Errenteriako Udalaren lan deialdiaren sabotajea antolatuta zegoela eta Osakidetzako Unidas por la Libertad Lingüística plataformak ardura zuzena izan duela frogatzen duten mezu eta audioak argitaratu ditu ARGIAk Nor dago euskararen aurkako oldarraldiaren atzean? ikerketaren lehenbiziko artikuluan. Baina plataforma eta plataformako kideak ez dira arduradun nagusiak izan. Helegiteak aurkezteko doako abokatua Euskara Denontzat elkarteak ordaindu zuen, eta operazio guztiaren pertsona gakoetako bat Sabin Zubiri izan zen. Zubiri CCOO sindikatuko erreferentzia nagusia da euskara-eskakizunen alorrean, eta Euskara Denontzat elkarteko presidentea ere bada. “CCOOk ondo ezagutzen du egiten ari garena”, dio Errenteriako LEParen aurkako helegitea aurkeztu zuen Osakidetzako langile finkoak mezu batean. ARGIAk lotura horiek guztiak frogatzen dituzten mezuak eta audioak eskuratu ditu.
Azken urteotan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan euskara eskakizunen aurka aurkeztu diren helegite gehienen atzean, modu publikoan batzuetan, baina itzaletik bestetik, CCOO dagoela salatu dute hainbat sindikatu, euskalgintzako eragile eta euskaltzalek. Baina hori ukatu egiten du sindikatuak.
Esaterako, 2025eko martxoan, Berria-ko iritzi-artikulu batean, EAEko CCOOko Lan Osasun, Ingurumen eta Euskara idazkari Alfonso Riosek salatu zuen “CCOOri ez dagokion protagonismo bat” leporatzen diotela “pertsona eta kolektibo jakin batzuek” aipatu sententzietan, “hamaika aldiz gezur bera errepikatuta egia bihurtuko balitz bezala”. Eta ziurtatu zuen: “Azkenaldian parametro hauetan atera diren 23 sententzietatik lau bakarrik izan dira CCOOren errekurtsoak. Gehienak langileek abokatu pribatuekin egin dituzten errekurtsoak izan dira. Euren lanpostuak arriskuan ikusi dituzten pertsonek beren burua babestea erabaki dute”.
CCOOren esanetan, hortaz, “euren lanpostuak arriskuan ikusi dituzten pertsonek” aurkeztu dituzte helegiteak, “abokatu pribatuekin” –beren poltsikotik ordaindutako abokatu pribatuak, ondorioztatzen da–. ARGIAren ikerketak baieztapen horiek auzitan uzten ditu.
Oldarraldiaren inguruko ikerketaren lehenbiziko artikuluan argitara ekarri dugunez, Osakidetzako Hiztunen Berdintasunaren Alde-Unidas por La Libertad Lingüística (HBA) plataforma eta bertako kide María Isabel Veiras Mabel Errenteriako Udalaren LEPa sabotatzeko antolatu ziren. Lanpostuan ez zuten inongo interesik, are gehiago, Veirasek aurkeztu zuen helegitea, eta plaza finkoa du Osakidetzan. Euskara eskakizunak atzera botatzeko asmoa zuten.
Ekintzan protagonismoa izan zuen plataformako beste arduradunetako batek, María Teresa Peralesek. Aurreko artikuluan kontatu moduan, Maider García izenarekin aurkeztu zen herritarrak helegitea aurkezteko prestutasuna agertu zion Whatsapp bidez Veirasi urtarrilaren 13an. Egunean bertan, Veirasek Peralesekin zuzenean hitz egitea proposatu zion: “Hobeto azalduko dizu dena”.
Baina Veiras, Perales eta HBA plataforma ez ziren sabotaje euskarafoboaren arduradun printzipalak. Horrela aitortu zion Veirasek berak Garcíari bi egun geroago, urtarrilaren 15ean, audio batean: “Niri gehiago kostatzen zait adieraztea eta dena azaltzea. Sabinek, Euskara Denontzat elkarteko kideak, hau guztia eramaten duenak, bikain azalduko dizu dena. Zure telefono zenbakia eman ahal diot deitu zaitzan, eta dena azalduko dizu?”.
Sabin Zubiri, Euskara Denontzat eta CCOO
Sabin Zubiri Reyri buruz ari da Veiras. Zubiri presidentea da Euskara Denontzat, por un euskera sin barreras (barrerarik gabeko euskara baten alde) elkartean. Elkartea 2022ko irailean aurkeztu zuten Bilbon, eta, estatutuetan dioenez, “Euskadiko hizkuntza-politikari buruzko eztabaida oinarri pluralistekin sustatu nahi duen taldea” da.

Euskara Denontzat elkarteko presidente izateaz gain, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako CCOO sindikatuaren erreferentzia nagusia da Zubiri euskara-eskakizunen alorrean. Esaterako, berak eman ohi ditu hedabideetan CCOOren helegiteen ondorioz atzera bota diren euskara eskakizunen azalpenak.
Osakidetzako langile eta HBA plataformako kide Peralesek eta Veirasek ere harremana dute CCOOrekin, ARGIAren informazioaren arabera. Perales CCOOren zerrendetan joan zen 2024ko Osakidetzako hauteskunde sindikaletan. Veirasek, batetik, mezu batean idatzi zuen CCOO sindikatuak HBA plataformaren lana eta Veiras bera Errenteriako auzian egiten ari zena “ondo ezagutzen” zuela. Eta bestetik, mezu berean eta jarraian, bera “sindikatuta” dagoela zehaztu zuen.
Doako abokatua, Euskara Denontzatek jarria
Veirasen proposamena onartu eta Zubirirekin harremanetan jartzeko prest azaldu zen Maider García. Zubirik Euskara Denontzatek egiten duen lana laburbildu zion mezu bidez: “Hitzaldiak antolatzen ditugu, artikuluak idazten ditugu, eztabaidetan parte hartzen dugu, eta hizkuntza-eskakizunen arazoengatik laguntza legala eskatzen digun jendea orientatzen dugu”.
Jarraian, elkartea Errenterian egiten ari zena azaldu zion Zubirik: “Kasu honetan pertsona bat gurekin harremanetan jarri zen Errenteriako administrarien LEParen aurrean zerbait egin genezakeen ikusteko. Eta Errenterian egiten ari zirena (...) beste abusu bat iruditzen zaigunez LEP garrantzitsu/historiko batean (25 plaza), elkartetik gure burua eskaini dugu abokatu bat bilatu eta kostua gure gain hartzeko, baldin eta norbaitek errekurtsoa jarri nahi badu eta C1 profila ez badu”. Audio bidez ere antzeko azalpena eman zion:
Baina Zubirik HBArekin duen harremana ez da Errenteriako LEPera mugatzen. 700 kide baino gehiago dituen HBAko Whatsapp talde orokorrean administratzaileek hainbat aldiz aipatu dute bere izena, asko laguntzen dituela adierazita: informazioa helarazten, idatziekin laguntzen, elkartearen izen aldaketarekin...
“Sabin, beti laguntzen didana”, adierazi zuen Peralesek audio batean. 2025eko otsailean, beste audio baten bidez, Peralesek esan zuen Euskara Denontzat elkartea laguntzen ari zitzaiela HBAko kideei, besteak beste, Vocento taldeko egunkarietan artikulu bat argitaratzen: “Sabinen elkarteko kide batek, Euskara Denontzaten dabilen kazetari batek, El Correo-ko mutil batekin hitz egin behar zuen. Batzuetan berarekin biltzen da. Galdetuko zion ea interesatuko litzaiekeen gure artikulua argitaratzea”. Argitaratu zieten artikulua. Vocentok urteak daramatza euskararen aurkako edukiak zabaltzen, eta oihartzun handia eman die, besteak beste, CCOOren, HBAren edo Euskara Denontzaten ekimen eta diskurtsoei.
CCOO, jakinaren gainean
2024ko irailean, Osasun Itunaren prozesua abiatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Hainbat lantalde osatu ziren, horietako bat Pazienteen eta profesionalen hizkuntza eskubideak izenekoa. CCOO sindikatuak Zubiri bidali zuen ordezkari gisa, eta HBA plataforman poz handia hartu zuten. Horrela mintzatu zen Perales plataformaren Whatsapp taldean 2025eko martxoko audio batean: “Mutil horri [Zubiri] CCOO sindikatuak eskatu dio bera joan dadila Pazienteen eta profesionalen hizkuntza eskubideak lantaldera. Oso albiste ona da. Hor barruan Sabin [Zubiri] egonda, buf, primeran, informazio zuzena izango dugu-eta”.
Garcíak bere aita CCOO sindikatuko kidea zela adierazi zion HBAko Veirasi, eta galdetu zion ea ez ote zen logikoagoa, Zubiri ere sindikatuko kide izanik, helegitea CCOOk aurkeztea, eta ez herritar anonimoen bidez egitea. Horrela erantzun zion Veirasek: “CCOOk ondo ezagutzen du egiten ari garena, informatu ahal zaituzte nola egin dugun Sabinek eta nik, baina beste gauza batzuekin ari dira [CCOOn], nahiz eta babesten gaituzten. Ni ere sindikatua nago, baina hainbeste gauza daude konpontzeko, non oraintxe bertan... Nik atzo eman nizkion boterea eta datuak Euskara Denontzateko abokatuari. Nahi baduzu, erakutsiko dizkizut bidali nion dokumentazioa eta eman nion boterea, eta ahaztu egingo naiz. Haiek arduratuko dira”.

Zubiriren bertsioa Errenteriako auziaz
ARGIA Zubirirekin harremanetan jarri da astelehenean, ikerketa honen informazioaren inguruan esateko daukana jasotzeko. Baieztatu du bai bera eta bai Euskara Denontzat elkartea Errenterian helegitea aurkezteko jende bila aritu direla, baita abokatua ordaindu izana ere: “Bai, ez dugu ezer ezkutatzeko”. Bere esanetan, lan deialdian interesa zuen pertsona bat Euskara Denontzatekin harremanetan jarri zen, baina “ez zen ausartzen” helegitea bere izenean aurkeztera eta horregatik bilatu dituzte beste pertsona batzuk. “Aurkezten ziren beste pertsona batzuekin ere kontakturen bat izan genuen”, azaldu du, baina izena eman zutenen artean ere ez zuten lortu helegitea jarriko zuen inor.
Elkarteak Errenteriaren moduko helegite gehiago antolatu dituen galdetuta, honakoa erantzun du: “Ez. Elkarte gisa behin bakarrik egin dugu hori”. Hala ere, azpimarratu nahi izan du: “Prest gaude Errenterian bezala helegitea jartzeko beldurra duen edonor laguntzeko, beti ere Eusko Jaurlaritzaren hizkuntz eskakizunen dekretua urratzen bada deialdian”.
Zubiri eta Veirasen bertsioak CCOOren inguruan
Zubiri CCOOren erreferentziazko kidea da euskara eskakizunen alorrean. CCOOk Euskara Denontzatekin harremanik duen galdetuta, ziurtatu du: “Ez du inongo parte hartzerik elkartean”. Sindikatuak Errenteriaren moduko helegiteetan sindikatua jakinaren gainean egoten den edo nolabait parte hartzen duen galdetuta, hau izan da erantzuna: “Ez, inondik inora. Sindikatuak bereak kudeatzen ditu eta honek ez du zerikusirik sindikatuarekin”. Errenteriako demandatzaile Veirasen mezu bat duela azaldu dio komunikabide honek Zubiriri, zeinetan Veirasek ziurtatzen duen sindikatuak gertutik ezagutzen duela guztia: “Hori guztiz gezurra da”, adierazi du.
Veirasi ere galdetu dio ARGIAk Errenteriako helegitea aurkezteko prozeduran CCOOk parte hartzerik izan duen, edo jakinaren gainean egon den. “Ezertarako ez”, erantzun du. Berak idatzitako eta kontrakoa dioen mezuagatik galdetuta –“CCOOk ondo ezagutzen du egiten ari garena, informatu ahal zaituzte nola egin dugun Sabinek eta nik”–, adierazi du: “Hitz horiek ez ditut nik esan”. Mezu berean “sindikatuta” dagoela idatzi zuen Veirasek. CCOO sindikatura afiliatuta dagoen galdetuta, ukatu du ez soilik ez dela sindikatu horretako kidea, baizik eta beste inongo sindikaturena ere: “Ez nago sindikatuta”.
Ikerketarako baliagarria izan daitekeen informaziorik jakinarazi nahi izanez gero, idatzi salaketak@argia.eus helbidera