Administrazioan ezinbestekoa eta hezkuntzan irakas-hizkuntza, “justizia linguistikoaren eta gizarte kohesioaren” alde

  • Urtarrilaren 30ean Balear Uharteetako, Kataluniako eta Valentziako CCOO sindikatuko federazioek topaketa bat egin zuten Valentzia hiriburuan, Proposta integral per les llengües pròpies i cohesió social (Berezko hizkuntzen eta gizarte-kohesioaren aldeko proposamen integrala) izeneko dokumentua aurkezteko. Dokumentuak sarreran jasotzen duenez, proposamenak “estatuko hizkuntza koofizialak dituzten lurraldeetan eleaniztasun marko orekatua ezarri nahi du”. Zehazten du helburua dela “asimetria historikoa gainditzea”, hizkuntza ofizial guztiak “esparru guztietan funtzionalki baliokideak” izan daitezen. Estatuko hizkuntza gutxitu guztientzako proposamena dela adierazi dute, euskara barne. Herrialde Katalanetako CCOOren hiru federazioek hizkuntzak ulertzeko duten marko ideologikoa eta proposatzen dituzten neurri zehatzak, Hego Euskal Herriko CCOOko federazioek bultzatzen dituztenen erabat kontrakoak dira.


2026ko martxoaren 14an - 08:45
Azken eguneraketa: 2026-03-15 21:11
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Dokumentuaren lehen puntuak hiru federazioen “ikuspegia” jasotzen du, gutxitutako hizkuntzen “erabileraren garrantzia gizartean eta lan esparruan” azpimarratuta: “CCOOren ustez, lantokietan eta bizitza sozialean norberaren hizkuntzak erabiltzea ez da soilik kultura kontua, langile klasearen eskubideen ardatz nagusia baizik”. Gutxitutako hezkuntzak “integraziorako erreminta” dira hiru federazioen ustetan. “Bere erabilera sozialak segregazioa saihesten du, eta langile guztiek, jatorria edozein dela ere, bizitza demokratiko eta sindikalean bete-betean parte hartzea ahalbidetzen du”. Administrazioan oro har, “eta bereziki hezkuntzan eta osasungintzan”, hizkuntza propioaren erabilera “funtsezko” elementua da “kalitatezko arreta hurbila bermatzeko”.

Eleaniztasuna aldarrikatzen du dokumentuak, zehaztuta: “Eleaniztasuna ez da soilik hizkuntzak jakitea, baizik eta hizkuntza erabiltzeko gaitasuna”. Eleaniztasun hori lortzeko hizkuntza gutxituen aldeko “interbentzio aktiboa” defendatzen dute, “hizkuntza propioen egiturazko minorizazioa konpentsatzeko beharragatik, ziurtatuz haien koofizialtasun estatusak berekin dakarrela gaztelaniaren pareko komunikazio-erabilera”. Izan ere, “gaur egungo desabantaila estatuaren minorizazio jarduera historiko baten ondorio da, bereziki Frankismo garaian”, eta gaztelaniak “hegemonia funtzionalari” eusten dio, “ikuspegi pasibo batek zuzentzen ez duena”. Ekintza aktiboa “funtsezkoa” da, “hizkuntza erabiltzeko eskubidea berau osoki bizitzeko aukera erreal bihur dadin”. 

"Eleaniztasuna ez da soilik hizkuntzak jakitea, baizik eta erabiltzen jakitea"; eleaniztasun hori lortzeko, hizkuntza gutxituen aldeko "interbentzio aktiboa" defendatu du CCOOk Herrialde Katalanetan

Neurri egiturazkoak eta berme legalekin

Helburu horietan aurrera egiteko hiru neurri zehatz jaso dituzte Balear Uharteetako, Valentziako eta Kataluniako CCOOren federazioek. Hiru neurri, zeinen aurkako jarrera aktiboa duten EAE eta Nafarroako CCOO Euskal Herrirako. Batetik, administrazio publikoan lan egiteko hizkuntza gutxituaren ezagutzak “ezinbesteko baldintza izan behar du, norbere hizkuntzan artatua izateko eskubidea bermatzeko”. Bestetik eta hezkuntza ereduen arloan, irakas-hizkuntza tokiko hizkuntza izatea, hizkuntza ofizial guztietan “gaitasun osoa” bermatuta. EAEko eta Nafarroako CCOO neurri horien aurka dago publikoki, eta ARGIAren ikerketak frogatu duenez, itzaletik ere ari da administrazioko euskara eskakizunak sabotatzen. Are gehiago, “inposizioarekin” eta “bazterketarekin” lotu ditu. Herrialde Katalanetako CCOO, ordea, are urrunago joan da: lan munduari begira proposatzen du “hitzarmen kolektiboetan hizkuntza gutxituen erabilera babesten eta sustatzen duten hizkuntza-klausulak sustatzea”.

Hiru neurri horiek estatuko edota erkidegoetako ordenamendu juridikoan jasotzea eskatzen dute hiru federazioek, Espainiako Konstituziotik hasita, zeinari 3.4 artikulu berria gehitzea proposatzen duten: “Estatuak eta erkidegoek oreka funtzionala bermatu behar dute, eta norberaren hizkuntzak berreskuratzeko konpentsazio-ekintza positiboko marko bat ezarri”.

Eskuin muturraren eta arrazakeriaren aurrean, hizkuntza gutxituak indartu

El Temps astekariak aipatu CCOOren hiru federazioetako arduradun banarekin hitz egin zuen Catalunya, País Valencià, illes Balears: CCOO articula un front comú pel català erreportajean.

Josep Lluís García, Balear Uharteetako CCOOren idazkari orokorra: "Egungo testuingurua kontutan hartu behar dugu: eskuin muturra zuzenean ari da eraso egiten bere ikuspegi uniformea auzitan jartzen dituzten identitate eta kulturei". Marc andreu, Kataluniako CCOOren Komunikazio, Kultura eta Ikerketa idazkaria: “Ezin dugu galdu hizkuntza heldu berrien integrazio sozialerako faktore bilakatzeko aukera”. Ana García, Valentziako CCOOren idazkari orokorra: “Proposamen honek balio behar du erreakzio gisa, eskuin eta eskuin muturreko alderdiak kohesio sozial eta linguistikoa apurtzeko egiten ari diren saiakeren aurrean”. García, berriz ere: “Proposamena ez da soilik katalan hizkuntza defendatzeko, baizik eta gaztelaniaz besteko Espainiako hizkuntza guztiak”.

Kontrastea harrigarria da: gurean, CCOOk euskararen aldeko politikak inposizioarekin, arrazakeriarekin eta esklusioarekin lotzen ditu; Herrialde Katalanetan, diskurtso hori soilik PP eta Voxena da, eta CCOOk hizkuntza gutxituen aldeko politikak –euskararen aldekoak barne– justiziarekin, antirrazismoarekin eta inklusioarekin lotzen ditu.


2026ko martxoaren 18
Betikoak

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.