Behe Banda

2026ko maiatzaren 4an - 09:55
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Olentzero maitea:

Badakit gutun honek ustekabean harrapatu zaituela, oraindik ez dela garaia eta akaso oporretan ibiliko zarela Mari Domingirekin Cabo de Gata edo horrelako toki epelago batean. Ez dudala adinik horrela ibiltzeko eta eskatzen dizudana lortzeko ezinezkoa dela. Baina zeharo etsituta nago. Olentzero, irailerako Donostian alokairu dezente bat nahi dut.

Azkenengo errekurtsoa da niretzat zuri idaztea baina toki guztietan saiatu naiz honezkero; sare sozial oro aztertu dut behetik gora eta goitik behera; etxe-agentzia mordoari idatzi diot; kaleetan eta fakultatean kartelak eskegi ditut… Elizara eta guzti joan nintzen baina heltzean apaizak esan zidan haiek ere tokiz aldatzen ari direla, auzokoa Blackstonek erosi duela cohousing bat egiteko.

Elizara eta guzti joan nintzen baina heltzean apaizak esan zidan haiek ere tokiz aldatzen ari direla, auzokoa Blackstonek erosi duela 'cohousing' bat egiteko

Ez ezazu pentsa, eskaintza bat edo beste topatu dut: “Hilabetean 500 euro eta gastuak aparte”; “400 euro gela partekatzeko”; “Argi gabeko soto bat sukalde gabe”… Ezagutzen al dakizu ohe beroen sistema? Non langileek, txandaka, ohe berdina partekatzen zuten txanda ezberdinak zituztelako? Ba, hori besterik ez da falta.

Aipatuko ez dudan, baina sobera ezaguna izango duzun web orri batean orduak eta orduak eman ditut. Arratsalde osoa galdu ostean, ezer topatu gabe, noski, une horretan otutzen zaidan sare sozialean sartzen naiz eta bertan torturak lasai askoan jarraitzen du. Irakurri behar dut etxeetako jabeek ez dutela negozioa egiten, jaberik gabe ez litzatekeela etxerik egongo (zezenketa gabe zezenik existituko ez litzatekeela dionaren logika bertsuaz) eta beste mila kontu. Erretolikak nire pazientzia agortzen duen arte, eta orduan kandela bat pizten dut baretuko nauelakoan.

Hau idazten dudan bitartean ordenagailuan irekita ditut zenbait leiho, egoera ikusita etxeaz gain lana ere bilatu behar dut-eta. Ikastea, lana, lagunak, familia… Produkziora mugatutako bizitza, produkziora eta kontsumora. Kapitala metatzera kondenatuak, eta deskantsatzeko: zulo bat. Eguzki argirik gabe, aire garbirik gabe eta ganorazko espaziorik gabe.

Gehiegi eskatzen nagoelako susmoa dut, badakit, baina zin dagit aurten ongi portatu naizela. Mesedez, faborez, arren: ez dut txondor azpian bizi nahi.


Etxebizitza eskubidea kanalean gehiago
2026ko otsailaren 18
Pribilegioa

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.