IKERKETA | Errenteriako Udalaren lan deialdia euskararen aurkako talde antolatu batek sabotatu du

  • Errenteriako Udalak martxoaren 2an jakinarazi du 25 administrari lanpostu betetzeko Lan Eskaintza Publikoko (LEP) deialdia “eteteko” erabakia hartu duela, herritar batek euskara eskakizunen aurkako helegitea aurkeztu eta gero. Helegitea aurkeztu duen herritarra Osakidetza barnean antolatutako Unidas Por la Libertad Lingüística plataformako kidea da, eta plaza finkoa du Osakidetzan. Enpleguan interesik izan gabe ere, helegiteak aurkezteko prest zeuden herritar gehiagoren bila aritu zen plataforma, besteak beste, doako abokatua eskainita. Hori guztia frogatzen duten mezuak eta audioak eskuratu ditu ARGIAk.


2026ko martxoaren 10ean - 05:30
Azken eguneraketa: 18:53
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Duela urte eta erdi, 2024ko azaroan, Grupo Unid@s por una Exención Lingüística Real taldea sortu zuten Osakidetzako hainbat langilek. 2025eko ekainean aldatu zuten izena; ordutik, Hiztunen Berdintasunaren Alde-Unidas por la Igualdad Lingüística plataforma (HBA) dira. Haien webgunean zera irakur daiteke: “Osasun arloko 685 kideko profesional talde bat gara, eta 1.927 sinadurarekin, bat egin behar dugu euskararen hizkuntza-eskakizunen politikari buruzko kezka sakona adierazteko”.

HBAk bi elkarretaratze deitu ditu Osakidetzan euskara eskakizunak murriztea eskatzeko; bilerak egin ditu alderdi politikoekin; baita Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariordearekin ere; eta plataforma gisa, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean azaldu dituzte beraien aldarrikapenak, besteak beste.

HBAk Whatsapp talde bat sortu zuen 2024an (erreportaje hau osatzeko unean, kanalak 722 kide ditu). Taldeak lau administratzaile ditu, eta haiek bakarrik bidal ditzakete mezu idatziak eta audioak. Horietako bat Mabel izeneko erabiltzailea da. Komunikabide honek frogatu ahal izan duenez, Mabel gisa aurkezturiko pertsona María Isabel Veiras Nogueira da, Errenteriako Udalaren LEParen aurka helegitea aurkeztu duen herritarra. ARGIAk Whatsapp talde horretan partekatu diren hainbat eduki eskuratu ditu.

Errenteriako Udalaren lan deialdia

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak, 2025eko azaroaren 18an, Errenteriako Udalaren LEPa argitaratu zuen, 25 administrari lanposturentzat. Aurkeztu ahal izateko baldintzetako bat euskararen ezagutza zen: C1 maila eskatzen zen.

Urtarrilaren 2an, LEParen informazioa bidali zien Mabel Veirasek HBAren Whatsapp taldeko kideei, hau da, Osakidetzako profesional horiei, eskatzeko aurkez zitezela Errenteriako Udalaren lan deialdira, nahiz eta lanpostua eskuratzeko inongo interesik ez izan. Helburu zuten deialdia atzera botatzea. Veirasek zioen:

  • “Ikusi dezakezuenez, jada ez dute bigarren hizkuntz eskakizuna (B2 maila) galdegiten, zuzenean C1era pasatu dira. Onartuko dugu?”.
  • “Bada norbait taldean Batxilergoa duena, eta C1a ez den mailaren bat duena?".
  • “Izena eman eta helegitea jarriko duen norbait beharko litzateke, ez da beharrezkoa azterketara joatea ere. Izena emateko azken eguna urtarrilak 7 da. Helegitea aurkezteko azken eguna, urtarrilak 18”.

Taldearen mezu horiek guztiak, jatorriz gaztelaniaz, azpian irakur daitezke.

Urtarrilaren 13an, Maider García gisa aurkeztu zen pertsona batek Veirasi mezu bat igorri zion Whatsappetik. Garcíak azaldu zion atzerritik heldu berria zela, eta Errenteriako LEPean izena eman zuela, baina ez zekiela azterketa egingo zuen ere, besteak beste, 2. hizkuntz eskakizuna (B2 maila) zuelako, eta ez C1 maila. Garcíak esan zion HBAren ekimenaren berri izan berri zuela, eta pentsatzen ari zela helegitea aurkeztea.

Veirasen lehenbiziko erantzuna: “Olee! Ba oso ondo dator zure egoera LEP hori atzera bota eta B2 baino gehiago eskatu ez dezaten”. Hurrengo hiru egunetan, helegitea aurkezteko epea agortu arte, ia 100 idatzizko mezu eta audio trukatu zituzten. ARGIAk bi pertsona horien arteko mezu eta audio trukea ere eskuratu du.

“Ez da [lanpostuan] interesa dudalako, badut plaza ospitalean”

Veirasek García animatu zuen helegitea aurkeztera, azaldu zion berak ere egingo zuela, eta ez enplegua xede: “Nik inpugnatuko badut ez da interesa dudalako. Nik plaza badut jada ospitalean”. Elkarrizketan zehaztu zion, gainera, plaza finko hori eskuratu duela inongo euskara profilik izan gabe.

Garcíak hainbat zalantza eta beldur agertu zizkion Veirasi, helegitea aurkeztu edo ez erabakitzerako orduan, eta Veirasek horiek argitu zizkion banan-banan.

“LEPa atzera botatzea iskanbila handia litzateke niretzat, ezta?”, galdetu zion Garcíak. Azaldu zion beldurra ematen ziola “arazo” batean sartzeak, eta galdetu zion, baita ere, ea bere izena publikoki azalduko litzatekeen nonbait. Veirasek esan zion ez izateko beldurrik, “eskutik” joango zirela, berak ere deialdia inpugnatuko zuelako. Aurrerago, audio batean, zera esan zion Veirasek: “Ea, zuk uste duzu ni, plaza finkoa izanda, horrelako katramila batean sartuko nintzatekeela?”.

"Zenbat eta gehiago hobe", eta "abokatua dohainik da"

“Ni bakarrik nintzateke [helegitea aurkeztuko lukeena], edo besteren batek ere egingo luke?”, galdetu zion Garcíak. Veirasek azaldu zion une horretan Veiras bera eta bere “lagun bat” zeudela prest, baina helegitea aurkeztuko lukeen ahalik eta jende gehien lortu nahi zutela.

Idatziz: “Zenbat eta gehiago hobe”. Zein audio bidez: “Inongo euskara mailarik ez duten pertsonak, Bigarren Hizkuntza Eskakizuna dutenak, Batxilergoa eta eskatzen dituzten gauza horiek dituztenak, eta ez dituztenak. Hau da, pixka bat denetarik, mistoa”.

“Epaiketara joan beharko nuke? Abokatua ordaindu beharko nuke?”, galdetu zion Garcíak Osakidetzako HBA plataformako kideari. “Abokatua dohainik da. Eta epaiketarik ez dago. Anonimoa da”, erantzun zion Veirasek.

Azkenean, beraz, Osakidetzan plaza finkoa duen Veirasek soilik aurkeztu zuen helegitea, ez beste inork. Errenteriako Udalak martxoaren 2an jakinarazi du 25 administrari lanpostu betetzeko Lan Eskaintza Publikoko deialdia “eteteko” erabakia hartu duela, herritar batek euskara eskakizunen aurkako helegitea aurkeztu eta gero.

Veirasen bertsioa

ARGIA Veirasekin harremanetan jarri da ikerketa honen informazioaren inguruko bere bertsioa jasotzeko. Veirasek onartu egin du helegitea jarri duela, hori egiteko “beldur” den jendea “laguntzeko”.

Ukatu egin du, ordea, helegitea aurkeztu zuen unean Osakidetzan plaza finkoa zuenik. “Ni ez nintzen Osakidetzako langile finkoa; nik, zorionez, plaza sinatu berri dut”. Komunikabide honi hainbat aldiz errepikatu dio lanpostu finkoa urtarrilaren 8an sinatu zuela, eta hori frogatuko lukeen dokumentazioa bidaltzeko prest azaldu da. Edonola, García eta Veirasen arteko elkarrizketak ondoren hasi ziren, urtarrilaren 13an, eta Veirasek Garcíari hauxe esan zion: “Ea, zuk uste duzu ni, plaza finkoa izanda, horrelako katramila batean sartuko nintzatekeela?”. Osakidetzak, bestalde, abenduaren 12an onartu zuen 2042/2025 ebazpena. Ebazpenak hainbat langileren plaza finkoaren berri ematen du, tartean Veirasena. Ebazpen hori urtarrilaren 5ean argitaratu zen EAEko aldizkari ofizialean. 

Horrez gain, Veirasek ARGIAri adierazi dio abokatuari boterea urtarrilaren 8aren aurretik eman ziola, hau da, bere esanetan, artean Osakidetzan lanpostu finkoa ez zeukanean. Baina ARGIAk dokumentu hori eskuratu du: dokumentuaren sortze data urtarrilaren 15ekoa da, 22:51etan, eta Veirasek boterea egun beretik aurrera ematen dio.

Bestalde, Veirasek ukatu egiten du bera edo HBA plataforma Errenteriako Udalaren LEParen aurka helegitea jarriko zuten pertsonen bila aritu direnik. “Gu ez gara jende bila aritzen, guri jendea etortzen zaigu [laguntza bila], ezberdina da”. ARGIAk galdetu dio ea 700 pertsona baino gehiagoko elkartearen Whatsapp taldera helegitea aurkezteko eskaera bidaltzea ez ote den jende bila aritzea, eta Veirasek ezetz erantzun du. Berak edo plataformak gehiagotan berdin jokatu duten galdetuta, ezetz erantzun du.

“Nik ez dut ezer euskararen aurka, euskara onartu behar da, gure kulturaren parte da”, azpimarratu nahi izan du Veirasek solasaldiaren amaieran. “Baina errespetatu dadila araudi linguistikoa, zeren eta oso txarto pasatzen ari den jende asko dago”.

OHARRA

Ikerketarako baliagarria izan daitekeen informaziorik jakinarazi nahi izanez gero, idatzi salaketak@argia.eus helbidera


2026ko martxoaren 18
Betikoak

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.