Parkera edo erosketetara mugikorrik gabe ateratzea, lagunekin egingo dugun plana pantailarik gabeko arnasgune izan dadin adostea gainerako familiekin, etxekoekin otorduak errespetatzea (pantailak erabili gabe), oporretarako helburu kuantifikagarriak jartzea… Proposamen dekalogo bat da, helburu argiarekin: oporrez gozatzea, pantailen menpekotasunetik aske.
Irungo Txingudi ikastola publikoko Altxa Burua taldeak jarri die erronka eskolako gurasoei (albistearen bukaeran erronka osorik ikusgai). Altxa Buruaren kanalera atxikitu diren gurasoei bidali diete, baina guraso guztiei helarazten zaien ikastetxeko zirkularrean ere joan da.
Aurrez, hiru astetako lanketa egin nahi izan dute eta informazioa bidali diete guraso guztiei, pantaila kontsumoari lotuta dauden erabilera-datuen, arriskuen eta gomendioen berri ematen, adinaren araberako informazioarekin (Haur Hezkuntzatik hasi eta DBH amaieraraino).
Ondoren iritsi da datozen opor egunetarako erronka: “Baietz pantaila kontsumoa murriztu!”. Mezuan diotenez, etxe bakoitzak egokitu dezala dekalogoa bere ohitura eta erritmoetara, “baina izan dadila denontzat erronka, mugikorrek, bideo-jokoek eta orokorrean pantailek ez dezaten gure denbora guztia jan”.
"Erronka etxeko guztientzat da, ez bakarrik haur eta gazteentzat. Helduon pantaila kontsumoa zuzenean dago lotuta gure seme-alabek egingo duten pantaila kontsumoarekin"
Hamar puntuko erronken artean proposatzen dute, besteak beste, mugikorraren jakinarazpenak isiltzea, etxera iristean denen mugikorrak “aparkatzeko” txoko bat ezartzea, etxean pantaila erabiltzeko ordutegia ezarri eta espazioak adostea (“bakoitza zer kontsumitzen dabilen jakiteko modu onena da espazio partekatuetan aritzea”), otordu eta lo orduetan deskonektatzea… eta azken puntuan, oharra: “Erronka etxeko guztientzat da, ez bakarrik haur eta gazteentzat. Helduon pantaila kontsumoa zuzenean dago lotuta gure seme-alabek egingo duten pantaila kontsumoarekin, ikerketek eurek frogatu dutenez”.
Oporren ondoren, erronkan parte hartu dutenek izandako esperientziak, zailtasunak eta alternatibak partekatzea da asmoa.
