Oreretako Xenpelar bertso eskolako irakasle baten eraso matxistak salatzeko elkarretaratzera deitu dute larunbaterako

  • Bertsozale Elkarteak, Oreretako Mugimendu Feministak eta Oiartzungo Feministen Asanbladak deitu dute protestara. 2018az geroztik bada eraso horien berri eta erasoei aurre egiteko eta erasotuak babesteko barne mailako hainbat neurri hartu izan ditu Bertsozale Elkarteak. Alta, aurten berriro hainbat sexu-eraso eta jazarpen psikologikoren salaketak egin direnez, kasua publiko egin nahi izan dute mugimendu feministarengana eta Bertsozale Elkartearengana jo duten emakumeek.


2026ko maiatzaren 28an - 10:43
Azken eguneraketa: 16:22
Larunbatean 12:30ean eginen den elkarretaratzera deitzeko argazkia. Bertsozale Elkartea
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Bertsozale Elkarteak, Oreretako Mugimendu Feministak eta Oiartzungo Feministen Asanbladak jarri dute hitzordua: larunbatean 12:30ean, Oreretako (Gipuzkoa) Foru Plazan. Ostegun goizean publikoki salatu dute Oreretako Xenpelar bertso eskolako irakasle batek "bere posizioa eta erreferentzialtasuna baliatu" dituela "modu sistematizatuan botere-harremanak garatzeko eta erasotzeko". Zehazkiago, bertso eskoletan, Xenpelar bertso-eskolari loturiko espazio informaletan zein bestelako espazioetan ere bideratu izan ditu gehiegikeriak, salatu duenez.

Elkarretaratzea antolatu duten eragileek argi utzi nahi izan dute ez dela "kasu isolatua". Hain zuzen, 2018an jadanik jarri zitzaion indarkeria matxistagatik salaketa Bertsozale Elkartearen baitan. Horri segi, erasotzailearekin adostu zituzten hainbat neurri, besteak beste, bertsolaritzari loturiko espazio formal zein informaletatik kanpo gelditzearena. Bi helburu nagusi zituen neurriak: batetik, bertsolaritza erasotuentzako espazio segurua dela bermatzea, eta bestetik, gisa horretako erasoei bukaera ematea. Ostegun honetan salatu dute erasotzaileak adosturikoa ez zuela errespetatu.

Hori horrela, 2024an indarkeria matxisten kudeaketarako barne-protokoloa aktibatu zuen Bertsozale Elkarteak, eta bertso-irakasleak aitortu zuen leporatzen zitzaiona, aipaturiko helburuak betetzeko konpromisoa jasotzen zuen agiria izenpetuz gainera. Bide beretik, "Xenpelar bertso eskolako zuzendaritzako ordezkaritzak konpromiso horiek beteko zituela bermatuko zuela hitzeman zuen", irakurri daiteke zabalduriko agirian. Alta, ez da horrelakorik gertatu eta beste behin, sexu-erasoekin eta jazarpen psikologikoekin segitu duela jakin dute. "2018ko lehen salaketatik gaur egunera arte, ez ditu Bertsozale Elkartearekin egindako lanketan hartutako konpromisoak bete eta neska gazteekiko jazarpena eta manipulazioa behin eta berriz errepikatu ditu", irakurri daiteke larunbaterako protestarako deian. Eta hori nola? "Bertsolaritzan eta herrian daukan botere posiziotik botere-harremana garatzen du, manipulatu egiten du eta zapaldu, erasotu".

"Konplizeak" eta "informazio eza"

Erasotzaileak dituen "konplizeetan" ere jarri dute fokua agirian, nahiz eta jakin "bertso eskola osoa ez dela konplize izan", ezta bertsogintzarako erabilitako espazio guztiak ere. Oro har, "nagusituriko informazio eza" deitoratu dute Bertsozale Elkarteak eta mugimendu feministak. Hori horrela, beraiengana jo duten emakumeen eskaera argia izan da: "Urteetan bertso irakasle horrek egindako erasoak eta betiko dituen botere-dinamikak publikoki salatzea, baita horretarako babes izan zitzakeen konplizitateak, inpunitatea eta aliantza patriarkalak salatzea". Helburu horrekin jarri dute larunbaterako hitzordua: "autodefentsa, saretzea eta aliantza feminista da bidea" adierazi dute.


Sexu Erasoak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.