OMEk nazioarteko garrantzia duen osasun publikoko larrialditzat jo du azken ebola-agerraldia

  • Kongoko Errepublika Demokratikoan eta Ugandan Bundibugyo birusak eragindako agerraldiak direla eta, nazioarteko garrantzia duen osasun publikoko larrialdia adierazi du Osasunaren Mundu Erakundeak (PHEIC). Horrek esan nahi du larrialdi-maila ez dela iristen pandemia-arriskua izatera (IHR), baina beharrezkoak direla nazioarteko baliabideak eta koordinazioa, aurre egiteko.


2026ko maiatzaren 20an - 11:21
Azken eguneraketa: 12:58
Ebola agerraldi bat 2020an, Kongoko Errepublika Demokratikoan. OME
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Oraingoz, gutxienez, 88 hildako eta 250 kutsatu baino gehiago baieztatu dituzte Rwampara, Mongbwalu eta Bunia eremuetan; tartean, osasun-langileak ere bai. Osasun-agintariak arduratuta daude, kutsadurak adierazitakoak baino ugariagoak izan daitezkeelako. Izan ere, leku horietan larrialdi humanitarioko egoeran bizi dira, eta populazioa asko mugitzen da; hortaz, zaila da informazio zehatza izatea eta egoera kontrolatzea.

Gainera, uste dute Bundibugyo birusa dela agerraldiaren eragilea. Hori bereziki kezkagarria da, ebolaren aldaera horren kontra ez baitira eraginkorrak ebolaren aurka erabili ohi diren tratamenduak eta txertoak. Hain zuzen, ebolaren txerto eta antigorputzen bidezko tratamendu gehienak Zaireko ebolaren aurka garatu izan dira. Litekeena da babes partziala ematea Bundibugyo birusaren kontra, baina ez da ziurra. Hortaz, aurreratu dute ebolaren birus guztien kontrako txerto bat beharko litzatekeela.

Lehentasunak
Aldaera honen aurka ez dira eraginkorrak ebolaren kontra erabili ohi diren tratamenduak eta txertoak

Oraingoz, hauek dira lehentasunak: nazioarteko koordinazioa eta konpromisoa; larrialdiaren komunikazio zintzoa eta eraginkorra, lider erlijioso, tradizional eta tokikoen bitartez; komunitateen arauak kontuan hartzen dituzten prebentzio-neurriak; diagnostiko, kutsatuen jarraipen eta isolamendu seguruak; osasun-langileen prebentzio eraginkorra, babeserako ekipamendua eta baliabideak bideratuz; osasun-unitate bereziak ezartzea agerraldiak izan diren lekuetan; txertoen ikerketa azkartu; mugak zaindu, nazioartean hedatzea eragozteko; eta ehorzketa seguruak eta duinak.

Inguruko herrialdeei ere egin diete dei koordinatzeko, prebentzio-neurriak zorrozteko eta baliabideak bideratzeko. Agerraldia lehenbailehen kontrolatzea da xedea, gehiago hedatu baino lehen.


Osasuna kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.