Opor luzeen mitoa eta ikasgelako errealitatea: irakasleon lan karga eta babesgabetasuna


2026ko apirilaren 20an - 11:39
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Aste Santuko oporrak igaro berri, berriro piztu da irakasleon lan-baldintzen eta oporren inguruko zurrunbiloa. Gizartearen iruditerian, gure lana txirrinak jotzean hasi eta azken ikaslea ateratzean amaitzen da. "Opor asko dituzue", entzuten dugu etengabe, gure lana pribilegio hutsa balitz bezala. Baina, ikasgelako ateak ixtean, hezkuntza sistemaren errealitate gordin eta isila hasten da guretzat: paperak, pantailak eta egunerokotasunari aurre egiteko ezintasuna.

Azken urteotan, lan kargak muga jasangaitzak gainditu ditu. Zentzurik gabeko burokraziaren biktima gara; administrazioak datu-biltzaile bihurtu nahi gaitu. Etengabe berritzen diren plangintzak elikatu, amaierarik gabeko formakuntzak egin eta bileretan orduak galdu behar ditugu, askotan benetako ikaskuntzarekin zerikusi gutxi duten gaietan.

Baina paperetatik haratago, ikasgelak inoiz baino konplexuagoak dira. Ezin dugu isilpean gorde egungo erronka handiena: bizikidetza. Ikasle batzuekin lan egitea izugarri zaila da. Jarrera oldarkorrak, errespetu faltak eta muga-gabetasuna gure eguneroko ogia dira, eta askotan irakaskuntza bera ezinezko bihurtzen dute.

Arazo larriena, ordea, ez da gatazka, sistemak duen baliabide eskasia onartezina baizik. Administrazioak bizikidetza-plan ederrak eskatzen ditu paperean, baina errealitatean, ikasgelako suteak guk bakarrik itzali behar ditugu, esku hutsik. Nola eskaini gainerako ikasleei behar duten arreta, energia guztia gatazkak bideratzen galtzen dugunean?

Gure oinarrizko bokaziora itzuli nahi dugu: irakastera eta bidelagun izatera. Baina horretarako, babesa, inbertsio erreala eta irakasteko denbora behar ditugu

Bereziki larria da egoera hau Bigarren Hezkuntzan. Nerabezaroa garai erabakigarria da; bertan jasotzen duten arretak (edo arreta faltak) betirako eragingo die euren ibilbidean. Gauzak ez badira ongi egiten garai honetan, hezkuntza-sistemak huts egiten badie garaiz esku hartzeko baliabiderik ez dagoelako, ondorioak bizitza osorako izan daitezke. Horregatik da hain arduragabea administrazioak zama guztia gure bizkar uztea. Ezin zaigu eskatu halako egoera konplexuei irtenbidea ematea, ez baikaude horretarako kualifikatuta; gu irakasleak gara, ez psikologoak. Prestakuntzarik gabe "suhiltzaile" lanak egitera behartzen gaituzte, eta, ondorioz, ezin dugu bete gure benetako funtzioa: kalitatezko hezkuntza eskaintzea.

Horrek dituen ondorioak bistakoak dira. Irakasleen artean estresa, antsietatea eta burnout-a eguneroko ogi bihurtu dira irakasleontzat. Baina okerrena da, estresak jota baja hartzean, gizartearen epai krudela jasotzen dugula: badirudi benetako motiborik gabe edo oporrak nahi ditugulako hartzen dugula (osasungintzako profesional batek emana den arren). Gizarteak ez du ikusten gure muturreko nekea, ezta higadura emozional eta fisikoa ere.

Min ematen duen arren, gainkarga honek gure arteko lankidetza ere pitzatzen du. Lankide batek baja hartzean, batzuetan gainerakoon kritikak ere jasaten ditu hutsune horiek geuk bete behar ditugulako ordezkoa iritsi bitartean. Gureak ez diren taldeetan sartzen gara, zaintza amaigabeetan, ordena mantentzeko helburu hutsarekin. Autoritate faltaz, sarritan zaintzaile soil bihurtzen gara egoera deserosoetan. Horrek frustrazioa areagotzen du, gure amorrua elkarrengana bideratuz, benetako erruduna administrazioa denean.

Egoera jasangaitz honen aurrean, bi bide zirriborratzen ari dira etorkizuneko irakasleengan: askok lana uztea erabakiko dute osasun mentalagatik; eta geratzen direnetako askok hipoteka ordaintzeko eutsiko diote, bokazioa itzalita. Hau da benetako drama: eskolak gero eta gutxiago beteko duela bere funtzioa.

Beraz, bada garaia administrazioak errotik esku hartzeko: pertsonak hezten ditugu, ez paperak. Benetako konponbideek baliabide gehiago eskatzen dituzte. Ratioak jaisteaz eta burokrazia desagerrarazteaz gain, profil berriak behar dira: ikastetxe bakoitzak psikologo bat izan beharko luke bertako ikasleen osasun mentala eta gatazka emozionalak artatzeko. Era berean, urgentziazkoa da gizarte-langilearen profila sortzea, familiekiko esku-hartzea eta askotan gainezka egiten diguten gizarte-arazo konplexuak modu profesionalean bideratzeko, zeregin hori gure bizkar utzi gabe. Irakasleak gara, ez terapeuta edo gizarte-hezitzaileak.

Gure oinarrizko bokaziora itzuli nahi dugu: irakastera eta bidelagun izatera. Baina horretarako, babesa, inbertsio erreala eta irakasteko denbora behar ditugu. Denon etorkizuna dago jokoan. Bitartean, ekaina amaieran oporraldia iritsiko zaigu.

Eneko Garcia Uriz, Nafarroako ikastetxe publiko bateko irakaslea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.