“Sabinek dio giroa astindu behar dela”

  • Unidas por la Libertad Lingüistica plataformako María Teresa Peralesek Sabin Zubirik berari esandakoak helarazi zizkien audio bidez taldearen Whatsapp taldeko kideei. 2025eko audio horretan, Peralesek azaltzen du Zubirik adierazi diola“zarata egin behar” dela, eta Euskara Denontzat elkartearekin hasiz geroztik, ez dela “hainbeste mugimendurik eta polemikarik egon gaiaren inguruan”.


2026ko martxoaren 13an - 06:00
Azken eguneraketa: 2026-03-14 08:51
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

2024an Hiztunen Berdintasunaren Alde-Unidas por la Igualdad Lingüística (HBA) plataforma sortu zuten Osakidetzako hainbat profesionalek. Whatsapp taldea sortu zuten urte berean. 700 kide inguru ditu eta lau administratzaile; María Teresa Perales da horietako bat. Perales CCOOren zerrendetan joan zen 2024ko Osakidetzako hauteskunde sindikaletan. 

2025eko ekainaren 6an, Peralesek audioa bidali zuen Whatsapp taldera, Gasteizko Legebiltzarraren aurrean HBA plataformak deitu behar zuen mobilizazio baten harira, taldekideei bertaratzeko animoak emateko asmoz, eta Sabin Zubirik bezperan esan zizkionak jasotzen ditu. Zubiri Euskara Denontzat, por un euskera sin barreras (barrerarik gabeko euskararen alde) elkarteko presidentea da, CCOOko euskara arloko arduradunetako bat ere, eta sindikatuaren erreferentzia nagusia euskara-eskakizunen alorrean.

Hauxe dio Peralesek audioan: “Atzo Sabinekin hitz egin nuen, eta esan zidan bezala: zarata egin behar da, asko lortu dugula iruditzen ez bazaigu ere. Berak lau edo bost urte daramatzala euskara inklusiboaren elkartearekin [Euskara Denontzat], eta ez dela izan hainbeste mugimendurik, polemikarik, gaiaren inguruan hainbeste hizketarik, gu plataformarekin hasi eta komunikatuak egin genituenetik: oihartzun handia izan zuen lehen komunikatuak, politikariei egin dizkiegunak, artikuluak, gutunak. Inoiz ez duela ikusi [euskara] profilekin hainbeste polemika hain jarraian, hainbeste hitz egitea. Eta hori, neurri batean, guk lortu dugula dio. Orduan, badakit egia dela adoregabetu egiten garela kontzentrazioan zortzi pertsona gaudela ikustean, baina, hala ere, hor gaude zarata egiten. Eta berak errepikatzen dit dena mugiarazi eta giroa astindu behar dela”.

Veiras: “Momentu ona da, epaitegiak gure aldeko sententziak ateratzen ari dira”

2026ko urtarrileko 16ko beste audio batean, María Isabel Veiras Mabel administratzaileak Errenteriako Udalean helegitea ipintzera animatu zituen Whatsapp taldeko kideak. Minutu batzuk lehenago helegitea aurkezteko interesa agertu zion Maider Garcíak ezezkoa eman zion azkenik Veirasi, eta bi egunetan –urtarrilaren 18an– amaitzen zen helegitea aurkezteko epea.

Honela dio audioan: “Uste dut une egokia dela [helegitea aurkezteko] epaitegiak ari direnean botatzen... ba hori, epaiak gure alde ateratzen. Une zehatza da denok buru-belarri murgiltzeko, inork ez du eskatzen epaiketetan edo ezertan sartzea, laguntza besterik ez da, lankidetza da, jendea da... ez pertsona bat bakarrik eta gauza batengatik, baizik eta ikus dezatela taldea garela. (...) Eta horretarako oso une ona da gauden hau. Eta paralizatuen orain zaudete... Orduan, hori. Berriro esango dizuet:[lanpostuan] pixka bat airean zaudeten pertsonak zarete interesatuenak. Eta komeniko litzaizueke. Gero ez du balio kexatzeak, ez atsekabeek, ez istorioek”.



Veirasek ez zuen lortu helegitea aurkeztuko zuen beste inor, eta berak soilik jarri zuen.

 

OHARRA

Ikerketarako baliagarria izan daitekeen informaziorik jakinarazi nahi izanez gero, idatzi salaketak@argia.eus helbidera


2026ko martxoaren 18
Betikoak

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.