gaixotasunari. Zergatik?
Bost etapa dituen gaitz bat da, eta lehenengo hiru fasetan ez da sintomarik nabaritzen. Lehenengo faseetan, giltzurrunetako gaixotasuna duen pertsona batek bizitza normala egin dezake deusetaz konturatu gabe.
Zeintzuk dira lehenengo sintomak?
Nekea, tentsioa altuagoa izatea eta hankak handitzea. Normalean nekeagatik hurbiltzen gara lehenengo aldiz medikura.
Zer egin daiteke prebentziorako?
Asko nabarmentzen dugu zaintzearen garrantzia; hau da, elikadura zaintzea, ahal den neurrian, ez jatea prozesatutako gauza asko, hidratatzea, kirola egitea edo mugitzea eta ez izatea mugimendu gutxiko bizitza bat. Diabetesa duten pertsonen artean, adibidez, aukera gehiago daude giltzurrunetako gaixotasuna izateko.
Lehen mailako arretatik zer egin daiteke hautemateko?
Bereziki 50 urtetik gora, gomendatzen duguna da jendeak urtero egiten dituen analisietan giltzurrunetako osasuna behatzea. Horretarako, medikuari eskatu behar diote analisietan ere giltzurrunak begiratzeko. Zeozer detektatzen dutenean zuzenean nefrologoarekin jartzen dira harremanean. Odol eta gernu analisi sinple bat da.
Krisi klimatikoak ere gaixotasunari eragiten diotela diozue; nola?
Batez ere jada giltzurrunetako gaixotasuna garatuta dutenei eragiten die. Azkenean, muturreko tenperaturek eragin zuzena daukate gorputzetan. Horrek sintomak areagotzen ditu; batez ere, nekea. Orokorrean okerrago sentitzen dira eta lehenago akitzen dira.
"Aurreikusten dute 2050erako munduko laugarren heriotza kausa izanen dela"
Behin gaixotasuna hedatu denean zer egin daiteke?
Geroz eta aurrerapauso gehiago eman dituzte. Kontuan hartu behar dugu 2025era arte ez zegoela Osasunaren Mundu Erakundearen barruan. Oso garrantzitsua da aldaketa hori, gehiago hartzen dutelako kontuan. Aurreikusten dute 2050erako munduko laugarren heriotza kausa izanen dela. Egia da ere azken urteetan atera dituzten botikei eta elikadura orekatuari esker, dialisia atzeratu egiten dela.
Dohaintzak ere beharrezkoak dira?
Bai, arreta handia jartzen dugu horretan. Garrantzitsua da hil ostean zein bizitzan dohaintzak egitea. Nik adibidez, nire nebaren giltzurruna daukat. Nebak bizitza normala egiten du: oso kirolaria da, haurrak ditu... Orain batez ere, bizirik dohaintza egiteak duen garrantzian jartzen ari gara arreta. Orokorrean oso biztanleria eskuzabala dugu Nafarroan, dohaintza gehien egiten dituen bigarren lurraldea gara. Horrelako pertsonei esker, beste askok bizitzen jarraitu dezakegu. Egia da, pertsona bat hiltzen denean zaila dela familiarengana hurbiltzea, eta dohaintzarena azaltzea. Osasun arloko langileek lan handia egiten dute ongi azaltzeko. Organo-emailea izatea beste pertsona bati bigarren aukera bat ematea da. Horrez gain, nolabait beste pertsona baten barruan bizitzen jarraitzeko modu bat da.