Hizkuntza eskakizunen gaian, EAJren proposamenak egin du aurrera Eusko legebiltzarrean, EH Bildu abstenituta. Josu Aztiria EH Bilduko legebiltzarkidea negoziazioetan aritu da. Jeltzaleen proposamenaren edukietan ados ez egonda, ibilbidea negoziatu dute: EAJrena ez bada eraginkorra oldarraldiari eusteko, Galiziako eta Kataluniako ereduetarako bidea abiatuko dute, alegia, EH Bilduren proposamenak oinarria duen norabidean. ARGIAk bi alderdi politikoei eskatu die elkarrizketa, eta EAJk ezezkoa eman du.
Gustura gelditu al zarete akordioarekin?
Parlamentuan gehiengo abertzale eta euskaltzalea egonda, bi lege proposamenak bertan behera gelditzea ez zen aukera bat guretzat. Uste dugu gure proposamena eta estrategia direla egokienak. Akordioaren bueltan hitz egiten hasi ginen, eta ez zegoen adostasunik edukietan. Esan genuen, “bada, behintzat adostu dezagun prozesua”, edo, komatxo artean esanda, egin dezagun desadostasunaren kudeaketa adimentsu bat. Abstentzioa emango dizuegu, testatu dadila eraginkorra den edo ez. Eraginkorra baldin bada ez daukagu ezer esateko, baina ez bada, jarri dadila beste lege proposamen bat martxan, guk uste dugun parametroetan. Eta beste parametrorik ez dago, Katalunian eta Galizian dagoen eredua dago. Legea gure parametroetan aurrera ateratzea nahiko genuke, baina momentu honetan aldeko 27 baino ez dauzka, eta 48 kontra. Saiatu behar dugu ahalik eta jende gehien erakartzen gure legearen ingurura. Orain, gutxienez, gure lege proposamena bizirik dago, zeren eta akordiorik ez balego dena bertan behera geratuko litzateke.
Ez zegoen erdibiderik?
Bai, bazegoen. 2025eko martxoan gure proposamena aurkeztea eskaini genion EAJri. Zentzu gehiago zeukan elkarrekin aurkezteak, egoeraren irakurketa antzekoa egiten genuelako. Itxaroteko eskatu ziguten eta bitartean PSE-EErekin hitz egiten hasi ziren. Gure proposamena erregistratu egin genuen eta gero etorri zen EAJren proposamena. Ondoren, guk beste proposamen bat egin genion, alegia, zuzenketa gehituta, progresibotasun indizea sartuta. EAJri, PSE-EEri eta Sumarri proposatu genien. Ez ziguten erantzun.
"Guk garbi daukagu helburua, paradigma aldaketa bat egon behar du, baina oraindik EAJren bueltan ez da hori ikusten"
Inork ez?
Ez. Oraindik erantzunik gabe dago. PSE-EErekin zebiltzan negoziatzen, gu denekin geunden harremanetan, baina negoziaziorik hasi gabe. Harremana moztu zutenean, EAJk guregana jo zuen, abstentzioa eskatu ziguten musu-truk. Esan genien hori ez zela serioa eta serio hitz egiten hasi ginen. Bigarren bileran erdibideko bat proposatu genien, beraienetik abiatuta. Haien ereduan ahuleziak ikusten genituen eta horiek hobetzeko aldaketak proposatu genizkien: atzera egiteko arriskua egon daiteke eta aurrera egiteko obligazio batzuk jarri beharko lirateke, geroratzea mugatu egin behar da, eta langileak euskalduntzeko epe batzuk jarri behar dira, bestela gerta daiteke ez euskalduntzea. Horrez gain, eta hau nahiko berritzailea da, EAJk dio administrazio bakoitzak autonomia izan behar duela eta guk esan genuen, “euskara administrazioan erabilera normaleko hizkuntza dela erabakitzen duten administrazioei, bakoitzari, eman diezaiogun lanpostu guztietan bi hizkuntzak nahitaezkoak izateko aukera”.
Alegia, zuen proposamenaren oinarria, bi hizkuntzak nahitaezkoak izatea, hainbat administraziotan ezartzeko aukera egotea?
Hori da. Baina ez zuten ikusten, oso argi zeukaten beraien proposamenari eutsi nahi ziotela. Beraz, akordiorako zegoen aukera bakarra hori zen, sekuentziala: abstenituko gara, eta ez badu balio izan segurtasun juridikoa emateko, beste lege proposamen bat jarriko dugu abian, gure parametroetan.
Lege-aldaketa honek balioko du oldarraldi judizialari aurre egiteko?
Zalantzak dauzkat. Beraiek oso konbentzituta daude baietz. Beraien interpretazioa da derrigortasun indizea kentzen baldin badugu, epaileek ez dutela esan ahal izango gainditu egin duzula indizea edo muga, eta beraiek interpretatzen dute horrek aukera emango duela epaileen ebazpenak eta arbitrariotasuna ekiditeko. Eduki dezake logika. Epaileek derrigortasun indizeari begiratzen diote, baina ez beti, proportzionaltasun irizpideak erabiltzen dituzte. Adibidez, Irungo kasuan, esaten dute udaltzainak bikoteka badoaz batek jakitea nahikoa dela. Hor ez dago derrigortasun indizearen ingurukorik, eta beste sententzia askotan ere ez. Oldarraldiaren dimentsio guztiari erantzuteko ez du balioko. Pasatu diren jurista guztiek esan dute hori: Xabier Arzozek, Iñigo Urrutiak, Joan Ridaok, Alba Nogueirak…
Euskalgintza, oro har, kritiko agertu da egindako akordioarekin.
Normala da. Sindikatuek lan dezente egin dute azken hilabeteetan gure proposamenaren oinarriak bultzatzen, baina kontua da ez dagoela gehiengorik gure proposamenak aurrera egiteko. Gutxienez bide bat ireki dugu gure proposamena bizirik mantendu dadin. Kooperazio gune bat sortu dugu EAJrekin, konfiantza espazio bat sortzeko, eta orain ezin baldin bada, hemendik epealdi batera posible izan dadin. Guk garbi daukagu helburua, paradigma aldaketa bat egon behar du, baina oraindik EAJren bueltan ez da hori ikusten. Lan bat egin behar da EAJkoak, eta baita alderdi sozialistakoak ere, horra ekartzeko.
Euskalgintzaren Kontseiluak esan du lehen urratsa izan daitekeela, baina urrun dagoela. Nik ere hala uste dut. Dena den, denoi dagokigun kontua da, horrelako prozesuetan gizarte mobilizazio sendoa behar da, zenbat eta euskalgintza eta euskararen aldeko militantzia potenteagoa izan, horrek ahalbidetzen dizu negoziazioetan eta akordioetan indar gehiagorekin aritzea.
"Zenbat eta euskalgintza eta euskararen aldeko militantzia potenteagoa izan, horrek ahalbidetzen dizu negoziazioetan eta akordioetan indar gehiagorekin aritzea"
Testuingurua ikusita, oldarraldia, larrialdi linguistikoa… Eraginkorra ez baldin bada suertatzen, hiru urte ez al da asko aldaketak egiten hasteko?
Hiru urte ez lirateke izango, ez dago itxaron beharrik. Epai zerrenda kontsolidatua baldin badago eta hainbat administraziotan eragin baldin badute, ikusiko da ez duela funtzionatzen, eta beste prozesua aktibatu beharko da, zeren bestela ez gara ari erantzukizunez jokatzen. Dena den, lehenengo urtean zaila izango da, lege proposamena indarrean jarri eta dekretua martxan jartzerako urtebete pasatuko da.
Gerta daiteke EH Bilduk ondorioztatzea proposamen berriari heldu behar zaiola eta EAJk ez?
Gerta daiteke, eta horretarako egongo da bakoitzarekin talde tekniko bat, baina uste dut errealitateak berak erakutsiko digula, bistakoa izango da. Lanpostu publikoak betetzeko deialdia atera eta bertan behera gelditzen bada, beste udal batean berdin, hurrengoan berdin... Uste dut adierazleak nahiko zehatzak direla anbiguotasun gehiegirik ez egoteko.
PSE-EEri eskainiko diozue prozesura batzea?
Soluzioaren parte izan beharko luke. Harreman ona daukagu, baina egia da momentu honetan muturreko posizioetan dagoela. Leuntzen saiatu beharko dugu. Guk esaten diogu bere alderdiak Katalunian, Balear Uharteetan eta Valentzian proposatzen duena proposatzen dugula, eta gainera malguagoa da gurea. Zein da aldea? Hemen horrela zergatik jokatzen duten azaldu behar dute.
Gonbidatu al dituzue batzordera?
Oraingoz hau EAJren eta EH Bilduren arteko akordioa da. Bestelako akordioetarako eta arkitektura juridikoko aldaketetarako ona litzateke alderdi sozialistak parte hartzea.
Zuk EH Bilduren proposamenerako bidea egitea aipatzen duzu, baina EAJk esan du beste proposamen bat dela, ez EH Bildurena.
Kontua ez da norena den. Ez da gurea. Estrategia juridiko bat da. Momentu honetan konstituzionalki kontsolidatuta dagoen bakarra Katalunian eta Galizian dagoena da. Beste proposamen bat ekartzen baldin badute aztertuko dugu. Are gehiago, Kataluniako Estatut-aren kontra jarritako 31/2010 sententzia famatuan esaten da legezkoa eta konstituzionala dela lanpostu guztietan katalana eskatzea, eta gure akordioaren bosgarren puntuan argi esaten du proposamen berria lantzerakoan oinarritzat hartuko direla bi hizkuntza ofizial dituzten beste autonomia erkidegoetako ereduak, adibidez Kataluniakoa edo Galiziakoa. Uste dugu segurtasun juridikoa ematen duela arau bezala ezartzeak lanpostu guztietan bi hizkuntzak eskatzea, eta gainera euskara gaztelaniaren pare jartzeko printzipioa funtsezkoa da.
Horretara lehenago edo geroago iritsiko gara. Hori da orain dagoen bataila, bai administrazio publikoan, bai hezkuntza sisteman. Gatoz paradigma batetik non euskaldunoi hizkuntza eskubide batzuk aitortzen zaizkigun: telebista kate propioa, hezkuntzan lerro propioa, hizkuntza eskubideak administrazioan… herri baten gutxiengoari nolabait aitortzen zaizkion eskubideak dira eta epaileek diote honaino bai, hemendik aurrera ez. Beste paradigma batera pasatu behar dugu: euskarak izan beharko luke zentraltasuna eta lortu beharko genuke herritar guztiek bi hizkuntzak jakitea, administrazioan langile guztiek, hezkuntzan euskara ardatz izango duen eredu bakarra…
Aro berria, pizkundea… jauzia hori da, paradigma aldaketa. Oldarraldiaren atzean dagoen ideia hori da, argi ikusten dute, zergatik doaz administrazioaren kontra, hezkuntzaren kontra? Hizkuntza normalizazioaren bi zutabe inportanteenak izan dira.
"PSE-EEri esaten diogu bere alderdiak Katalunian, Balear Uharteetan eta Valentzian proposatzen duena proposatzen dugula, eta gainera malguagoa da gurea. Zein da aldea? Hemen horrela zergatik jokatzen duten azaldu behar dute"
Euskaraz gaindiko arrazoiek zenbaterainoko pisua izan dute akordioa sinatzeko? Eusko Legebiltzarreko argazkiari eman zaio garrantzia: gobernua zatituta eta abertzaleak batuta.
Legegintzaldiaren bi urte hauek blokeka izan dira, esklusio dinamikan. Gure proposamen guztiak sistematikoki alboratuak izan dira. Pasatu zait Gipuzkoako Batzar Nagusietan gauza bat adostu EAJrekin eta legebiltzarrean horri berari ezezkoa bozkatzea. Dinamika antzua zen eta uste genuen horrelako akordio bat inportantea zela dinamika horiek puskatzeko. Horrelako akordio batek ere laguntzen du pedagogia egiten, ikusteko bestelako akordio batzuk ere posible direla, eta konfiantza sortu beste alderdi batzuekin. Zenbaterainoko pisua izan duen? Bilatu ditugu akordioak esandako dinamika puskatzeko, baina momentu honetan, batez ere beharretik sortu da, bi proposamenen aurrean lur errea gera ez zedin aukera bat irekitzeko.